Lucia Arrube

erraketista

Lucia Arrube Unzueta (Iurreta, Bizkaia, 1923ko irailaren 30a - Euba, Zornotza, Bizkaia,  2012ko uztailaren 3a) erraketista profesionala izan zen. Lutxi eta Lucina izenekin ezagutu zuten jokatu zuen Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Mexikoko pilotalekuetan.[1]

Lucia Arrube

Bizitza
JaiotzaIurreta1923ko irailaren 30a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZornotza2012ko uztailaren 3a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
JarduerakErraketista

Biografia

aldatu

Guardiatxu baserrian jaio zen, Iurreta eta Zornotzaren arteko muga-mugan eta ama besoetakoaren izena jarri zioten arren, Lutxi izango zen beti etxekoentzat. Aita, Simeon Arrube Azkuna bertako semea zen[2] eta Maurizia Unzueta Bilbao ama zornotzarra, Bernagoitia auzokoa.[3] Erreka ondoan bizi zen familia eta arrantza-leku bat zuten etxe-kontran, butroien sistema erabiliz ezkailu, kangrejo, arraigai eta loinak harrapatzeko. Huraxe zen gurasoen ogibidea: Simeonen kargu zeuden arrantzatze kontuok eta Maurizia arduratzen zen Bilbora saltzera joatearen jira-bueltarekin. Trenbidea ere etxe ondoan zuten eta tranbia parean geratzen zitzaion Mauriziari, otzarekin kargatuta geratzeko eskatzen zuenean.

Lutxiren bi anaia, Gregorio eta Antonio herri desberdinetara joaten ziren pilota erakustaldiak egitera, profesional mailara iritsi ez baziren ere. Beti Ekin inskripzioarekin, Guardiatxuren osteko horma guztia frontis bihurtuta zuten eta esku-pilotan aritzen ziren bertan etxeko zein kanpoko lagunak, ohikoa bihurtuz abade ezagun batzuk ere pilotan jokatzen ikustea, euren sotana beltz luzeokin. 1936 urtean izandako sute baten ondoren berriztatu zen eta frontisaren hegaltxo bateko inskripzioak horren berri ematen du. Etxe osteko frontoian jokatzeko aukera ez zuten Lutxiren sasoiko ume askok izango.

Pilotari

aldatu

Etxekoen pilota zaletasuna ogibide bihurtu zuen Lutxik eta aparteko parajeetara iristeko aukera eman zion: Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Mexikon jokatuko zuen, Acapulcon zehazki. Etxetik kanpora bizi izandako haiek urte luzeetan, bere familia lagunen sare amaigabe batekin osatu zuen, baina ez zuen galdu etxekoei laguntzeko joera eta gaztetatik barneratutako ardura.[4]

Erraketista ibilbidea amaituta, Madrilera itzuli zen eta bertan ezkondu zen 1969an Santa Luzia egunez Jose Luis Nistalekin, Valentzian jokatzen egon zenean ezagututako Leongo lagunarekin. Ez zuten seme-alabarik izan, baina bai estima handitan zituzten ilobak; hauentzat ekartzen zituzten opariak liburuak izaten ziren beti.

Bere esanetan sasoi onak eta txarrak bizi izatea egokitu zitzaion, pentsioetan ostatu hartuta, zerekin berotu ere falta zuela sarritan. Etxekoen babesik gabe biziko zen luzaroan eta horrek ausartago bihurtu zuen, berarenagatik borrokatzekoa: behin Madrilgo almazen handi batzuetan irristatu eta min hartu zuen. Ekin eta ekin ez zuen etsi harik eta indemnizazioa lortu zuen arte. Diru-transferentzia bat egin zien ilobei bazkari eder bat egiteko bere kontura.

Oporrak Guardiatxun ematen zituen beti eta ezer gustuko bazuen, euria ari zenean, guardasolpean ortuetatik ibiltzea zen, Madrilen ez zegoen freskura sentitzeko.

Iurretako Otso Beltza aldizkariak bere aipamena egin zuen haren lehenengo zenbakian.

Erreferentziak

aldatu
  1. Jose Maria Urrutia - Javier Sagastizabal. (2010). Erraketistak. Durangoko Arte eta Historia Museoa ISBN 8478490329..
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» www.internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).
  3. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» www.internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).
  4. «Erraketalariak: ahazturatik omenera pasatutako historia - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).

Kanpo estekak

aldatu