Longmen leizeak1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Longmen leizeak.

Mota Kulturala
Irizpideak i, ii, iii
Erreferentzia 1003
Kokalekua Txinako Herri Errepublika
Eskualdea2 Asia eta Ozeania
Koordenatuak 34°28′N 112°28′E / 34.467°N 112.467°E / 34.467; 112.467
Izen ematea 2000 (XXIV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Longmen leizeak edo Longmen haitzuloak (txinera sinplifikatuz: 龙门石窟; txinera tradizionalez: 龍門石窟; Pinyineraz: Lóngmén Shíkū) Txinako Henan probintzian dauden leizeak dira, Luoyang hiritik 12 kilometro hegoaldera. Budismoaren objektu ugari dutelako dira aipagarriak. Neurri desberdinetako Budaren milaka estatua, 2.500 estela eta 60 pagoda daude bertan. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen 2000. urtean[1].

Geografia aldatu

Leizeak kokaturik dauden harana Yi ibaiak egin zuen eta bi muino banatzen ditu, Xiang Shan ekialdean eta Longmen Shan mendebaldean, azken honek ematen die izena haitzuloei.

Historia aldatu

Wei Iparraldeko Xiaowen enperadoreak V. mendean Luoyang hiriburu izendatu zuen eta orduan hasi ziren haitzuloak lantzen. Lau fase izan zituen leizeen eraikuntzak, 493 urtean hasi eta 1127an amaitu zen arte; Wei dinastiak (493-534), Sui dinastiak (581-618), Tang dinastiak (618-907) eta Song dinastiak (960-1127) eraiki zituzten[1].

1368 eta 1912 artean Ming eta Qing dinastiak izan ziren Txinan agintzen eta hauek Longmen leizeei sona handia eman zieten, nazioan bertan eta nazioartean ere bai.

XX. mendean hainbat kalte izan zituen. Alde batetik japoniarrek okupazio garaian hainbat estatua eraman zituzten Japoniara, eta bestetik 1940ko hamarkadan hainbat bandalismo ekintza jasan zituzten[1]. 1949 urtean Txinako gobernuak babestu egin zituen legez, 1961ean ondare kultural nazionala izendatu zuten eta 2000 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen[1].

Haitzuloen deskribapena aldatu

 
Vairocana Buda.

Ibaiaren ertz bietan kilometro baten luzera hartzen dute leizeek. 1.400 haitzulo inguru aurkitu dira guztira. Landutako leize gehienak mendebaldean daude, ekialdean monjeen etxebizitza gisa erabilitako leizeak zeuden[1].

Guyangdong aldatu

Guyangdong ("eguzkiaren leize zaharra") eraiki zen aurreneko leizea izan zen, 493. urtean hain zuzen ere. Mendebaldeko muinoaren erdialdean kokaturik dago eta haitzulo guztietatik handiena da. Nitxoetan dauden Budaren estatuak oso ondo landuta daude. Wei iparraldeko kaligrafia bikainez egindako 600 inskripziotik gora ere aurkitu dira[2].

Estatua guztien artean hiru oso handiak dira. Erdikoa Sakyamuni Buddha da eta alboetan Bodhisattvak ditu.

Binyang aldatu

Hiru kobazulok osatzen dute, erdikoa da handiena. 500 eta 523 urteen artean eraiki zen eta 800.000 langilek parte hartu zutela esaten da. Bost estatua oso handi ditu, erdian Buda eta alboetan bina Bodhisattva.

Sabaian lotoaren formako dosela du eta hormetan enperadoreen prozesioa azaltzen duten erliebe lanak.

Fengxian aldatu

Errezutarako erabiltzen zen haitzulo handi bat da. 672 eta 676 artean eraiki zuen Wu Zetian enperatrizak. 39 x 35 metroko neurriak ditu eta Longmen lezieetako Budaren estatuarik handiena du barnean. Vairocana Buda da, 17 metroko altuera du eta haren belarriak 2 metro luze dira[2].

Tenpluak aldatu

Leizeen inguruan hamar tenplu budista daude. Zaharrena Xiangshan tenplua da. Gaur egun ikusten dena 1707 urtean berreraikitakoa da. Bai lorategien tenplua ere aipagarria da. Azkenik Bai Juyi poetaren hilobia dago[3].

Panoramikoa aldatu

 

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Longmen Grottoes» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  2. a b «Longmen Caves - Henan, China» www.sacred-destinations.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  3. «Longmen Grottoes» www.lmsk.cn (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).

Kanpo estekak aldatu