Paleoamerikar edo paleoindiarrak Pleistozeno amaierako azken izotz-aroan Amerikako azpikontinenteetan sartu eta gero bizi izan ziren lehen gizakiei emandako izena da, Amerika osoaren populatzearen jatorrizko lehen taldea. "Paleo" aurrizkia grezierazko palaios (παλαιός / zahar) izenondotik dator, eta indiar, amerindiar eta amerikar hitzekin lotu ohi da adiera honetan.

Amerikako aztarnategi zaharrenak.

Beringiako isolamendua aldatu

 
Beringiaren mapa milaka urteko tarteekin.

Frogatua dago gizakiaren iritsiera Amerikara gertatu zela Eurasiaktik Bering itsasartea zeharkatuz, noiz eta hura uraz gaindiko lurralde zabal bat zenean ( Beringia ). Ehiztari-biltzaile talde isolatu txikiak izango ziren, seguruenik belarjale handien taldeekin batera migratu zutenak[1]. Hori noiz izan zen zehazteko, ikerketa genetikoek ematen dute pista; gutxienez lauzpabost immigrazio ezberdin egon zirela Siberiako garaiko jatorrizko herrietan sortuak[2], baina datu pare batek lehen jatorrizko une bat eta gerorako isolamendu eta botila-lepo bat iradokitzen dute: Batetik, Amerikako natiboen egungo DNA haplotalde mitokondrial guztiak jatorrizko bost ama-lerrotatik datoz, guztiek K.a. 18.000 eta 15.000 urte bitarteko arbaso komun bat zutelarik. Horrek esan nahi du garai honetan biztanleriaren botila-lepo bat gertatu zela. Era berean, ondoren isolamendu fase bat gertatu zela uste da, zeinean paleoindiar haiek, hegoaldera hedatu aurretik ere, Beringian egonik, Eurasiako populazioetatik isolatuta egon ziren[2].

Beringiatik hegoalderantz aldatu

Beringian paleondiarrak bertan nagusiki garatu ziten aroan, hego-mendebalderantz jotzeko ezintasun geografiko handi bat zegoen: Alaskako parte handi eta Kanada gehiena estaltzen zuen izotz kapa erraldoia, Laurentiar izotz-geruza (ikus mapa ondoan).

Traba hori gaindi zezaketen paleoindiarrek, ustezko bi migrazio bide poisibletatik, batetik Kanada erdian izotzean ireki zen duela 12.000 urteko pasabide posiblea (eztabaidatua), edo Amerikako Ozeano Bareko kostaldetik, izotzez libre ziren puntu batetik besterantz hegoalderantz eginez.

Aztarnategi zaharrenak aldatu

Aurkikuntza arkeologikoen arabera, K.a. 15.000 ingurukoak dira antzinatasunez, gutxienez.

19. mendean, amerikar natiboen jatorriari buruzko lehen ikerketa zientifikoak egin ziren Aleš Hrdlička txekiar estatubatuarra izan zen amerikar indigenak Bering itsasartetik Amerikara migratu zutela iradokitzen lehenetariko bat, baina milurte gutxiko kontua izan behar zuela pentsatu zuen. 1876an, Charles Abbott mediku eta arkeologo amateurrak tresna litikoak aurkitu zituen Delawaren, eta 10.000 urte zituzela kalkulatu zuen. Hrdličkak eta beste hainbatek ezinezkotzat jo zuten hori hasieran.

 
Folsom kulturaren hedapena Ipar Amerikan.

Geroago, Folsom (1908an) eta Clovisen (1932an) egindako aurkikuntza gehigarriek argi utzi zuten Ameriketako giza kokalekuen aroa Abbottsengandik hurbilago zegoela Hrdličkaren usteetatik baino. Erradiokarbonoko datazioarekin, argi geratu zen Clovisen aurkitutako gezi-puntak duela 12.900 eta 13.500 urte fabrikatu zirela. Antzeko itxura eta fabrikazio-metodoak aurkitu zituzten beste leku batzuetan Ameriketan, eta kultura honi Clovis kultura deitzen zaio harrezkero. Folsom izeneko kultura, ondorengoa dela ere ikusi da, duela 10500-6000 urte artekoa.

Clovis kulturakoak lehen paleoindiarrak izan zitezkeelako teoria zabaldu ondoren, 20. mende amaiera aldean, zalantzak sortu ziren zeren aztarnategi zaharragoak aurkitu izan dira. Estatu Batuetako Topperren, Brasilgo Pedra Furadan eta Mexikoko Tlacapoyan indsusketak egin dira, besteak beste, Clovis baino askoz zaharragoak direla uste da. Hiru adibide hauek eztabaidagarriak dira, baina 1997an argi geratu zen Txileko Monte Verdeko aztarnategia Clovis baino zaharragoa zela, mila bat urtez. Monte Verderen posizio eta garaiak egiten du posibleago Beringiatik itsasoko migrazio bidea, eta ez Kanada erdiko pasabidearena.

Megafaunaren desagerpena aldatu

Pleistozenoko fauna amerikarrarean megafauna izendatzen den animaliak nabarmentzen ziren; eta hauen desagerpena erregistro fosilean, edo beren azken aztarnak gizakiekin lotuta egotea da seinale bat paleondiarren iritsierarena (eta ugallketarena) Amerikako toki askotan.

Animalia horien artean belarjaleak bizi ziren, ekidoak bezala (Equus caballus), kamelidoak (paleo-llama eta guanakoakco), mastodonte eta mamutak, nagi erraldoiak (Megatherium eta Mylodon), Glyptodon armadillo erraldoiak, eta haragileak ere bai hala nola Smilodon (sabre-hortzdunak). Megafauna hau ia erabat desagertu zen kontinentetik Clovis garaian eta ondorengo milurte gutxietan; eta horretan aldaketa klimatikoek ere eragina izan zezaketela uste da[3].

Lehen paleoindiarren ondoren, beste batzuk aldatu

Amerikaren lehen populazio antzinako horien ondoren, Asiarekin nahasketa genetiko gehiago ere izan direla uste da. Erdialdeko eta Hego Amerikako indiarrek ez bezala, Ipar Amerikako bertako biztanleek argi erakusten dute Asiaren geroagoko eragina. Gutxienez bi migrazio bereiz daitezke. Lehenengoa Paleo-eskimalekin eta Na-Dené herriekin lotuta dago; bigarrena gaur egungo eskimo-aleutiar herrien arbasoekin. Na-Dené herriek ekialdeko Asiako osagai baten %10 inguru dute, ziurrenik paleo-eskimalen artean aurkitutakoaren antzekoa. Hala ere, elementu paleoindiar zaharragoak jarraitzen du nagusi izaten haien genoman. DNA ikerketek erakusten dute Kanadako Mendebaldeko kostaldeko indiar tribuek duela 10.000 urte jatorrizko biztanleen ondorengo direla[4]. ç

Guztiarekin, Hego Amerikan ere bada, ipar-eurasiar jatorrietatik aparte, melanesiarrekin, australiar aborigenekin eta andamandarrekin lotutako leinu baten presentzia txikia, baina estatistikoki garrantzitsua. Ikertzaileek populazio honi Y populazioa deitu izan diote (Ypykuéra hitzetik, arbaso tupi hizkuntzan). Seinale genetiko hau Amazoniako arroko herrietan bakarrik agertu da. Osagarri genetiko hau paleondiarren azpitalde batena, edo haiekin batera migratutako jendeena izan daitekeela uste da[2].

Erreferentziak aldatu

  1. Sonneborn, Liz. (2007). Chronology of American Indian history. (Updated ed. argitaraldia) Facts On File ISBN 0-8160-6770-8. PMC 70866951. (Noiz kontsultatua: 2022-01-19).
  2. a b c Skoglund, Pontus; Reich, David. (2016-12). «A genomic view of the peopling of the Americas» Current opinion in genetics & development 41: 27–35.  doi:10.1016/j.gde.2016.06.016. ISSN 0959-437X. PMID 27507099. PMC 5161672. (Noiz kontsultatua: 2022-01-19).
  3. (Gaztelaniaz) Criado, Miguel Ángel. (2016-06-17). «La megafauna se extinguió mucho después de que llegaran los humanos» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-21).
  4. (Ingelesez) «Study reveals 10,000 years of genetic continuity in northwest North America | Penn State University» www.psu.edu (Noiz kontsultatua: 2022-01-19).

Kanpo estekak aldatu