Maitia, nun zira

euskal abesti herrikoia

Maitia, nun zira Zuberoako euskal abesti herrikoia da. Jose Tomas Uruñuela gasteiztarrak harmonizatu zion orain ezagunena dugun musika, 1930. urtearen inguruan.[1]

Maitia, nun zira
Dulce Pontesen, Kepa Junkeraren, Imanol Larzabalen, Anne Etxegoienen, Amaia Zubiriaren, Estitxuren eta Kalakanen musika-lana
Egilea(k)Dulce Pontes, Kepa Junkera, Imanol Larzabal, Anne Etxegoien, Amaia Zubiria, Estitxu eta Kalakan
Argitaratze-data1720(e)ko hamarkada
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
TonoaFa maior
Bestelako lanak
MusikagileaJose Tomas Uruñuela
Jean Dominique Julien Salaberri

Abestiaren azalpena

aldatu
 
Undureine

Piarres Lafittek argitaratu zuenez, 1701eko azaroaren 9an Hauzeko elizan bataiatutako Jeanne Ündüreine emakumeari eginiko kanta da. Aitoren semea zuen aita, Ündüreineko jauna; eta ama ere, aitoren alaba, Zibozekoa.

Zuberoako aitoren alaba gehientsuenak bezala, Jeanne haurra Oloroeko komentu batean hezi zuten. Hain etxe oneko neskatxa ezkontzeko adinetara heltzearekin, hartaz gizon gazte anitz agradatuko ziren. Ororen artetik, hautatu zuen Mixel de Reyau, zuberotar aitoren semea. Baina hautu hori ez zuen gogoko Jeanneren aitak. Bere baimena errefusatu zuen, eta, kantoreak dioenez, alaba berriz komentuan ezarri. Mixelen auhenak eta Jeanneren erantzunak jasotzen bide ditu, beraz, abestiak.[2]

Abestiaren hitzak

aldatu

Hitzen argigarri, zati bakoitzean nor mintzo den adierazi dugu. Lafittek jasotako antolamendu tradizionalean, zortzi lerro (6, 7, 7, 6, 12, 7, 7 eta 6 silabakoak, hurrenez hurren) ditu bertso bakoitzak. Hemen, berriz, Uruñuelak bezala antolatu ditugu bertsoak, antolamendu tradizionaleko bertso bakoitza bitan zatiturik eta lerrorik luzeena (12 silabakoa) erdibiturik. Bestalde, Jeanneren azken mintzaldia eta Jeanneren aitarena ez daude Uruñuelaren bertsioan (horregatik ez diegu «bis» marka ezarri bertso bakoitzeko azken lerroaren ondoan).

Mixel:

Maitia, nun zira?
Nik etzütüt ikusten
ez berririk jakiten
nurat galdü zira? [bis]

Ala khanbiatü da[3]
zure deseiña?
Hitzeman zenereitan
ez behin, bai berritan
enia zinela! [bis]

Jeanne:

Ohikua nüzü
ez nüzü kanbiatü
bihotzian beinin hartü
eta zü maitatü. [bis]

Aita jeloskor batek
dizü kausatü.
Zure ikustetik
gehiago mintzatzetik
hark nizü pribatü. [bis]

Mixel:

Aita jeloskorra!
Zük alaba igorri
arauz ene ihesi
komentü hartara. [bis]

Agian ez ahal da
sartüren serora!
Fede bedera dügü
alkarri eman tügü
gauza segürra da. [bis]

Jeanne:

Zamariz iganik,
Jin zazkit ikustera,
Ene kontsolatzera,
Aitaren ixilik.


Hogei eta lau urthe
batizit betherik:
Urthe baten bürian,
Nik ez diket ordian
Aitaren axolik.

Jeanneren aita:

Alaba diener
erranen dit orori:
«So'gidaziet eni
beha ene erraner.


Gaztetto direlarik,
untsa diziplina!
Handitu direnian
berant date ordian
nik badakit untsa».[2]

Partitura eta doinua

aldatu

Salaberrik doinu eta partitura hau jaso zuen 1870ean:[4]

MAITIA, NUN ZIRA ?
  

Istorioaren bukaera

aldatu

Lafittek eginiko ikerketen arabera, aitak barkatu zion alabari: azkenean, Jeanne gaixoa ohorezki ezkondu zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. «El musicólogo José Tomás Uruñuela Fernández de Larrea fallece el 3 de julio de 1963», uztaileko efemerideetako bat, Euskonews & Media aldizkaria, 539. zenbakia, 2010eko uztailekoa.
  2. a b LAFITTE Piarres: «Nori buruz egin zen “Maitia, nun zira” kantu xaharra?», in Euskal literaturaz, Euskal Editoreen Elkartea, 1990. Klasikoen Gordailuan eskuragarri: <http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/L/LafitteLiteraturaz022.htm>.
  3. Toki askotan «hala» (= modu hartan aldatu da?) jartzen duen arren, dudarik ez da «ala» (= edo aldatu al da?) dela tradizioan abestu izan dena.
    - SALABERRI, J.-D.-J.: Chants populaires du Pays basque. Baiona: Lamaignère, 1870. «Maitia, nun zira?» 4. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Kantuz. Recueil de 120 chansons populaires basques. Baiona: Eskual-Herria, s.a. «Maitia, nun zira», 110. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Ene hautia. 25 chants basques. 6. ed. Donapaleu: Vogel, ia, s.a. «Maitia, nun zira», 4. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Xaramela. Donostia: Elkar, 1985. «Maitia, nun zira», 208. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Kantu Kanta Khantore. Baiona: Ezkila, 1967. «Maitia, nun zira», 101. or.
  4. SALABERRI, J.-D.-J.: Chants populaires du Pays basque. Baiona: Lamaignère, 1870. «Maitia, nun zira?» 4. or. Ikus, Wikiturrietan.

Kanpo estekak

aldatu
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Maitia, nun zira