Paulina Ódena García
Paulina Ódena García, Lina Ódena izenez ezagunagoa (Bartzelona, 1911ko urtarrilaren 22a - Cubillasko urtegia, Granada, 1936ko irailaren 14a) militante eta buruzagi komunista izan zen, milizianoa Espainiako gerra zibilean, Errepublikaren heroina.[1][2]
Paulina Ódena García | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Paulina Ódena García |
Jaiotza | Bartzelona, 1911ko urtarrilaren 22a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Granada, 1936ko irailaren 14a (25 urte) |
Heriotza modua | suizidioa |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, kazetaria eta milizianoa |
Kidetza | Nazioarteko Laguntza Gorria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Alderdi Komunista Kataluniako Gazteria Sozialista Bateratua |
Ibilbidea
aldatuHaurtzaroa
aldatuBartzelonan jaio zen 1911ko urtarrilaren 22an. Bere gurasoek jostundegi bat zuten Bartzelonako Eixample auzoan. Linak familiaren negozioan lagundu zuen nerabe bat baino ez zela, lehenik laguntzaile gisa, eta gero, jostun lanak egiten.[3]
Militante komunista
aldatu1931n, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri zenean, Konstituzio berriak herrialde honen historian lehen aldiz jaso zuen emakumeek politikan parte hartzeko eskubidea. Urte hartan bertan, Lina Ódena, ordurako Juventud Comunista - UJCE (Espainiako Gazteria Komunisten Batasuna) erakundeko kide zela, hamalau hilabetez Moskuko Eskola Marxista-Leninistan ikastera joan zen. Eskola hartan prestatu ziren etorkizunean Alderdi Komunistaren koadro politikoak izango zirenak, ikasitakoa zeinek bere herrialdearen berreraikuntzan aplikatzeko asmoz.[3]
Itzuli zenean, Partit Comunista de Catalunya (Kataluniako Alderdi Komunista) alderdiaren sorreran parte hartu zuen eta Espainiako Alderdi Komunistaren Buro Nazionalean ere parte hartu zuen, Kataluniako ordezkari gisa. UJCren III. Kongresuan ere egon zen Espainiako Alderdi Komunistaren Buro Nazionaleko kide gisa. 1933an, Kataluniako Gazteria Komunisten idazkari nagusi eta Errepublikako Parlamenturako hautagai izendatu zuten. Hauteskundeak, ordea, eskuinak irabazi zituen.[3]
1934ko urrian, CEDAko (Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa) kideak Gobernuan sartu zirenean, iraultza armatua gertatu zen, Asturiasen bi astez arrakasta izan zuena eta Katalunian Els fets del sis d’octubre (Urriaren seiko gertaerak, Kataluniako Estatuaren aldarrikapena) ekarriko zituena. Ódena fusila hartu zuen emakume bakarretakoa izan zen, Rabassada eta Sant Cugat errepideetako borroketan aktiboki parte hartuz. Mugimenduak porrot egin zuenean, Lina klandestinitatera igaro zen eta Socors Roig Internacional (Nazioarteko Laguntza Gorria) erakunde klandestinoaren kide izan zen. 1935eko abuztuan poliziak atxilotu eta fitxatu zuen Bartzelonan Asturiasko meatzarien umezurtzak ezkutuan hartu eta laguntza emateagatik.[3]
Hurrengo hilabetean, Linak Gazte Komunisten Nazioartekoaren Kongresuan parte hartu zuen. Biltzarra Danimarkan egin zen, eta bertan erabaki zen gazte komunistak beste gazte iraultzaileekin bateratzea.
Fronte Popularra
aldatu1936ko otsailean deitutako hauteskundeen aurrean, ezkerreko alderdi guztiak Fronte Popularrean elkartu ziren. Ezkerraren mobilizazioarekin bat eginik, Lina Ódena Madrilera joan zen, eta han lan-etapa berri bati ekingo zion: Dolores Ibarruri, Pasionaria, lagundu zuen Asturiasen, Madrilen, Sevillan edo Kordoban egindako mitinetan.[3] Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Bartzelonan parte hartu zuen gazte marxisten bateratzearen aldeko azken elkarrizketetan, apirilean Kataluniako Gazteria Sozialista Bateratuen (JSUC) sorrera ekarriko zutenak.
Espainiako Gerra Zibila
aldatuLina Almerian zegoen Espainiako Gerra Zibila hasi zenean. Hango borroketan aktiboki parte hartu zuen, batez Granadatik ihes egin zuten bi hegazkin-konpainia garrantzitsutako militarrekin batera. Handik egun gutxira, tokiko batzordeko ordezkari izendatu zuten. Kargu horren sinbolo gisa, Odenak egun hartatik hil arte harrotasunez eraman zituen abiazioaren hegoak bere miliziano-uniformearen gainean ikusgarri, agertzen den azken argazkiek erakusten dutenez.[4]
Odena milizianoen zutabe bateko kide izan zen, Granadatik ihes egindako hainbat abiazio-soldaduz eta Almeriatik zetozen marinelez osatua. Guadix eta, geroago, Motril hartzeko agindua eman zioten. Denbora horretan, bidaia labur batzuk egin zituen Madrilera eta Bartzelonara armak lortzeko, baina berehala itzuli zen Andaluziako frontera.[4]
1936ko irailaren 14an, Granadatik gertu, Cubillasko urtegiaren ondoan, Lina zeraman kotxe gidariak okerreko bidea hartu zuen bidegurutze batean, eta ezustean topo egin zuten kontrol falangista batekin. Etsaien preso ez izateko, Linak pistola atera eta bere buruaz beste egin zuen.[3]
Lina Ódenaren gorpua duela urte batzuk arte Granadako hilerriko 122. hobian egon zen, Baselizako Patioan; baina haren berri inork eskatu ez zuenez, hobi anonimo batera pasatu zituzten bere gorpuzkiak.[4]
Lina Ódena, herri-ikonoa
aldatu1936ko udan, milizianaren irudi heroikoa berehala bihurtu zen Espainiako herriak faxismoaren aurka egindako borrokaren sinbolo. Lina Ódena bezalako ekintzaile gazteak erresistentzia antifaxistaren pertsonifikazioa izan ziren gerrari buruzko kontakizunetan. Ódena JSUren, gazte mugimendu komunistaren, buruzagi ezaguna zen, eta Emakume Antifaxisten Batzorde Nazionaleko idazkari nagusia. Espainiaren hegoaldean borrokatu zen gerraren hasieran, eta 1936ko irailean bere buruaz beste egin zuen, Granadako frontean, Francoren Ipar Afrikako oste mairu beldurgarriek harrapatzeko zorian zela. Mary Nash, Rojas. Las mujeres republicanas en la guerra civil[5]
Lina Ódena frankismoaren aurkako herri-mobilizazioaren ikono bihurtu zen, Espainiako Gerra Zibileko lehen borroketan miliziano-lanetan parte hartu baitzuen. Emakume askorentzat eredu izan zen beren gizonezko kideen alboan borroka egiteko, lehenik langile-klasea antolatuz eta gero lubakietan, eta, hala, xx. mendearen lehen erdian emakumeei esleitu zitzaien zeregin tradizionala betetzeari uko eginez. Batailoi bat egon zen bere izenarekin.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Paulina Odena García | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Paulina Ódena García (Lina Ódena)» Dones de Centelles 2016-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
- ↑ a b c d e f «Lina Ódena Garcia». Diccionari Biogràfic de Dones. Barcelona: Associació Institut Joan Lluís Vives Web (CC-BY-SA via OTRS).
- ↑ a b c Pozo Felguera, Gabriel. (2018). «El grave error que condujo a la muerte a la ahijada de 'Pasionaria' en el Cubillas | El Independiente de Granada» www.elindependientedegranada.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
- ↑ Mary Nash, Rojas. Las mujeres republicanas en la guerra civil (Ed. Taurus, Madrid, 1999)
Bibliografia osagarria
aldatu- Martínez, Maria Teresa; Pagès, Pelai (arg.) (2000). Diccionari Biogràfic del moviment obrer als països catalans. Bartzelona: Edicions de la Universitat de Barcelona i Publicacions de l'Abadia de Montserrat, 987. or.
- Solà, Joan (2006). “Polítiques”. In: Godayol, Pilar (arg.) Catalanes del segle xx. Vic: Eumo, 329-347.or.
- Gascón, Antonio. "Lina Ódena: Recuperando la memoria colectiva para los más jóvenes." Colectivo Editorial Ka-os-en-la-red. http://www.sbhac.net/Republica/Personajes/Biografias/LinaOdena.htm [21/09/15ean kontsultatua].
- Moreno, Manuel. “1932 Creación del PCC. Un apunte histórico sobre el comunismo catalán y español” Federación Foros por la Memoria.https://www.foroporlamemoria.info/documentos/2004/avant_01052004.htm [21/09/15ean kontsultatua].
- Nash, Mary "Lina Ódena". Memoria republicana. Galería de grandes y pequeños héroes de la GCE. https://web.archive.org/web/20210915111239/http://www.sbhac.net/Republica/Personajes/Heroes/Heroes.htm [21/09/15ean kontsultatua].
- Puche, Ramón. “Las mujeres y la guerra civil”. https://comunistas.superforo.net/t18210-las-mujeres-y-la-guerra-civil-texto-de-ramon-puche-macia-publicado-en-el-ano-2000-en-historia-de-espana-la-guerra-civil-espanola. [21/09/15ean kontsultatua].
- Moreno, Manuel. Lina Òdena. Lluita de dona. De Barris. ISBN 9788493534288.
Kanpo estekak
aldatu- Pozo Felguera, Gabriel (2018) Lina Ódena García (1991-1936). El grave error que condujo a la muerte a la ahijada de 'Pasionaria' en el Cubillas. AGRMH-Asociación Granadina para la recuperación de la Memoria Histórica. [21/09/15ean kontsultatua].
- García, Jorge eta Maiques, Carlos. Lina Ódena. Palabras (de) mayores. De Barris. ISBN 97893534295.