Maria Josefa Aedo

erlijiosoa

Maria Josefa Aedo González (Ermua, Bizkaia, 1766ko azaroaren 3a[1] - Santiago de Compostela, Coruña,1805eko uztailaren 9a), erlijioan sor Maria Josefa del Rosario, Mesedeetako Ordeneko lekaimea izan zen, santa iritzian hildakoa eta herritarren artean A santiña das Madres bezala ezagututakoa.[2]

Maria Josefa Aedo
Bizitza
JaiotzaErmua1766ko azaroaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaSantiago de Compostela1805eko uztailaren 9a (38 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakerlijiosoa

Biografia aldatu

Ermuan jaio zen 1766ko azaroaren 3an Manuel Aedo Ermoso eta Francisca González de la Matanza bikote turtzioztarraren alaba bakar hau eta bertan biziko zen, aita hilda, 1780an ama eta biak Coruñara alde zuten arte.[2] Hemen irakurtzen, idazten eta josten ikasi zuen eta Clarisen Ordeneko Santa Barbara komentuan laiko bezala jardungo zuen.[3] [4] Gerora, Santiago de Compostelan Mesedeetako klausurako moja-etxean sartu eta 1788ko urriaren 31an Mesedeetako Abitu Santua hartu zuen, sor Maria Josefa del Rosario erlijio izenarekin.[2]

 
Santiago de Compostelan Mertzedarien konbentua. Bizitoki izan zuen eta bertan dago lurperatuta.

Bizitza erlijiosoa aldatu

Zerbitzurako prest beti, umiltasuna eta obedientzia izango zituen bizi-ardatz, bere jarrera eta fedea eredugarria bihurtuz komunitate osoarentzat. Bere ospea komentutik kanpo hedatuta, miresteaz gain herritarrek A santiña das Madres deitzeko ohitura zuten.[3] [4] Bere pertsonari lotutako aparteko gertakari batzuk santiñaren izena jendearen ahotan ibiltzea areagotuko zuten: batzuk aipatzekotan, sekula latinik ikasi gabe hitzen esanahia ulertzeko gai zela edota eliz-salmoak, ikasi barik eta brebiariorik gabe, hau da, otoitz egiteko liburu gabe intonatzen zekizkiela, guztien harridurarako.[4] Gertatu zitzaion ere gaixorik zegoen moja kide bat sendatuko zela iragarri zuela eta sano zegoen beste bat hilko zela aurreikustea. [4] Gure Jauna hartzen zuen bakoitzean ez zuen beste elikagairik jaten eta era horretan 40 eguneko baraua egitera iritsi zen, Kristo eredu hartuta. Bere komunitateak Bikarioa izendatu zuen eta kargu hori hil arte bete zuen.[3] [4]

38 urte zituen zendu zenean, 1805eko uztailaren 9an. Sasoiko esamoldeen arabera “Santa iritzian” edo "Santitate usainean" hil zen, hainbat argitalpenek jasotzen duten bezala.[5] Hileta-elizkizuna jendetsua izan zuen eta moja-etxean bertan izan zen lurperatua. Denboraldi batera, uholde batzuen ondorioz hilobia leku-aldatu behar izan zenean, gorpua usteldu gabe zegoela ikusi zen.[2]

Bere bataio agirian Ermuan, data gabeko ohar batean zera jasotzen du Agustin Ortuzar abadeak:

Esta niña fue religiosa profesa en el convento de Mercedarias descalzas de la Ciudad de Santiago de Galicia y murió en opinión de Santa en el mismo convento el día 9 de julio de 1805. Su cuerpo está incorrupto. Su vida prodigiosa esta escrita en Compendio por D. Marcos Parcero y reimpresa en Santiago en 1842.

Bere heriotzaren mendeurrenaren harira, sor Maria Josefa del Rosarioren gorpuzkiak hilobi berri baten sartu zituzten, lehentasunezko leku baten, eta Tránsito da Mercé kalean kokatutako komentu hartako kanposantuan jarraitzen dute.[2]

Beatifikazioa aldatu

Hil ostean, A santiña das Madresen ospea Galizia, Asturias eta Gaztelaraino hedatu zen.[4] Elizak, berari buruzko guztiak zehatz-mehatz aztertu ostean, txosten bat prestatu zuen, Erroman haren beatifikazioa bultzatzeko. Dokumentazio hori baina, galdu egin zen 1836-1855 urteen artean Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz Elizaren ondasunak saldu eta dokumentu ugari espoliatu zirenean. Moja-komunitateak alde egin behar izan zuen Compostelako Mesedeteako Amen komentutik; hau militarren kuartel gisa erabili zen, harik eta erlijio-ordenak berreskuratu zuen arte.[2]

Bere garaian Bizkaiko erakundeetatik sor Mª Josefa del Rosarioren beatifikazioaren prozesua bultzatzea proposatu zen, horrek ekarriko zituen gastuei herritarren arteko diru-bilketa batekin aurre eginez, baina hori ere asmo hutsean geratu zen.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).
  2. a b c d e f Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 174 zenbakia (2009ko abendua) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  3. a b c (Gaztelaniaz) PARCERO, Marcos. (1842). La Monja de las Madres Sor Maria Josefa del Rosario ... breve compendio de su vida ... Reimpreso. Compañel (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).
  4. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Labayru, Estanislao Jaime. (1895). Historia General del Señorío de Bizcaya. La Gran Enciclopedia Vasca, 825-834 or. ISBN 8424801016..
  5. Vida maravillosa de Sor María Josefa del Rosario. [s.n.] 1909 (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).

Ikus, gainera aldatu