Ireki menu nagusia

BizitzaAldatu

New Yorkeko Juilliard Akademian egin zituen ikasketak, eta 1960ko hamarraldian, Parisen, Nadia Boulanger musikologoaren ikasle izan zen. Parisko egonaldian ezagutu zuen orobat Ravi Shankar musikagile indiarra, eta orduan hasi zen haren musikarekin zaletzen. Haren eragina nabarmena da Glassen musikan, baina indiar musikaren osagaiak ez ezik, rock musikatik harturiko osagaiak, Afrikako musikarenak eta Ekialdeko musika klasikoarenak bateratu ditu bere obretan. Haren ustez musika-ikuskizuna ez da mugatu behar orkestrara; beste sentipen batzuk ere eragin behar ditu musika-ikuskizunak.

1960ko hamarraldiaren amaieran, Steve Reich, La Monte Young eta Terry Riley musikagileekin batera minimalismo izenez ezagutu den musika lantzen hasi zen Glass; harmonia soileko eta apenas bariaziorik gabeko musika-pasarteetatik abiatu eta pasarte horietan diseinuan eta erritmoan aldaketa txikiak sartuz, etengabeko errepikapenak egitea da musika-mota horren ezaugarri bereizgarria. Steve Reich eta Terry Riley izan dira, Ravi Shankarrekin batera, Glassen karreran eragin gehien izan duten musikagileak.

1964an 27 urte zituelarik, Parisera joan zen, garaiko konpositore abanguardista guztien irakasle izan zen Nadia Boulanger-ekin ikastera joan zen.

1968an, New Age mugimenduaren aitzindari nagusietakoa izan zen ganbera-musikako talde bat sortu zuen, The Philip Glass Ensemble, eta sarritan jo izan ditu teklatuak talde horretan. Diskoetxe bat ere sortu zuen, eta ondoko lan hauek eman zituen argitara: Music in Similar Motion and Music in 5ths (1973); Music in 12 Parts 1 eta Music in 12 Parts 2 (1974); North Star (1977); Solo Music (1978); Soho Music (1981). Bestalde, Einstein on the Beach (1976, Einstein hondartzan) opera sortu zuen Robert Wilsonekin, eta opera aipagarriak ditu, halaber, Satyagrama (1980), Mahatma Gandhiri buruzkoa, Akhnaten (1984); The Voyage (1992, Bidaia), Kristobal Kolonen aurkikuntza aipagai duena; eta, marrazki bizidunetako kontakizunetan oinarriturik, Orphée (1993, Orfeo); La Belle et la Bete (1994, Ederra eta piztia); eta Les Enfants Terribles (1996, Ume gaiztoak). Glass musika minimalistaren alorrean egindako lanengatik da, batez ere, ezaguna, baina ezin ahaztu daitezke zinemarako egindako soinu-bandak: Koyaanisqatsi dokumental abangoardista (1983); Mishima (1985); Candyman, adimenaren nagusitasuna (1992).

2002an The Hours filmarako egindako soinu-bandak jatorrizko musika onenaren saria jaso zuen BAFTA sarietan (Akademia Britainiarraren Zinema sarietan). Beste artista batzuen artean, Paul Simon, Linda Ronstadt, Yo-Yo Ma, eta Doris Lessingekin elkarlanean aritu izan da.

ErreferentziakAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Philip Glass