Pepetela
Artur Carlos Maurício Pestana dos Santos, Pepetela ezizenez ezaguna, (Benguela, 1941eko urriaren 19a) Angolako idazlea da.
Pepetela | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Artur Carlos Maurício Pestana dos Santos |
Jaiotza | Benguela, 1941eko urriaren 19a (82 urte) |
Herrialdea | Angola |
Hezkuntza | |
Heziketa | Lisboako Unibertsitatea Technical University of Lisbon (en) Instituto Superior Técnico (en) |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, unibertsitateko irakaslea eta politikaria |
Lantokia(k) | Casa dos Estudantes do Império (en) |
Enplegatzailea(k) | Agostinho Neto University (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Haren lanak Angolako historia garaikideari eta Angolako gizarteak dituen arazoei buruzko gogoeta egiten du. Independentzia gerra luzean Pepetelak MPLArekin batera (Angola Askatzeko Herri Mugimendua) borrokatu zuen bere aberria askatzeko. Mayombe bere eleberriak gerra hartako gerrillari talde baten bizitza eta pentsamenduak irudikatzen ditu. Yaka liburuak, aldiz, Benguela hiriko familia kolonial baten bizitza azaltzen du mende batean zehar, eta A Geração da Utopia-k Angolan independentziaren ondoren egon zen desengainua erakusten du. Kolonialismoaren aurreko Angolako historia ere Pepetelaren lanen parte da, eta A Gloriosa Família eta Lueji liburuetan irakur daiteke. 2000ko hamarkadan idatzitako lanek Angolako egoera kritikatzen dute. Estilo satirikoa duten testuen artean Jaime Bunda izeneko polizia-eleberrien saila dago. Bere azken lanen artean daude, halaber, Predadores, Angolako klase menderatzaileen kritika gogorra, O Quase Fim do Mundo, alegoria post-apokaliptiko bat, eta O Planalto e a Estepe, Angolaren eta beste herrialde komunista ohien arteko loturak aztertzen dituena. Soziologian lizentziatua, Luandako Agostinho Neto Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko irakaslea izan da Pepetela.
Bizitza
aldatuPepetela Angolan jaiotako portugaldar jatorriko familia baten ondorengoa da. [1] Lehen hezkuntza bere hirian egin zuen eta gero Lubangora joan zen, Liceu Diogo Cão-ra. Klase ertaineko ingurunean hazi zen, baina oinarrizko eskola batean ibili zen hainbat arraza eta klasetako haurrekin. Pepetelak dio Benguela hiriak arraza guztietako angolarrak ezagutzeko aukera gehiago eman zizkiola. Nerabezaroan, kazetaria zen osaba batek ezkerreko hainbat pentsalari aurkeztu zizkion. Lubango lizeoan egin zituen urteetan, Pepetelak Noronha izeneko apaiz baten eragina ere izan zuen. Haren orientazio politikoa ere ezkertiarra zen. Kubako iraultzaren eta beste gertakari garaikideen berri eman zion.[2]
1958tik aurrera Lisboako Instituto Superior Técnicora joan zen ingeniaritza ikastera, baina 1960an Lisboako Unibertsitateko literatura ikasketetara aldatu zen. MPLAko aktibista bihurtu zen 1963an.
Gerra-esperientzia eta lehen lanak
aldatuPepetela militante bihurtu zenean Portugaletik ihes egin zuen Parisera eta, ondoren, Aljerren ezarri zen. Han ezagutu zuen Henrique Abranches, eta harekin lan egin zuen Angolako Ikasketen Zentroan. Zentro hau Pepetela gaztearen lanaren ardatz bihurtu zen hurrengo hamarkadan. Pepetela, Abranches eta beste batzuk Angolako kultura eta gizartea dokumentatzen eta MPLAren mezuak atzerrian zabaltzen aritu ziren. Arjelen egon zen garaian, Pepetelak bere lehen eleberria idatzi zuen, Muana Puó, Angolako egoera aztertzen zuen lana, Côkwes etniakoen maskarak metafora gisa erabiliz. 1969an Angolako Ikasketen Zentroa Aljertik Brazzavillera eraman zuten, Kongoko Errepublikara. Aldaketa honen ostean Pepetela portugaldarren aurkako borroka armatuan parte hartzen hasi zen.[3] Borrokan izandako esperientzia bere lan ezagunenetako baten inspirazio izan zen, Mayombe izeneko gerraren kontakizuna.
Pepetelaren lehen eleberria 1972an argitaratu zen, As Aventuras de Ngunga izenburuarekin. Unibertsitateko ikasleen publiko txiki batentzat idatzi zuen literatur lana izan zen.[4] Obran, Ngunga MPLAko gerrillari gaztearen hazkunde iraultzailea aztertzen du Pepetelak, tonu epiko eta didaktikoa erabiliz. Nobelak irakurleari Angolako ohiturak, geografia eta psikologia erakusten dizkio. Angolako tradizioaren eta ideologia iraultzailearen arteko elkarrizketa sortzen du Pepetelak, zein tradizio landu eta zein aldatu behar diren eztabaidatuz. As Aventuras Pepetelaren hasierako ibilbidea erakusten duen eleberria da, Angolarekiko maitasun sakona adierazten duena, eta baita herrialdearen historia eta kultura aztertzeko gogoa, izpiritu iraultzailea eta tonu didaktikoa erakusten dituena. Eleberria interesgarria da baita ere egilea Ekialdeko Frontean portugaldarrekin borrokan ari zela idatzi eta argitaratu zelako. Pepetelak Muana Puó eta Mayombe bere gerrilla-zerbitzuan idatzi bazituen ere, independentziaren ondoren argitaratu ziren.
1975ean, Angolaren independentzia lortzean, Pepetela Hezkuntza ministro-orde bihurtu zen Agostinho Neto presidentearen gobernuan. Egileak zazpi urtez bete zuen kargua eta 1982an erretiroa hartu zuen idaztera dedikatzeko.[5] Denbora horretan, Pepetelak Neto presidentearen laguntza izan zuen bere bi eleberri argitaratzeko, Mayombe barne.[6] Bere idazkera dibertsifikatu egin zen Angolako historia eta politika iraultzailea jorratzen zituzten bi antzezlan argitaratuz. 1970eko hamarkadan Pepetela Angolako Idazleen Batasuneko zuzendaritza batzordeko kide izan zen.
80ko hamarkadan argitaratutako lanak eta gobernutik irtetea
aldatuEsan bezala, Pepetelak hainbat eleberri argitaratu zituen Agostinho Netoren gobernuan egon zenean. Nobela horien artean, Mayombe da ezagunena. Eleberriak egilearen 1970eko hamarkadako gerrilla-bizitza irudikatzen du, eta bi mailatan lan egiten du; bata, pertsonaien pentsamenduak eta zalantzak aztertzen dituena, eta bestea, gerrillarien ekintzak ilustratzen dituena.
1982. urtearen amaieran gobernutik alde egin ostean, Pepetela idaztera dedikatu zen esklusiboki, eta bere lanik anbiziotsuena hasi zuen: Yaka. 1984an argitaratutako Yaka eleberri historikoa da, eta XIX. mendeko Benguelako portuges kolono familia baten bizitza aztertzen du. Pepetela ere Benguelako portugaldarren ondorengoa izanda, bere jatorria aztertzeko nahia ikus daiteke liburuan. Muana Puó liburuak bezala, Yakak Angolako objektu espiritual tradizionalak sartzen ditu bere narrazioan. Lehen eleberrian maskarak agertzen badira, Yaka liburuan egurrezko eskultura baten metafora erabiltzen du (yakak gerrara dedikatzen ziren gizarte antolaketa tradizionalak ziren). 1986an literatura sari nazionala irabazi zuen liburuak.
Hamarkada osoan zehar idazten jarraitu zuen. 1985ean O Cão e os Caluandas argitaratu zuen, Luandako biztanleek independentziaz geroztik bizi izan dituzten aldaketak aztertzen dituen eleberria. Nobela aipagarria da bere narrazioa egituratzeko alemaniar artzain txakur batek Luandan zehar egindako ibilaldia erabiltzen duelako, eta narrazio ahots anitzen erabileragatik ere bai.[7] 1989an Lueji argitaratu zuen, A Revolta na Casa dos Ídolosekin paralelismoak dituen lana, biek Angolako historia eta egoera garaikidea alderatzen dituztelako. Nobelak Lueji printzesa, Angolako historiako pertsonaia garrantzitsu bat, eta ballet garaikide batean Luejiren papera egiten duen dantzari bat uztartzen ditu. Eleberrian Pepetelak XVIII. mendeko Angolako historia birsortzen du, 1997ko A Gloriosa Família eleberrian XVII. mendearekin berriro egin zuen bezala.
1990eko hamarkada: Norabide literario berriak eta Camões saria
aldatu1990eko hamarkadan Pepetelaren idazkerak Angolako historiarekiko interesa erakusten jarraitu zuen, baina herrialdearen egoera politikoa ironia eta kritika handiagoarekin aztertzen hasi zen. Hamarkadako lehen eleberriak, 1992ko A Geração da Utopiak, Mayomben jada aztertutako arazo askori aurre egiten dio, baina independentzia osteko Angolaren errealitatearen ikuspegitik. Angolako gerra zibilak eta gobernuaren ustelkeriak zalantzan jarri zituen eleberri zaharrean aldarrikatzen ziren balio iraultzaileak. Ana Mafalda Leitek Mayomberen balio heroikoetatik oso urrun dagoen obra gisa deskribatzen du eleberria.[8] Hiru hamarkadatan zehar garatzen den liburuaren argumentua lau zatitan banatuta dago, eta bakoitzak XX. mendeko Angolaren alderdi garrantzitsu bat aztertzen du, besteak beste, zapalkuntza koloniala, askapen gerra, gerra zibila eta gerraren etenaldi laburra, 90eko hamarkadaren hasieran gertatu zena.
Hamarkadako hurrengo eleberriak, 1995ean argitaratutako O Desejo de Kianda liburuak, A Geração de Utopian erakutsitako desilusioa adierazten jarraitu zuen. Eleberriak errealismo magikoa erabiltzen du, Pepetelak oraindik asko erabili ez zuen estiloa. Nobelan Luandako hainbat eraikin erortzen dira, baina biztanle guztiek bizirik irauten dute. [9] Eraikinen kolapsoa 2001eko irailaren 11ko atentatuekin alderatzen duen saiakera batean, Philip Rothwellek idatzi du liburua "traizionatutako utopia baten erretratu sakon eta madarikatua" dela.[10] Hurrengo urtean egileak beste genero bateko eleberria argitaratu zuen, A Gloriosa Família. Lan honek Van Dúnem familiaren historia aztertzen du, holandar jatorriko familia nabarmena. Pepetelak urteak eman zituen Angolako flandiarren historia ikertzen eleberria idazteko. Lan honek ez du erakusten hamarkada honetako bere beste liburuen tonu ziniko eta desengainatua. Tonu epikoko eleberri historikoa da, errealismo magikoa ere erabiltzen duena.
Egoera politikoak okerrera egin zuen Angolan 1990eko hamarkadan zehar, eta Pepetelak gero eta denbora gehiago eman zuen Lisboan eta Brasilen. Hala, portugesez mintzatzen den munduan ospea lortu du. 1997an, Camões saria eman zioten bizitza osoan egindako lanagatik. Pepetela sari entzutetsu honekin saritua izan zen Angolako lehen egilea eta Afrikako bigarren idazlea izan zen. Sari hau jaso zuen egile gazteena ere izan zen. Bizitza politikoa utzi zuenean, Pepetela irakasle lanean hasi zen Luandako Arkitektura Fakultatean, soziologia irakatsiz. Inoiz ez du irakaskuntza baztertu, lanaldi osoko idazlea izaten jarraitzen duen arren.
2000ko hamarkada: satira eta horizonte arrotzak
aldatuPepetelak idazle oparo gisa jarraitu du 2000ko hamarkadan. Bere lanak ahots satirikoa bereganatu du Jaime Bunda izeneko eleberri sortan, hamarkada berriko Luandako bizitza satirizatzen duten detektibe liburuetan. Jaime Bunda, bere ipurdi erraldoiaren ondorioz horrela izendatua, James Bonden parodia da. Pertsonaia James Bonden filmeekin eta estatubatuar krimen eleberriekin obsesionatuta dago. Henighanen ustez, elementu hauek Angolaren azpigarapenaren adierazgarri dira.[11]
Bestelako liburuak ere argitaratu zituen hamarkada hartan Pepetelak. 2000. urtean A Montanha de Água Lilás argitaratu zuen, injustizia sozialen jatorria kontatzen duen haurrentzako liburua. 2005ean, Jaime Bunda liburuen arrakastaren ostean, Predadores argitaratu zuen, Angolako klase boteretsuei egindako kritikarik zorrotzena. Independentzia osteko Angolan kokatzen da eleberria, eta Valdimiro Capossoren bizitza kontatzen du, enpresaburu bihurtzen den funtzionario publikoa. Igor Cusack-ek protagonista mafioso hiltzaile bat bezala deskribatzen du, "antzeko marrazoen itsaso batean bizi dena". [12]
2007ko O Terrorista de Berkeley, Califórnia eleberria Estatu Batuetan gertatzen da, eta Angolarekin lotura gutxi du. Liburuak terrorismoari buruzko egungo jarrerak eta teknologia modernoak lantzen ditu. Bere hurrengo eleberria, O Quase Fim do Mundo, ariketa pertsonal gisa idatzi zuen. Zientzia fikziozko generoa ukitzen duen lana da, hondamendi batetik bizirik atera diren pertsonen erronkak erretratatzen dituena. 2000ko hamarkadako azken eleberriak, O Planalto e a Estepe, Moskun ikasten ari zirela elkar ezagutu zuten Angolako gizon zuri baten eta emakume mongoliar baten arteko harremana kontatzen du.
Lanak
aldatuNobelak
aldatu- 1972 — As Aventuras de Ngunga (Euskaraz: Ngungaren abenturak, 1996, Txalaparta)
- 1978 — Muana Puó
- 1979 — Mayombe
- 1985 — O Cão e os Caluandas
- 1985 — Yaka
- 1990 — Lueji
- 1992 — Geração da Utopia
- 1995 — O Desejo de Kianda
- 1997 — Parábola do Cágado Velho
- 1997 — A Gloriosa Família
- 2000 — A Montanha da Água Lilás
- 2001 — Jaime Bunda, Agente Secreto
- 2003 — Jaime Bunda e a Morte do Americano
- 2005 — Predadores
- 2007 — O Terrorista de Berkeley, Califórnia
- 2008 — O Quase Fim do Mundo
- 2008 — Contos de Morte
- 2009 — O Planalto e a Estepe
- 2011 — A Sul. O Sombreiro
- 2013 — O Tímido e as Mulheres
- 2016 — Se o Passado Não Tivesse Asas
- 2018 — Sua Excelência de Corpo Presente
Sariak
aldatu- Camões saria 1997an.[13]
- Galiziako PEN elkartearen Rosalía de Castro Saria 2014an.[14]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Pepetela anuncia lançamento de crónicas - Lazer e Cultura. Angola Press - ANGOP 20 de março de 2011.
- ↑ Laban, Michel. Angola: Encontro com escritores. Lisbon: Fund. Eng. António de Almeida, 1991. p. 778-782.
- ↑ Laban, Encontro pp.789-790
- ↑ Laban, Encontros p.773.
- ↑ Laban, Encontros p. 789
- ↑ Leite, Ana Mafalda. "Angola" The Post-Colonial Literature of Lusophone Africa. Patrick Chabal ed. Evanston, IL: Northwestern University Press, 1996. p. 117
- ↑ Martins, Renata. "Pepetela: O cão e os caluandas." Agosto de 2006. Nova Cultura. 21 de Novembro de 2009.<https://web.archive.org/web/20110719065823/http://www.novacultura.de/0608calus.html>
- ↑ Leite, "Angola" pp. 119-120.
- ↑ Cusack, Igor. "Pepetela." Historical Companion to Postcolonial Literatures: Continental Europe and Its Empires. Eds. Prem Poddar, Rajeev S. Patke and Lars Jensen. Edinburgh: Edinburgh UP, 2008. p. 486.
- ↑ Rothwell, Phillip. "Rereading Pepetela's O Desejo de Kianda After 11 September 2001: Signs and Distractions." Portuguese Studies. 20 (2004), pp. 195-207. p. 196
- ↑ Henighan. "Jaime Bunda" p. 141.
- ↑ Cusack, "Pepetela." p. 486.
- ↑ Prêmio Camões de Literatura. Brasil: Fundação Biblioteca Nacional.
- ↑ «O conselleiro de Cultura e Educación participa na entrega dos ‘X Premios Rosalía de Castro’ - Xunta de Galicia» www.xunta.gal.