Olaetxea dorretxea (Altzola)

Dorretxea Altzolan (Elgoibar, Gipuzkoa)

Olaetxea dorretxea Elgoibarko Altzola auzoan dagoen eraikin bat da, gaur egun oso hondatua. Garai batean, dorretxe hau ermita, burdinola, biltegi eta errotaz osatutako multzo arkitektonikoaren parte izan zen.[1]

Olaetxea dorretxea (Altzola)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaElgoibar

Kokapena aldatu

 
Presa eta gaur egungo zentral elektrikoa; eskuinean dorretxearen aztarnak.

Olaetxea Altzolako auzunean kokatua dago, bilgunera iritsi aurretik eta Mixpilibar bihurgunea eta zubiaren artean.[2]

Izendapena aldatu

Gaur egun Olaetxea izenarekin ezagunagoa bada ere, Altzolakoa[3] ere esan izan zaio. Iturri batzuetan Andonaegi[4][5] bezala ere aipatu izan da, baina badirudi auzoko beste dorre desagertu baten[6] izenarekin konfusioa dela.[7]

Historia aldatu

 
Dorretxearen hiru hormen barruko ikuspegia.

Altzola garraio ontzien portu garrantzitsua izan zen Debara arte doan ibaiaren tartean. Ibaian behera etorrita, Olaetxea portu flubial honen lehen eraikina zen,[8] horko presak gorago joatea galerazten baitzuen.[9]

Olaetxe ondoko ermita "Kontzezio" Andra Mariari eskainia zegoen. 1860. urtetik aurrera ez zen kulturik egiten bertan, baina 1936ko gerra amaitu arte, ostegun eta ostiral santuko prozesioak bertaraino ailegatzen ziren. Ermita honen hormak etxe bat egiteko aprobetxatu ziren ("Kontzezionekoa"), 1953an errepidea zabaltzearekin batera bota zena. Ermita aspaldi desagertuta egon arren, errepide alboko harmoran itsatsia haren harrizko gurutze bat ikus daiteke.[10]

Pedro Perez de Castro margolariak Altzolako bainuetxean eginiko egonaldi batean dorrearen litografia bat egin zuen, "Castillo de Ondonayegui" izenburuarekin argitaratu zuena “Álbum de paisajes y vistas de España” izeneko seriean.[5]

Gaur egun, presaren ur-saltoa argi-indar elektriko zentral bat mugitzeko erabiltzen da.

Ezaugarriak aldatu

 
Dorrearen oinarriko zamaketa-arkuetako bat.

Eraikinaren hiru fatxadetako harmora sendo batzuk bakarrik kontserbatzen dira, teilatu barik. Hondakinek erakusten duten modura, dorretxea handia zen: sotoa, hiru solairu eta ganbara.

Oinplano karratua, harmoretan harlangaitzez eta eskantzu eta baoguneetan kareharrizko harlanduz eraikia zen. Eskantzuen goiko aldean dorretxeari nortasun handia ematen zioten garitoiak ditu.

Ekialdeko fatxadan, burdinola eta errotaren aztarnak ageri dira sotoan. Bertan, uraren irteeran tamaina handiko arku zorrotz bat ikus daiteke. Honen gainean, eskuin aldean eta ardatzean lau baogune dinteldun daude. Behekoa eta ganbarakoa antzekoak dira eta 2. eta 3. solairukoak berdinak. Fatxada horren ezker aldean eta arku zorrotzaren gainean harlanduzko hegalkin interesgarri bat dago hiru mentsuletan eutsia.

Ipar aldeko fatxadako sotoan, ibai alderantz irekitzen den erdi puntuko arkuz eraikitako atea erdi eroria dago, uretara jaisten den eskailerarekin. Ate arkudun honen behe aldeko ezker aldean leiho dinteldun txiki bat dago eta gaineko eskuin aldean pixka bat handiagoa den beste bat.[2]

Dorrearen oinarriak uretan daude, eta haien artean irekitzen dira zamaketarako ojiba-arku handi biak (bata ibaian gora, bestea behera)[4] eta korrontearen indarretik babesten duen kontra-horma bat.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. «Altzola - Elgoibarko Udala» www.elgoibar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  2. a b ARRIETA, Pello. 1996. Txokorik txoko, Olaetxea dorretxea. Barren aldizkaria, 1996-VI-21.
  3. ARRIETA, Pello. 1996. Txokorik txoko, Altzola. Barren aldizkaria, 1996-III-29.
  4. a b Amatiño. «Andonaegineko olaetxea» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  5. a b «ARTE PROCOMÚN - • El acuarelista y litógrafo Pedro Pérez de Castro.» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  6. Barren aldizkaria, 1996-06-07.
  7. Pello Arrieta Soraiz (komunikazio pertsonala, 2021-X-24): " Zalantzarik gabe, Olaetxea da dorretxe hori eta ez Andonaegi. Andonaegi zubiaren ondoan eta  ibaiaren eskuinaldean zegoen. 1953an edo bota zuten errepidea egiteko, sahiesbidea, ordura arte zubia igaro behar baitzen kosta aldera joateko".
  8. a b Azpiazu, José Antonio; Maiztegi, Xabier Elorza. (2009). «El trayecto fluvial Altzola-Deba» Itsas memoria: revista de estudios marítimos del País Vasco (6): 163–190. ISSN 1136-4963. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  9. Amatiño. «De Deba a Altzola, río arriba» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  10. ARRIETA, Pello. 1996. Txokorik txoko, Altzola. Barren aldizkaria, 1996-IV-12.

Kanpo estekak aldatu