Buddleja davidii

Lila izun» orritik birbideratua)

Buddleja davidii, batzuetan Budleia, Lila izuna edo Tximeleta zuhaitza deitua, Buddleja generoko zuhaixka da. Txinan du jatorria, baina ia mundu osoan bertakotu da. Euskal Herrian, Europako beste hainbat lekutan bezala, landare inbaditzailetzat hartzen da[1][2]. Izenaren bigarren zatia, davidii, Armand David ezpeletar botanikoaren omenez du.

Buddleja davidii
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaLamiales
FamiliaScrophulariaceae
GeneroaBuddleja
Espeziea Buddleja davidii

Eiteak eta loreek lila (Syringa vulgaris) zuhaixkaren antza dutenez, batzuetan nahastu eta hainbat testutan lila izenarekin agertzen da. Horregatik, batzuetan lila izuna ere erabiltzen da.

Ezaugarriak

aldatu
 
Infloreszentziaren xehetasuna
 
B. davidii × fallowiana barietatearen loreak

Zuhaixka hostoerorkorra da, 2-3 m garai izan daitekeena. Hosto lantzeolatu eta zerradunak ditu; hostoen gainaldea berdea da, eta azpialdea, grisa.

Adarren muturrean buruxka itxurako infloreszentziak ditu eta loreak kolore askotakoak izan daitezke: anilak, urdinak, gorrindolak, arrosak, gorri-moreak, zuriak, etab. Udan hasi eta udazkenera arte irauten du loraldiak. Adar okertuen muturrean kono luze eta estuak osatzen dituzte lore ugariek. Loreek tximeletak erakartzen dituzte, zeinak nektar lurrintsuaz elikatzen baitira.

Landareak urtarrilean eta otsailean barreiatzen ditu haziak. Landare bakoitzak batez beste 3 milioi hazi botatzen duela jotzen da. Haziek zenbait urte iraun dezakete ernamuindu gabe. Gainera, adar zatiek begetatiboki hazteko ahalmena dute, eta horrek arazoak sortzen ditu ibaietan. Landarea erauzi ondoren sustrairen bat geratzen bada berriro haz daiteke.

Ekologia

aldatu

Bere jatorrizko ingurunean, buddleja zuhaixka-lahardietan hazten da ingurune menditsuetan, Txinako azalera handi batean (Gansu eskualdetik Guangxira).

Landare apaingarritzat eraman zen Txinatik kanpo, klima epeleko eskualdeetara. Lorategietatik ihes egiteko ohitura du, eta bertakotzekoa. Batez ere ezponda, orube huts, bide ertzetan (autobide eta burdinbideetan) eta ingurune artifizialetan ezartzen da, landare aitzindarien ezaugarriak dituelako.

Tximeletentzako balizko interesa, hauek erakartzeko duen ahalmenetik datorkio, nektar eta polen iturri garrantzitsua baita.

Hala ere, nahiz eta tximeleta heldu (imago) ugari elikatu, bere beldarrek ez dituzte hostoak jaten[3]. Gainera, garatzeko erraztasuna izanik lursail huts edo abandonatuetan (lur kutsatuak izan daitezkeenak) eta autobide edo trenbide ertzetan (non ozono tasa handiak jasaten dituen[4]), tximeletak erakar ahal dituzte toki kutsatuetara edo ibilgailuekin talka-arriskua dagoen lekuetara. Horrela, nahiz eta onuragarri itxura izan, tximeletentzako tranpa ekologiko izan daitezke.

Landare inbaditzailea

aldatu

Bertakotzen den tokietan oso azkar naturalizatzen da, eta benetako arazoa bihurtzen da maiz. Izan ere, ibaietako landare autoktonoekin lehiatzen da, eta bertako zuhaitz eta zuhaixka espezieak haztea eragozten du. Leku askotan ibaira iristea ere eragozten du eta, gainera, uraldiek azaleko sustraiak arrastatu ditzakete, eta ibaiertzak higatu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Imaz Amiano, Eneko; Elhuyar. (2002). Adi, hemen ditugu!. .
  2. Espainiako nekazaritza ministerioa (mapa). Buddleja davidii(CATÁLOGO ESPAÑOL DE ESPECIES EXÓTICAS INVASORAS). .
  3. Genevako errepublika eta kantoia..
  4. Douglas A. Findley, Gary J. Keever, Arthur H. Chappelka, D. Joseph Eakes and Charles H. Gilliam ; Differential response of buddleia (Buddleia davidii Franch.) to ozone Environmental Pollution, Volume 98, Issue 1, 1997, Pages 105-111 (laburpena)

Kanpo estekak

aldatu