Muxar ezpainlodia (Diplodus cervinus) Sparidae familiako ur gaziko arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi dena[1].

Muxar ezpainlodi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSpariformes
FamiliaSparidae
GeneroaDiplodus
Espeziea Diplodus cervinus

Gastronomian arrain preziatua da, baina gehiegizko arrantzaren eraginez populazioa nabarmen jaitsi da azken urteetan.

Taxonomia aldatu

Richard Thomas Lowe ingeles iktiologoak deskribatu zuen 1838an eta Charax cervinus izena eman zion[2].

Muxar ezpainlodiak hiru azpiespezie ditu[3]:

  • Diplodus cervinus cervinus (Lowe, 1838)
  • Diplodus cervinus hottentotus (Smith, 1844)
  • Diplodus cervinus omanensis (Bauchot & Bianchi, 1984)

Euskal izendegia aldatu

Muxar ezpainlodia izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[4]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
akerra Getaria, Donostia, Hondarribia
muxar erreala, muxar ezpainlodia
sargo gorria Lekeitio, Ondarroa

Deskribapena aldatu

 
Muxar ezpainlodia.

Gorputza obalatua eta oso zapala du. 55 cm-ko luzera har dezakeen arren[5] batazbeste 35 cm neurtzen ditu[6]. Barra ilunak edo beltzak eta zilar koloreko lerroak tartekatzen dira, horregatik hainbat hizkuntzatan zebra arraina esaten zaio. Bost marra beltz agertzen ditu gorputzean eta seigarren batek zeharkatzen du burua, begien parean. Hegatsetako arantzak oso zorrotzak dira[7].

Burua handia eta pikoduna du eta ezpain lodiak ditu. Goiko barailan 10-12 ebakortz ditu eta azpikoan zortzi. Hauen atzean haginak ditu. Hortzeriaren lerro bi horiek ematen diote Diplodus ("hortzeria bikoitza") izena generoari[7]. Ahoa pixka bat ateratzen du eta horrek harrapakinak harrapatzen laguntzen dio. Ugalketa garaian orban hori bat agertzen zaio begien azpian[5].

Banaketa aldatu

Diplodus cervinus cervinus azpiespeziea Ozeano Atlantikoaren ekialde guztian aurkitzen da, Bizkaiko golkotik Hegoafrikaraino. Kanarietan ikusten da baina Cabo Verden eta Gineako golkoan ez[8]. Mediterraneoan ere aurki daiteke baina ez da hain ohikoa. Gainerako bi azpiespezieak Indiar ozeanoan agertzen dira[5].Sakonera txikiko eremuetan bizi dira, kostaldean, 10 metro inguruko sakoneran, baina 300 metrotako sakonerara ere jaitsi daitezke[5].

Biologia aldatu

 
Muxar ezpainlodien sarda.

Arrokak artean ezkutaturik bizi dira. Muxar gazteek nahiago dituzte Posidonia zelaiak[5].

Elikadura aldatu

Itsas hondoan aurkitzen dituen animaliak jaten ditu, itsas trikuak, zizareak eta bibalbioak besteak beste[5]. Arrak haragijaleak dira, gazteak aldiz orojaleak, algataz ere elikatzen dira[7]. Bospasei aletako taldeak osa ditzake, adin ezberdinetakoak, baina arrantza presio handia dagoen eremuetan bakartiak izan ohi dira, Bizkaiko golkoan esate baterako[9].

Ugalketa aldatu

Bi urte dituztenean 25 cm inguru neurtzen dute eta sexu heldutasunera iristen dira. Ale batzuek 5 urte betetzen dituztenean sexua aldatzen dute. Errute aldia uraren tenperaturaren araberakoa da. Mediterraneoan udaberria eta uda artean izaten da. Arrautzetatik larbak jaiotzen dira 6-11 eguneko garapenaren ondoren[9]. Larbak pelagikoak dira eta planktona osatzen dute. 9 mm-tako luzera hartzen dutenean hondora jaitsi eta kostaldera itzultzen dira[9].

Gastronomia aldatu

Arrain preziatua da. Haragi zuri trinkoa du eta omega-3 lipidotan oso aberatsa da. Frijituta eta gisatuta prestatzen da, muxar handiak labean erreta ere bai[10].

Arriskuak aldatu

Muxar ezpainlodiaren arrisku handiena gehiegizko arrantza da. Dagoeneko populazioaren %85a gutxitu da[11].

Akuikulturan hazten saiatu izan dira baina estresarekiko tolerantzia txikia du eta zaila egiten da kopuru handitan haztea[7].

Erreferentziak aldatu

  1. Bauchot, M.-L. & J.-C. Hureau, 1986. Sparidae. 883-907. orr. A P.J.P. Whitehead, M.-L. Bauchot, J.-C. Hureau, J. Nielsen & E. Tortonese Fishes of the north-eastern Atlantic and the Mediterranean. 2. Lib UNESCO, Paris, Frantzia.
  2. «WoRMS - World Register of Marine Species - Diplodus cervinus cervinus (Lowe, 1838)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  3. «WoRMS - World Register of Marine Species - Diplodus cervinus (Lowe, 1838)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  4. «muxar ezpainlodi» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  5. a b c d e f «Diplodus cervinus | DORIS» doris.ffessm.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  6. Bauchot, M.-L., J.-C. Hureau eta J.C. Miguel. (1981). Sparidae. W. Fischer, G. Bianchi and W.B. Scott (eds.) FAO species identification sheets for fishery purposes. Eastern Central Atlantic. (Fishing Areas 34, 47 (in part)). volume 4..
  7. a b c d (Gaztelaniaz) «Sargo breado • Diplodus cervinus • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  8. «Diplodus cervinus, Zebra seabream : fisheries, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  9. a b c «Muxar haundia» Petronor (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  10. (Gaztelaniaz) «Los sargos llevan el ‘traje’ a rayas, pero no son los únicos que visten así - Pellagofio» pellagofio.es 2016-01-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  11. Pajuelo, J.G., Lorenzo, M.J. eta Dominguez-Seoane, R.. (2003). Age estimation and growth of the zebra seabream Diplodus cervinus cervinus (Lowe 1838) on the Canary Islands shelf (Central East Atlantic). Fisheries Research 62(1), 97-103 or..

Kanpo estekak aldatu