Mycobacterium leprae Mycobacterium generoko bakterio patogenoa da, legenarra eragiten duena.

Mycobacterium leprae
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaActinomycetota
KlaseaActinomycetes
OrdenaMycobacteriales
FamiliaMycobacteriaceae
GeneroaMycobacterium
Espeziea Mycobacterium leprae
Hansen, 1874
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaklepromin (en) Itzuli
GaixotasunaLegenarra
Gram tindaketaGrampositibo

G. Aramauer Hansen sendagile norvegiarrak deskribatu zuen estreinakoz bakterio hori 1874an, legenarra zuten gaixoen ehunak aztertuz. Bere omenez, Mycobacterium lepraeri Hansenen baziloa ere deitzen zaio [1]

Ezaugarriak

aldatu

Mycobacterium leprae bazilo aerobioa da, itxura aldetik antza handia duena Mycobacterium tuberculosisarekin. Mycobacterium guztien antzera zelula horma berezia du, lipidoz eta argizariz betea. Horregatik, tindaketa berezia erabiltzen da mikroskopioan ikusi ahal izateko (Ziehl-Neelsen-ena, hain zuzen ere).

Mycobacterium tuberculosisaren antzera, Mycobacterium lepraek ere hazkuntza motela du; horregatik, legenarraren inkubazio epea oso luzea da.

Mikrobio hau zelula barneko parasito hertsia da. Horrek esan nahi du laborategiko hazkuntza-inguruetan ezin dela kultibatu [2]. Birusen antzera, hainbat animaliarengan inokulatzen da laborategian kultibatu ahal izateko (armadiloengan, batez ere). Hazkuntza-inguruetan hazteko ezintasun horrek bazilo horren biologiari buruzko ezaugarri asko ezagutzea eragozten du [3].

Patogenia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «legenar»
 
Legenarra munduan zehar (2003an)

Mycobacterium lepraek legenarra eragiten du. Historian zehar gaitz honek izurrite beldurgarriak sortu ditu mundu osoan, baina gaur egun Amerika, Afrika eta Asiako leku batzuetan besterik ez dirau aktibo. Izan ere, pobrezia da gaitzarekin lotutako faktore nagusia.

Legenarra pertsonen artean kutsatzen da, baina uste denaren aldean kutsapena ez da erraz gertatzen: kontaktu zuzena, intimoa, sarria eta iraunkorra behar da kutsapena gerta dadin [3].

Tuberkulosiaren baziloarekin gertatzen denaren antzera, legenarraren agerpena oso lotuta dago immunitate-sistemaren egoerarekin: pertsona immunogutxituek askoz errazago harrapatzen dute gaitza. Aldiz, erantzun immune egokia dutenek sintomarik gabeko infekzioak edo legenar arina izaten dituzte.

Mycobacterium lepraek erresistentzia garatu du antibiotiko askorekiko. Mikrobioa, hala ere, oso sentikorra da dapsonarekiko. Legenarraren tratamenduan hiru botika erabiltzen dira batera: dapsona, errifanpizina eta klofazimina, batez ere.

Erreferentziak

aldatu
  1. Hansen GHA (1874):Undersøgelser Angående Spedalskhedens Årsager (Investigations concerning the etiology of leprosy)». Norsk Mag. Laegervidenskaben 4: 1–88.
  2. Mc Murray, DN (1996): "Mycobacteria and Nocardia". Barons Medical Microbiology (4th ed) University of Texas Medical Branch
  3. a b Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 253-254 orr.

Kanpo estekak

aldatu