Mycobacterium tuberculosis

Tuberkulosia eragiten duen baziloa, R. Kochek aurkitua

Mycobacterium tuberculosis Mycobacterium generoko bakterio patogenoa da, tuberkulosia eragiten duena.

Mycobacterium tuberculosis
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaActinomycetota
KlaseaActinomycetes
OrdenaMycobacteriales
FamiliaMycobacteriaceae
GeneroaMycobacterium
Espeziea Mycobacterium tuberculosis
Zopf, 1883
Datu orokorrak
Gaixotasunatuberkulosia
Gram tindaketaGrampositibo

Robert Koch mediku alemaniarrak isolatu zuen estreinakoz 1882an, eta argi frogatu zuen tuberkulosiaren eragilea zela, akuriengan injektatuz infekzio hori sortzen zuelako. Kochek Medikuntzako Nobel Saria eskuratu zuen aurkikuntza horregatik, eta bere omenez Mycobacterium tuberkulosisari Kochen baziloa ere deitzen zaio.

Bakterio honen genoma 1998an sekuentziatu zen osorik [1]

Ezaugarriak

aldatu

Mycobacterium tuberculosis bazilo aerobioa da, eta ez da Gram tindaketarekin ondo tindatzen. Mycobacterium guztien antzera zelula horma berezia du, lipidoz eta argizariz betea. Horregatik, tindaketa berezia erabiltzen da mikroskopioan ikusi ahal izateko (Ziehl-Neelsen-ena, hain zuzen ere).

Mikrobio honek eskakizun nutritibo sinpleak ditu, amonioa eta glizerina erabiliz nitrogeno eta karbonoaren iturri gisa, hurrenez hurren [2]. Lipidoek eta gantz-azidoek haren hazkuntza areagotzen dute (sarritan lipido-iturri egokia gorringoa izanik).

Bestalde, Mycobacterium tuberculosis poliki hazten da laborategiko hazkuntza-inguruetan eta organismoaren barruan. Hori dela eta, tuberkulosiaren inkubazio epea luzea ohi da. Escherichia coliren aldean, esaterako (20 minutuoro erdibiditzen dena) Mycobacterium tuberculosis-ek 20 orduko sortze-denbora du.

Lehortearekiko oso erresistentea da; karkaxetan eta listuaren partikulen hondarretan bizirik irauten du egun askotan. Era berean hainbat desinfektagarrien aurrean ere bizirik dirau. Antza, erresistentzia berezi hori bere horma zelula bereziari zor dio [3]

Patogenia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «tuberkulosi»

Mycobacterium tuberculosis bakterioak tuberkulosi ia kasu guztien eragilea da (badira beste Mycobacterium batzuk -Mycobacterium bovis, esaterako- gizakia ere infektatzen dutenak, baina garrantzi gutxiago dute).

Tuberkulosia arnas-aparatuaren gaitza da. Bakterio patogenoa oso aerobioa denez, infekzioa egiterakoan biriketan kokatzen da, bertan ingurugiro oso oxigenatua duelako. Gizabanakoaren immunitate-sistema ahulduta badago, edo infektatzen duen bakterioaren anduia oso birulentoa bada, Mycobacterium tuberculosis-ek birika-ehuna suntsitzen hasten da, toraxeko erradiografietan ikusi ohi diren birika-barrunbeak agertuz.

Mikrobio patogenoa bronkioetara iristen bada kanpora atera daiteke: gaixoaren eztulek eta karkaxek bakterio ugari dituzte, beste pertsona bat infektatu ahal dutenak. Infekzio-fokua biriketan geratzen denean bronkioetara pasatu gabe, gaixoak ezin du gaitza kutsatu, eztula egiterakoan ez baitu bakterioak kanporatzen.

Mycobacterium tuberculosis ez da patogeno hertsia. Bere ahalmen patogenoa oso aldakorra da anduien arabera: badaude birulentzia handiko anduiak, eta birulentzia gutxikoak. Era berean, tuberkulosiaren agerpenean gaixoaren immunitate-sistemaren egoerak zer ikusi handia du: pertsona immunogutxituek askoz errazago harrapatzen dute gaitza, adibidez.

Bestalde, infekzioa odolaren bidez gorputz osora heda daiteke, biriketatik beste organo batzuetara pasatuz: gibela, giltzurrunak, hezurrak, etab kutsatu daitezke.

Mycobacterium tuberculosis zelula barneko parasitoa da, fagozitoen barruan bizi daitekeena. Antza, lisosomen fusioa oztopatzen du eta -fagozitosiaren ondoren- fagolisosoma ez da eratzen [4]. Zelula barneko parasitoak deusestatzeko immunitate humoralak (antigorputzak) ez du funtzionatzen. Immunitate zelularrak (T linfozito zitotoxikoak -Tc-) eta NK zelulek, aldiz, bai.

Garai batean tuberkulosia izan zen gizakien gaitz infekzioso nagusia, eta mundu osoko heriotzen zazpiren baten erruduna. Gaur egun munduan 3 milioi pertsona hiltzen dira oraindik urtero gaitz horren ondorioz, heriotza guztien %5 baino gehiago (batez ere Hirugarren Munduko herrialdeetan) [5].

Erreferentziak

aldatu
  1. Cole ST, Brosch R, Parkhill J (June 1998) Deciphering the biology of Mycobacterium tuberculosis from the complete genome sequence Nature 393 (6685):537-44
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:518-519 orr.
  3. Murray PR, Rosenthal KS, Pfaller MA (2005) Medical Microbiology. Elvesier Mosby
  4. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 247 orr.
  5. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:931 orr.

Kanpo estekak

aldatu