Parisko Notre-Dame katedralaren sutea

Parisko Notre-Dame katedralaren sutea 2019ko apirilaren 15ean gertatu zen[1]. Sutea 18:51 inguruan hasi zen, Parisko Notre-Dame katedralaren atikoan[2]. Katedralaren orratz nagusia eta sabaiaren bi heren suntsitu egin ziren, eta elizaren barrualdeak kalte handiak izan zituen, goiko hormetan, leihoetan eta hainbat artelanetan.[3] Orobat, zenbait beirate lehertu egin ziren, nahiz eta, dirudienez, arrosa-leiho nagusia onik atera. Dena dela, sabaipeko harrizko gangak eragotzi egin zuen surik gehiena beheko katedralera zabaltzea. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri zuen kanpaina bat antolatuko dela dirua biltzeko, katedrala guztien artean berreraikitze aldera.[4]

Parisko Notre-Dame katedralaren sutea
Irudia
Map
Motastructure fire (en) Itzuli
Denbora-tarte2019ko apirilaren 15a - 2019ko apirilaren 16a
Iraupena15 h
KokalekuParisko Notre-Dame katedrala
HerrialdeaFrantzia
KausaZirkuitu-labur
Honen ondorioakutsadura
Pertsona hilak0
Pertsona zaurituak3
SuntsituakParisko Notre-Dame katedrala
Parisko Notre-Dame katedraleko xapitel
frame of Notre-Dame de Paris (en) Itzuli
Komunikabide
Hashtag#NotreDame eta #NotreDameCathedralFire

Testuingurua

aldatu

Parisko Notre-Dame (Parisko Gure Andrea) katedrala XII. mendean hasi zen eraikitzen, hargintza erabilita hormetan eta gangan, eta egurra dorre nagusietan eta orratzean. Orratz nagusia haritzez egina eta berunez jantzita zegoen, eta XIX. mendean ipini zuen Eugène Viollet-le-Duc arkitektoak, jatorrizko orratza 1786an kendu baitzen. 1991n UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen katedrala, “Paris, Senako bazterrak” eremuaren barruan.[5]

Azken urteotan katedralak higatze nabarmena erakutsi du, harrizko zenbait lan pitzatzen hasita. 2017ko uztailean, Philippe Villeneuve Frantziako Monumentu Historikoetako arkitekto nagusiak adierazi zuen “errudun nagusia kutsadura da”.[6] 2014an, Kultura Ministerioak kalkulatu zuen 150 milioi euro beharko zirela katedrala zaharberritzeko.

2016an, Parisko Artxibarrutiak dei bat egin zuen hurrengo bost-hamar urteetan 100 milioi euro batzeko, diru horrekin mantentze eta zaharberritze lanak ordaintze aldera. Sua piztu zenean, orratz nagusia ari ziren eraberritzen, 6 milioi euroko kostuarekin.[7] Hori zela-eta, altzairuzko aldamioak eraiki ziren teilatuen inguruan. Halaber, sua piztu baino egun batzuk lehenago, erretiratu egin ziren beren lekuetatik harrizko, kobrezko eta brontzezko estatua asko, orratz nagusiaren oinarria inguratzen zuten hamabi apostoluenak barne.[8]

Uste da sua piztu zela katedralaren atikoan, 18:51 inguruan, artean katedrala irekita zegoela turistentzat. Ordutsu hartan, 18:15 eta 19:00ak artean, meza bat zen hastekoa. Zenbait lekukoren esanetan, bat-batean katedralaren ateak itxi egin ziren, eta sabaitik ke zuria zabaltzen hasi zen. Kea beltz bihurtu zen, eta horrek erakusten zuen sutea gero eta handiagoa zela. Poliziak berehala ebakuatu zuen Île de la Cité delakoa, eta udalak itxi egin zuen uharterako sarbidea. Parisko alkate Anne Hidalgok perimetroa errespetatzea eskatu zuen Twitterren emandako mezu batean[9]. Jendea Senaren bazterretan eta inguruko eraikinetan bildu zen, zer gertatzen zen ikusteko.

Suhiltzaileen ahaleginak

aldatu

Parisko Suhiltzaileen Brigadako eledun batek adierazi zuen 400 suhiltzaile aritu zirela lanean katedraleko sua itzali nahian. Baztertu egin zen ura hegazkinetatik jaurtitzea, uraren pisuak eta indarrak katedralaren egitura ahuldu zezakeelako. Larrialdietako langileak saiatu egin ziren katedralean gordetzen ziren ahalik eta artelan eta erlijio-objektu gehien salbatzen. Dena dela, katedraleko eledun batek adierazi zuen artelan gehienak zaharberritze lanak hasi aurretik atera zirela, nahiz eta erlikia sakratu gehienak katedralaren sakristian egon. Oraindik ez dago garbi erlikia horiek salbatu ziren edo ez. Parisko poliziak jakinarazi zuen inor ez zela hil sutearen ondorioz, baina suhiltzaile bat eta bi polizia zauritu egin ziren lanean zebiltzala.

Kalteak

aldatu

Sua piztu eta ordubetera, katedralaren sabaia eta orratz nagusia, egurrezkoak eta berunez jantziak, suak irentsita zeuden, eta horrek eragin zuen dena gangaren gainean erortzea. Sutean erretako egur-egitura katedralaren “oihana” izan zen: hots, XII. eta XIII. mendeetan katedrala eraikitzeko moztutako 21 hektarea inguru haritzetatik lorturiko zutabe eta habeak. Egurrezko egitura horren gainean, 210 tona berun, xaflatan hedatuak, katedralaren teilatua osatzeko. Hain zuzen ere, berun urtuak arriskutsuago bihurtu zuen suhiltzaileen lana.

Garrek katedralaren goialdea inguratu zuten, kanpandorre biak eta dorre nagusia barne. Ondorioz, sabaia eta orratz nagusia erori egin ziren. Anne Hidalgo Parisko alkateak esan zuen sutea “ikaragarria” izan zela. Sua hasi eta ordubetera, zenbait adituk uste izan zuten eraikina erabat suntsituko zela. Katedraleko eledun batek adierazi zuen: “egitura guztia erretzen ari da, ez da ezer geratuko. Ikusteko dago ea gangak, zeinak babesten duen katedrala, kalterik jasoko duen edo ez”. Ordea, 23:15ak inguruan, funtzionario frantses batek jakinarazi zuen sutea ahuldu egin zela, eta “katedralaren dorre biak salbu daudela”. Laburbilduz, jatorrizko egitura, dorre biak barne, eta sabaiaren heren bat, kalterik gabe daude. Hala ere, suhiltzaileen kalkuluen arabera, teilatuaren 1.000 metro koadro kiskali ditu suak.[10]

Astearte goizean Franck Riester Kultura ministroak adierazitakoaren arabera, suak kaltetu egin zuen organoa. Hala ere, uste da bertako hodiak zutik daudela, eta horrek pentsarazten du posible izango dela organo osoa eraberritzea. Keak, bestalde, eta ez suak, hondatu bide ditu zenbait margolan. Uste denez, margolan horiek Louvrera eramango dira.

Zaharberritze-lanak hasi aurretik erretiratu ziren estatuez gain, jakin da suaren garretatik ateratako lehen objektuak izan direla arantzazko koroa (zenbaiten ustez Jesusek buruan eraman zuena gurutzean hil aurretik) eta San Luisen tunika.

Zenbait beirate lehertu egin ziren, nahiz eta, dirudienez, arrosa-leiho nagusia onik atera.

Iruditegia

aldatu

Ikerketa

aldatu

Sutea zerk eragin zuen argitzeko ikerketa abiatu du Parisko prokuradoreak. Lehen datuen arabera, sabaian piztu zen sua; berritze lanak egiten ari ziren zati horretan. Goizegi izan daitekeen arren, ikertzaileek “istriputzat” jotzen dute sutea, baina ezer ez da baztertzen.[11]

Astearte goizean Parisko polizia hasia zen katedraleko langileak elkarrizketatzen.

Oihartzuna nazioartean

aldatu

Parisko Notre Dame katedralaren sutea zuzenean ikusi zen ia mundu osoan, telebista-katerik inportanteenek zuzeneko luzeak egin zituzten-eta sutearen berri emateko. Sare sozialek ere berehala eman zuten hondamendiaren berri. Astearte goizean, bestalde, munduko egunkaririk nabarmenenek sutearen argazkiarekin ireki zuten, orrialde asko eskainita hondamenari. Frantziar herrian izugarrizko eragina izan zuen eta otoi abestiak egin zituzten.

Suteak nazioartearen arreta erakarri zuen, Notre Dame sinbolo ezaguna baita mundu osoan. Asko izan dira dolu mezuak egin dituzten agintariak: Donald Trump[12] AEBetako presidentea —“hegazkin zisternak” erabiltzea gomendatu zuen Twitter bidez—, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, Elizabeth II.a Ingalaterrako erregina, Frantzisko Aita Santua, Xi Jinping Txinako presidentea, Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Sadiq Khan Londresko alkatea, Carla Bruni abeslaria, Hillary Clinton politikaria[13], Neymar eta Mbappe futbolariak...

Berritze lanak

aldatu

Notre Dame katedralak ez du asegururik. Hortaz, Fantziako gobernuak ordaindu beharko ditu berritze lanak, bera baita katedralaren jabea. Horretarako, 50 milioi euro askatu ditu urgentziazko bilera batean. Parisko lurraldeak beste 10 milioi askatuko ditu, helburu berarekin.

Frantziako gobernuak diru publikoa eta diru pribatua erabiliko du katedrala berreraikitzeko. Zenbait enpresari frantsesek, hala nola Louis Vuitton-ek eta Bernard Arnault-ek, iragarri dute beren enpresek 200 milioi euro emango dituztela.[14] François-Henri Pinault-ek ere beste 100 milioi euro emango dituela esan zuen, guztiek helburu bera dutela; hau da, katedrala eraberritzea.[15] Patrick Pouyanne Total enpresako buruak ere 100 milioi euro agindu ditu bere enpresaren izenean. Nazioartean ere diru asko espero da biltzea helburu berarekin, erakundeek eta jendeak emanda. Sutearen biharamunean, bestalde, Emmanuel Macronek agindu zuen Frantziak bost urtean berreraikiko zuela erretako katedrala.[16]

Erreferentziak

aldatu
  1. CNBC. (2019-04-15). «Paris' Notre Dame Cathedral on fire» www.cnbc.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-15).
  2. (Frantsesez) Important incendie en cours dans la cathédrale Notre-Dame de Paris. 2019-04-15 (Noiz kontsultatua: 2019-04-15).
  3. (Ingelesez) Berria.eus. «Parisko Fiskaltzak dio ez dagoela zantzurik sutea nahita eragindakoa izan dela adierazten duenik» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  4. «The Latest: French leader vows to rebuild damaged Notre Dame» AP NEWS 2019-04-15 (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  5. (Ingelesez) «Fire breaks out at top of Notre Dame Cathedral in Paris» Independent.ie (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  6. (Ingelesez) «Notre Dame was undergoing $6.8 million renovation when massive fire broke out» www.cbsnews.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  7. (Ingelesez) Nossiter, Adam; Breeden, Aurelien. (2019-04-15). «Notre-Dame Cathedral in Paris Catches Fire» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  8. (Gaztelaniaz) País, El. (2019-04-16). «Incendio en Notre Dame, últimas noticias en directo | Los bomberos dan por extinguido el fuego en la catedral» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  9. (Frantsesez) Hidalgo, Anne. (2019T10:21). «Un terrible incendie est en cours à la cathédrale Notre-Dame de Paris. Les @PompiersParis sont en train de tenter de maîtriser les flammes. Nous sommes mobilisés sur place en lien étroit avec le @dioceseParis. J'invite chacune et chacun à respecter le périmètre de sécurité.pic.twitter.com/9X0tGtlgba» @Anne_Hidalgo (Noiz kontsultatua: 2019-04-15).
  10. «Parisko Notre Dameko sutea itzalita dago, suhiltzaileen esanetan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  11. «Notre Dameko sutea 'nahigabe' piztu zela uste du Parisko Fiskaltzak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  12. http://www.canalsur.es/noticias/mundo/reacciones-internacionales-de-preocupacion-y-tristeza-por-el-incendio-de-notre-dame/1420120.html
  13. https://www.hola.com/actualidad/20190416140714/reacciones-celebridades-incendio-notre-dame-gt/
  14. https://www.libertaddigital.com/internacional/europa/2019-04-16/louis-vuitton-encabeza-la-reaccion-del-empresariado-frances-para-la-reconstruccion-de-notre-dame-1276636744/
  15. «Donaciones para reconstruir Notre Dame: Arnault dará 200 millones y Pinault, otros 100» www.msn.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  16. (Ingelesez) Berria.eus. «Ikur baten zauriak sendatzera» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-17).

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Parisko Notre-Dame katedralaren sutea