Münsterreko matxinada

Münsterreko matxinada 1534 eta 1535. urteetan izen bereko hiri alemaniarrean anabaptista erradikalek teokrazia komunal bat ezartzeko saiakera izan zen. Hiria, esku anabaptistetan egon zen 18 hilabetez, 1534ko otsailean udaletxea hartu eta Bernhard Knipperdolling alkate izendatu zenetik, 1535. urtean setio-indarrak hirian sartu ziren arte.

Matxinadako buruen kaiolak, San Lanberto elizan.

Matxinada

aldatu
 
Matxinadako buruen exekuzioaren irudi historikoa. Atzean, kaiolak badaude jada prest elizan

Alemaniar nekazarien gerraren (1524-25) ostean, teokrazia bat ezartzeko bigarren ahalegin sendoagoa egin zuten anabaptistek Münsterren. Hirian indar handia lortu zuten, Bernhard Rothmann, apaiz luteranoa atxiki baitzen kausa anabaptistara, zenbait hiritar garrantzitsurekin eta buruek, Jan Matthys Haarlemeko okin batek eta Jan Bockelsonek, Leidengo jostuna ez zuten zailtasun handiegirik izan hiria hartzen. Matthys, Melchior Hoffmann-en jarratzailea izan zen eta, Estrasburgon jazotako azken honen espetxeratzearekin, sona handia eta jarraitzaile irabazi zuen Holandan, tartean Bockelson. Bockelson eta Gerard Boekbinderrek Münster aurretik bisitatu zuten eta Bernhard Rothman antzeko dotrinak irakasten ari zela zioen txosten batekin bueltatu ziren.

Matthys-ek Münster Jerusalem Berria bezala identifikatu zuen eta 1534ko urtarrilaren 5ean, bere jarraitzaile batzuk hirian sartu eta helduak bataiatzen hasi ziren. Rothmann-ek bir-bataioak onartu zituen eta laster 1000 ziren bataiaturiko helduak. Prestaketa sutsuak egin ziren, ez bakarrik irabazitakoari eusteko, baizik eta Münsterretik inguruko lurren konkistan abiatzeko. Hiria Franz von Waldeck gotzain-printzearen indarrek setiatzen zuten, zeina matxinadaren ostean hiritik bota zuten. 1534ko Pazko Igandean, Matthys, zeinak Jainkoaren justizia egun horretan etorriko zela uste baitzuen, irteera egin zuen 30 gizonekin bakarrik. Erahila izan zen, bere burua masta batean jarri zuten, hiritik ondo ikusteko eta bere genitalak hiriko ateetara iltzatu zituzten. Matthys buruaren heriotzaren ostean, Bockelson, ezagunagoa Leidengo Jan izenaz, Münsterreko errege bihurtu zen.

Dabiden ondorengoa zela aldarrikatuz, Sion berrian ohore errealak eta botere absolutua aldarrikatu zituen. Bere ekintzak, zerutik jasotako bisioen autoritatean justifikatzen zituen. Poligamia legalizatu zuen eta berak hamasei emazte hartu zituen, gainera, ezkongabe zegoen emakume orori ezkontza eskaintza egiten zion lehen gizonaren ezkontza-proposamena onartzera behartu zuen. Ondasunen jabego komunala ere ezarri zuen. Erresistentzia sutsuaren ostean, setio-indarrek hiria 1535eko ekainaren 24ean hartu zuten eta 1536ko urtarrilean, Bockelson eta bere jarraitzaile hurbilenak merkatu plazan exekutatu zituzten, torturatu ostean. Euren gorpuak kaioletan egon ziren ikusgai, San Lanberto elizako hormatik zintzilik; kaiolak oraindik daude bertan, nahiz eta hezurrak beranduago kendu zituzten bertatik.

Kanpo estekak

aldatu