Musulmanen okupazioa Euskal Herrian

Musulmanak Euskal Herrian» orritik birbideratua)

Musulmanek VIII. mendearen hasieran okupatu zuten Euskal Herria[1] . Hala ere, Euskal Herriko lurralde menditsuetan haien agintea Iberiar penintsulako gainerako lurraldeetakoa baino askoz ere ahulagoa izan zen[2].

Omeiatarrak euskal lurraldeetara heldu aldatu

Mahoma hil eta urte gutxitan, Islamak ikaragarrizko hedapena izan zuen. VIII. menderako, armada musulmanek Afrikako iparraldeko eta Asiako hego-mendebaldeko hainbat lurralde konkistatu zituzten.

Garai hartan, Iberiar penintsula ia osoa bisigodoen menpe zegoen, eta euskal lurraldeetan baskoiak bizi ziren. 711. urtean, musulmanek Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuten Rodrigo Iruñean baskoien kontra ari zela, eta Guadaleteko guduan Rodrigo errege bisigodoa garaitu ondoren, Iberiar penintsula osoan hedatzeari ekin zioten.

715. urterako musulmanek hainbat euskal lurralde okupatu zituzten, baina ez mendialdeko lurraldeak; izan ere, lurralde haietako klima haientzat desegokia zen (hezeegia), eta ez zuten interes ekonomiko handirik agertu. Hala ere, musulmanek egungo Euskal Herriko hegoaldea konkistatu zuten, Iruñea ere tartean zela, horretarako bertako biztanleekin errendizio-hitzarmen batera helduz. Huesca ere, garai hartan euskal lurraldean kokatua, omeiatarren mende erori zen luze gabe.

Horrenbestez, omeiatarrek Ibañetako mendatean izango zuten muga bat, mendebaldetik ere Burebaraino helduko ziren eta ekialdetik, berriz, Jacara heldu izana oso litekeena da. Hain zuzen, Iruñea egungo Gaskoiniara espedizioak antolatzeko abiapuntu bihurtu zen 733. urte arte bederen. Konkista horren berri eman zuten historialari arabiarren arabera, garai hartako euskaldunak biluzik ibiltzen diren piztiak bezala bizi omen ziren[3].

Euskaldunak andaluziarrekin bat eginik eta bereiz aldatu

Euskaldunak baskoien giza taldekoak izaki, Baskoniako dukerriarekin leialak ziren. Dukerri horren muina Pirinioez iparraldera zegoen, eta guztiz independentea zen 768 arte. Iberia islamdarreko indar militarrek (andaluziarrek) hainbat eraso egin zizkieten Pirinioez iparraldeko baskoiei, baita txikizioak eragin ere egungo Gaskoinian. Iruñea hainbatetan altxa zen Kordobako agintearen kontra, baina 781ez geroztik Ebroren arro osoa Abd ar-Rahmanen esku geratu zen.

Aldi berean euskaldun asko musulman bihurtzen hasi ziren, muladi direlakoak, eta lurraldean lurraldeko botere politikoak eratzen hasi ziren, betiere musulman, baina Kordobatik aparte, adibidez, Huescan eta Tuteran VIII. mende amaieran. Garai hartan, Banu Qasien leinu boteretsua hasi zen indartsu egiten Euskal Herriko hegoaldeko lurretan. Euskaldun izango ziren, edo beharbada ez, baina lotura estua izan zuten IX. mendean sortutako Iruñeko erresumarekin harik eta X. mende hasieran botere osoa galdu eta leinua galdu egin zen arte. Aragoiko Alfontso I.ak 1115. urtean Tutera konkistatu zuen, eta euskal lurraldeko musulmanen agintaritza politikoari akabera eman zion era horretan.

 
Euskal Herriko hizkuntzak eta gutxiengo erlijiosoak Behe Erdi Aroan (XIII).[4]

Artea musulmanen garaian aldatu

Kordobako kaliferriaren menpeko eskualdeen gertutasunak eta Banu-Kasitarren jabegoekin harreman adiskide­tsuak zirela eta, IX. mendean bederen, eragina izan zuen musulmanen eta mozarabiarren arteak eskemak eta ereduak har­tzerakoan, bai ar­kitekturan nahiz bere edergarrietan. Mozarabiarren[5] arte aztarnak Nafarroako erresuma zaharrean zehar sakabanaturik diren gaztelu eta elizetako leihoetan gelditu zaiz­kigu.

Tuteran Musulmanen eraikinak aldatu

Beharbada, nabariena, guztiz musulmana den horretan, Tuteran bilatu behar­ko li­tzateke, harresia eta gotorlekua zituela-eta, laster iri­tsiko zen penin­tsulako mahomatar hiri garran­tzi­tsuena izatera.

Bertako eraikinik bikainena Mez­kita Nagusia izan zen, Muza II.ak (841‑862) eraikia, nonbait. Haren aztarnak azaldu ziren katedraleko lanak egiterakoan. Aztarna horietatik ikusteko atseginenak zenbait kapitel eta men­tsula dira, egun Nafarroako Museoan direnak.

Kapiteletan hainbat mota gorde dira:

  • Ba­tzuk, lerden, korintioen ereduari gertutik jarrai­tzen zaiz­kionak, akanto-hosto digitatu lirainekin.
  • Besteak, zahar­kitu itxura dutenak, kubo alderako egituradunak, marmol‑kararriz­koak, alakaz landutako palmeta-itxurako apaingarriak.
  • Hirugarren motakoa, aldiz, izugarri liraina da, 0.40 m-ko altuera, hirukoizten duela eta zabalera, bisigotiko itxurakoa da eta arabiarren ikurrez eginiko epigrafia du.

Az­kenik, bada neurriz txikiagoa den pieza bat, ar­ku bikia zuen leiho bati zegokiona, nonbait; zahar­kitu itxura du kiz­kur alakatuak eta saskiari eran­tsitako koilarinoa duena. Ferra‑ar­ku­txoak pieza bakarrean dituen leiho bat gera­tzen da.[6]

Tuterako meskita berekoak dira dotore apaindutako harzuriz­ko ukondoak, atariko aterpearen hegaletan zirenak. Egituraz­ko itxuraren arabera sailkatuz Iñiguez Almechek hirutan zatitu nahi izan zituen.

  • Sail bat, 0.35 m zabalean eta 0,38 m alturarekin, koskaren kurba uki­tzen duten biribilena da, aurre aldetik biribilen lokerako zain bat dute erdian eta hauek saihe­tsean tulipan-hostoz apainduak daude.
  • Beste sail batek, ukondoaren kanpoaldeko zatia osa­tzen duen koskaren kurba inguraturiko taxutik sorturiko zuztarrez lo­tzen ditu biribilak edo erroiloak.
  • Hirugarren sailak, lerro zuzenetan bil­tzen ditu biribilak modu bi­txi askoren araberako zuztarrez osaturikoak. Abd‑al‑Ra­manen garaiko islameko arte­tzat jo daitez­ke; baina beranduagoko aldiak gogorarazten dituzten zan­tzuak ere azal­tzen dira.

Musulmana da baita garbiketako ur-aska zati eder bat ere, katedralaren ipar aldeko abside baten zoruaren az­pian aur­kiturikoa. Berauen aurrealdeak hirugingilez­ko ar­kuez apainduak dira, eraztun eta soka-iz­piz­ko ingurune bikoitz batean mugatuak, andaluziar ereduen aztarna garbiak.

Musulmanen bi ku­txatila aldatu

Ez dugu bukatu­tzat emango sail musulman hau, bi artelan bi­txi lehenik aipatu gabe: Fitero eta Iruñeko marfilez­ko ku­txatilak. Gerrako harrapakinak izango ziren eta beharbada zenbait jaberen eskuetatik igarotakoak.

Fiteroko Ku­txatila prisma egiturakoa da: 89 x 128 mm luze-zabalean eta 83 altueran. Medina Azaharako Halaf marfil eskulangileak eginiko sinadura darama, gure aroko 966. urtean, emakume bati eskain­tza eginaz, agian Alhakam II.aren arrebari ala emazteari. Horrela bada, kaliferrietako lantegietako lehen aldikoa da. Ataurike fineko apainketa du, landare­tza hu­tsez­ko gaiei buruz­koa, hondoa bera ere laua du, baina erliebe lauez nabarmen­dua.

Leireko Ku­txatila aldatu

 
Leireko kutxa

Oraindik ere oparoagoa da, edozein alderditatik, Iruñeko Museoan dagoen Leireko ku­txa­txoa, Nunilo eta Alodia martirien erlikia-ku­txa bihurturik dago.

Baditu 33 cm luzeran, eta 22 cm zabalean eta altueran. Medina Azaharatik datorrena da berau ere, gure aroko 1005. urtean Faray eta hainbat ikaslek izenpeturik dago, eskain­tza luze bat dauka Alah‑en eta buruzagi baten oho­retan, beharbada Almanzorren seme Abd‑del-Ma­­lik‑en ohoretan, marfil gaineko erliebe finak ditu bere alde guztietan eta baita estalkian ere. Bi aurre luzea hiru domina gingildu handitan zati­tzen da, eta saihe­tsetakoak bitan.

Fiteroko ku­txatilarekin kontrajarriz, Leirekoari ataurikea gu­txitu eta animalia mul­tzoak –ehiza-eszenak– eta giza irudiak –kalifa, musika tresnak jo­tzen ari diren emakumeak, zerbi­tzariak eta abar– gehi­tu zaizkiolako nabarmen­tzen da, eta litekeena da ekialdeko ereduetan inspiratua izatea; baina, dena dela, konposaketa zen­tzu handikoa da eta irudietan plastikotasun orekatua duena; hau dela eta Kordobako marfilgin­tzako piezarik ederrenetarikoa da.

Mozarabiarren arrastoak dituzten kristau-elizak aldatu

Musulmanek eraikinetako artelanetatik kristau-elizetara igaro­tzen bagara, errekonkista lanagatik Iruñeko erresumaren alderdietara pixkanaka hedatuz joan zirenetan ez dugu sumatuko gur­tzaren aztarnetan gabeziarik. Muga aldeko lurrak zirenez, mozarabiarren aztarnak eta baita bisigodoen oroigarri zenbait ere suma daiteke lehen begirada batean.

Araba aldatu

Aistrako San Julian (Zalduondo) aldatu

Arabako iparraldean orain gu­txi aur­kitu eta zaharberritu zen (garai bateko Aistra udalerrian) Zalduendoko San Julian ermita. Eliza hau, uste izaten denez, behin­tzat, Julian eta Basilisa Santuei eskainia da, martiri egiptiarrak biak, eta beren aldeko jaiera VII. mendetik hedatu zen Penin­tsulan.

Neurriz txikia da, eta zorua angeluzuzena du, harri­tzar handiz eta hu­tsean muntatuz, erromatarren tradizioko tresneriaz eraikia dago. Eraikina teilatupetik doan zehar­kako alaka-erlaitz batean buka­tzen da, sortaldeko eta sartaldeko hormen goialdean frontoi baten oinarriak osatuz. Hegala du hainbat eratako harburuen gainean ezarria: bata leuna da, bestea animalia buruz apaindua eta beste zenbait giza buru zakarrekoak.

Ekialdera, leiho tailatu txiki bat ageri da okre kolorekoa, harri monolitiko baten gainean, besteak baino nabarmenagoa da eta itsu‑leiho estu bat du zuloa, marra bikoitz paralelo batez apaindua, alde banatan bana, eta burualde modura ferra begi itxura duen zabalune batez koroa­tzen da, harri­tzekoa bada ere, Ourenseko Ambiako Santa Eufemiaren an­tzekoa da.

Eliza txiki honi bisigodoen garaiko[7] data jarri dionik ez da falta izan: baina, bere an­tzinakotasun itxura hori, ar­kitektura tradizioetako bizirik iraute baten moduan hartu izan ohi da.

Erreferentziak aldatu

  1. LURRA 2 GIZARTE, Vicens Vives
  2. http://eu.wikipedia.org/wiki/Iberiar_Penintsulako_konkista_musulmana
  3. Euskal Herriaren historia, Iñaki Egaña
  4. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
  5. Historialariak, (mozarabiarra?, populatzekoa?, mugakoa?) estilo honentzat egokiena den deitura bila ibili direnean, harrituta eta ziurtasunik gabe aurkitu dira, egiturazko ezaugarrien arabera definitzen saiatu direnean bezainbat. Jacques Fontainek, arte mozarabiarraren egituren benetako bateratzailea espazioen barruko banaketan dagoela uste du, bisigodoen arkitekturan baino askoz garbiago banatuak egotean. Kanpoaldean kordobarrarekin bat datozen lau osagaiekin bereizten dira: biribiletako erlaitzak, alfizeko hozkadurak, leiho bikien ajimezak eta oso gaindituriko ferra-arku egitura. Osagai hauek absideetan harrizko sabaiekin eta gurutzaduren besoekin nahastuan daude, jada erromanikoa aldarrikatuz.(Lo mozárabe, 52-54. or.).
  6. B. PAVON MALDONADO, “La Mezquita Mayor de Tudela”. El arte en Navarra-n. “Diario de Navarra” Argtl., (Iruñea, 1994) 2. znb., 17-32. or.
  7. M de LEKUONA, O.c., 68. or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu