Landare inbaditzaileak edo landare arrotz inbaditzaileak (LAI) ingurunekoak bertakoak ez diren landareak dira, gizakiak nahita edo nahi gabe bertakotuak, ingurune berrian garapen handia izan dutenak, bertako espezieak eta oreka ekologikoa arriskuan jartzeraino.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Nola iristen dira espezie inbaditzaileak ekosistema berrietara?
Panpa-lezka edo Panpa belarra (Cortaderia selloana), Euskal Herrian ugaritu den LAI espeziea.

Sarrera aldatu

Landare inbaditzaileen fenomenoa ez da atzoko berria. Nekazaritzaren hasiera-hasieratik, gizakiak lurrari emandako erabilpenaz baliatu dira zenbait landare-espezie. Landare horiek planetan zehar sakabanatu dira eta, aldi berean, gizakiaren biziraupena bermatu dute, arestian ez zuen elikadura ziurtatu baitiote.

Hala ere, oraintsu, zenbait landare- eta animalia-espeziek izurriteak sorrarazi dituzte. Lokalak izatetik kontinentalak izatera edo, are gehiago, globalizazioaren gertaera bat izango balitz bezala, planetarioak izatera bilakatu dira.

Izurrite oso ezagunak izan dira historian zehar, adibidez, Australian XX. mende hasieran gertatutakoa. Dena den, oraindik ez dugu landare inbaditzaileek ingurumenean sorrarazten dituzten eraginak aurreikusten ikasi. Landare horiek Europan eragindako galera ekonomikoak hainbat miloi eurotakoak dira.

Hala eta guztiz ere, galerarik bortitzena ez da dirutan zenbatzen, ekonomia-kontzeptuak zabal gainditzen ditu-eta. Galerarik bortitzenak gure habitat naturalen eta ekosistema-dibertsitatearen desagerpenak dira.

Jatorria aldatu

Landareak Lurreko ekosistema guztietan jaio, hazi eta ugaldu dira era naturalean. Mila urtetan zehar landareek eboluzionatu egin dute etengabeko aldaketan dauden ingurumenetan. Horiekiko egokitzapenak garatu dituzte, espazio eta baliabideak lortzeko lehian aritu dira eta, denbora igaro ahala, oreka iraunkorra sortu dute.

Europan, landare arrotzen fenomenoa orain dela 7.000 urte sortu zen, gizakiak eraginda. Nekazaritzaren hasieratik elikagai modura erabilitako zenbait landare-espezien hedapenean lagundu zuen, laboreak batez ere.

Garia, garagarra eta beste labore batzuk basa landareak ziren. Gizakiak espezie horiek landatzeko aukeratu zituen eta, ondorioz, oinarrizko monolaborantzak garatu ziren. Horiei esker, aipatutako espezieak ugaritu ziren besteekin konparatuz.

Landare exotikoen hiru garapen-aldi bereizi dira:

  • Neolitoa-XV. mendea: Oinarrizko nekazaritzaren garapenari dagokion tarte honek zenbait gramineoen hedapena sorrarazi zuen. Adibidez, garia, garagarra, arroza eta oloa. Landare horiei arkeofitoak deritze eta bizirauteko gizakiaren etengabeko nekazaritza-lana behar dute. Landare horiek zuten inbasio-esparrua txikia zen, kasu gehienetan, era naturalean ezinezkoa baitzuten biziraupena.
  • XV. mendea-XX. mendearen hasiera: Europarrak Amerikatik etorri zirenean, hainbat landare arrotz sartu zituzten kontinente zaharrean. Horietako askok egungo euskal nekazaritza eta sukaldaritzaren parte bihurtu dira (patata, piperra, indabak edo babarrunak, tomatea, etab.). Beste batzuk, aldiz, kontrolik gabe hedatu ziren Europan zehar (Robinia pseudoacacia etab.).
  • XX. mendea-gaur arte: Itsasoz, lurrez zein hegazkinez garatutako garraio interkontinentalaren hedapenak landare-espezie askoren hazien zabaltzea eragin du. Horietako batzuk klima eta ingurumen-baldintza egokiak topatu dituzte kontrolik gabe hedatzeko. Lorategietatik edota etxe pribatuetatik etorritako apaindura-landaren hedapena (Cortaderia selloana, Baccharis halimifolia etab.) bereziki esanguratsua da.

Ezaugarriak aldatu

 
Acacia dealbata

Landare inbaditzaileek arin kolonizatzen dituzte beharrizan ekologikoak garatzeko aldekoak diren lurraldeak. Inbaditzaile gehienek ezaugarri antzekoak dituzte: hazkuntza-tasa handia, heltze arina, hazi-ekoizpen handia eta, haizea, ura edo hegaztiak erabiliz, luze hedatzeko barreiatze-mekanismo efikazak. Inbaditzaileek espezie aitzindariak izan beharko lukete, jatorriz inbaditutako lurraldearen antzeko kliman bizi daitezkeenak eta jatorrizko tokietako parasito, izurri zein konpetentziarik gabe erruz ugaritzen direnak. Hala ere, orokortze honek ez ditu deskribatzen landare inbaditzaile guzti-guztiak. Landare horiek guztiak bereizten dituen ezaugarria ondorengoa da: “denek arrakasta dute naturalak ez diren urruneko eskualdeen kolonizazioan” (Fran Silvan eta J.A. Campos, 2001).

Landare horien hedapen eta garapenean lagunduko duten zenbait estrategia daude:

Landare batzuk ekosistema hautakorretan agertzen dira, espazio-lehia ez dago eta. Horrela, dunetan hazkuntza begetatibo nabarmena duten, eta ondorioz, espazio handia betetzen duten landareak agertzen dira. Horiek, bertoko landareek behar duten argi-sarrera zailtzen dute. Horrelako batzuk Acacia dealbata, Carpobrotus edulis, Paspalum vaginatum eta Reynoutria japonica dira.

Beste batzuk, gazte-gaztetik, hazi-ekoizpen handia dute. Hazi horiek hegazkorrak dira eta, beraz, zabal hedatzen dira. Mota honetakoa da kostalde atlantikoaren izurriterik handienetakoarena: Baccharis halimifolia zuhaixkarena, alegia. Horrek 2-3 urterekin haziak ekoizten ditu. Hazi-ekoizpen handi horrek espeziaren arrakasta ehunekoa goratzen du eta haziak eskualde zabaletan hedatzen dira.

LAI ingurumenean aldatu

Landare arrotz baten sartze-prozesuko lehenengo urratsa hazi edo aldaxka baten sustraitzea da. Horretarako, landareak ingurumen-baldintza egokiak aurkitu behar ditu heldua izan eta haziak ekoizteko.

Hasierako aldian, landutako lurzoruak kolonizatzen ditu, hots, ondo nitrogenatutako eta landaredirik gabeko lurzoruak. Eskualde horietan inbaditzaileak ez du bertoko landarediaren aldetik oztopo handirik pairatzen. Lurzorua aldaketarik ez badu jasotzen landarea garatuko da heldua izan arte. Hasierako aldian, ekosistema naturalak ez dira kaltetzen landaredi ugaria eta espezien arteko lehia handia dagoelako. Horrek gelditzen du landare arrotz inbaditzaileen (LAI) etorrera.

LAI komunitatea egonkortu ondoren, alboko eskualdeetan hedatzen doa. Bigarren urrats horretan, ekosistema naturalak kaltetuak suertatzen dira. Maiz, espezie hauei ez zaie ipintze behar beste arreta, espazioaren okupazioa handia den arte edota inguruko jarduera ekonomikoen gainean eragin negatiboak izan arte.

Ekosistema baten okupatu gabeko nitxo ekologikoak daudenean, LAIen mesederako da. Horien adibideak dira nekazaritza lurzoruak, dunak, zabortegiak, nekazaritza ustiapen gabeko larreak eta abar. Arerio naturalik ez egotea beste aldagai onuragarria da landare horientzat. Arerioak egotekotan izurritearen hedapena murriztuko litzateke. Hala ere, kontu handiz jokatu behar da arerio natural horiekin, landare inbaditzaileena ez ezik, beste bertoko landareena ere eragin ditzaketelako, berriro beraiek ere izurritean bilakatuko direla.

Sorrarazitako arazoak aldatu

Landare arrotz guztiak ez dira inbaditzaileak. Hala ere, baldintza egokietan inbaditzaile izatera heldu daitezke. Baieztapen horretatik abiatuta, esan behar da LAI bakoitzak eragin desberdinak sorrarazten dituela ekosistema naturaletan. Horretan, kontuan hartzekoak dira ekosistemaren azalera, zaurgarritasuna, balioa, etab.

LAIen inbasioaren ingurumen ondorioak honakoak dira:

  • Landaredi potentzialaren desplazamendua, horren aurkako lehia eta zenbait kasutan ezabapena.
  • Faunarentzako ekosistema eta habitat naturalen sinplifikazioa eta ezabapena.
  • Paisaia naturalen alterazioa.
  • Lurzoruaren konposizio fisiko-kimikoa eraldatzea.
  • Biodibertsitatea txikitzea edota ezabapena.

LAIak zabaltzean hedatze-ahalmena aldagai oso garrantzitsua da. Adibidez, Cortaderia selloana edo Panpako lezka edo Panpa belarra XX. mendeko 90. hamarkadan ez zen ugaria Euskal Herrian, eta errepide ertzetan edo larreren batean baino ez zen agertzen. Gaur egun, berriz, mehatxu larria da ekosistemetarako. Bere hedapenaren hazkundea geometrikoa eta kontrolbakoa da. Urdaibain, landare horrek hainbeste hazitoki ditu, eta haietatik Biosfera Erreserba osoan barrena hedatzen dabil.

Izurrite horiek, denbora igaro ahala, ondare naturalaren galeretan islatzen dira, galera ekonomikoetan alegia. Adibide gisa, Urdaibain dagoen izurriterik bortitzena den Baccharis halimifolia landare inbaditzailearena dugu. Berau “kontrolatzeko” mila miloi dolar gastatzen ohi dira Australian.

Kontrol metodoak aldatu

Ez dago erabat efikaza den metodorik; hala ere, arazoa ezagutzea eta horri aurrea hartzea metodorik egokiena da. Prebentzioa erabaki politikoetan hasi eta norberaren jarreran amaitzen da. Prebentzioari buruz hauxe esan behar da: “erremediorik hoberena, botika gabekoa”. Honekin, LAIek sorrarazitako etengabeko apurka-apurkako aldaketak aurreikusiko dituen alerta-sistema egokia izatea oso komenigarria dela esan beharra dago. Prebentzioa bi urratsetan banandu daitezke:

  1. Informazioa: Landare inbaditzaile gehienak ornamentazio lorezaintzatik datoz. Hortaz, espezie ezagututa, ingurumenean arriskuak sortuko ez dituztenak aukera ditzakegu.
  2. Foku-ekintza: Arazoa sortzen denean, alerta-sistema azkarra egon behar du izurritearen hasierako fokuei ekiteko. Izurritea hedatzen bada, arazoa aurre-aurrean egongo da eta dimentsio komunitarioak har ditzake. Momentu horretan administrazioa eta boluntarioen arteko lana suspertzea oso garrantzitsua da.

Kontrola eta deuseztapena aldatu

  • Ekosistema naturalen gaineko eragina sorrarazten duten espezie arrotz inbaditzaileen arrisku-mailaren araberako zerrenda edo katalogoa egitea.
  • Lorategietan erabiltzen diren espezieak arautu (lorategietako nagusiekin hitzartu espezie arriskutsuak ez saltzeko) edo, beharrezkoa denean, galasotuko duen arautegia eratzea.
  • Izurriteen hedapen-fokuen deuseztapena sistema biologikoen bidez sustatzea, metodo horiek ingurumenean kalterik ez dituztelako.
  • Prebentziorako alerta-sistema eratzea. Sistemak hedapen-fokuetan ekiteko beharra aztertuko luke.

Bibliografia aldatu

  • CAMPOS, J.A.; SILVÁN BERAZA, F. (2001): Flora exótica de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai. Evaluación de impacto ambiental. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatua. Gernika-Lumo (Bizkaia).
  • HERRERA GALLASTEGI, M.; CAMPOS PRIETO, J.A. (2003): Gestión de especies exóticas invasoras (EEI) vegetales: metodología para establecer prioridades de actuación. I Congreso nacional sobre especies exóticas invasoras “EEI 2003”, Leon, 2003ko ekainaren 4-7a.
  • RECARENS,J.; CALVET, V. & CONESA, J.A. (2003): Comportamiento demográfico, en ecosistemas agrícolas, de una mala hierba alóctona invasora. . I Congreso nacional sobre especies exóticas invasoras “EEI 2003”, Leon, 2003ko ekainaren 4-7a.
  • DE LA TORRE FERNÁNDEZ, F. & GUTIÉRREZ GARCÍA, J.L.: Control de plantas invasoras en el litoral asturiano por la Dirección General de Costas (Ministerio de Medio Ambiente).
  • CEPEDA MARTÍN, X. (2003): Urdaibaiko Biosfera Erreserbako landare arrotz inbaditzaileak ezagutu eta kontrolatzeko eskuliburua. Aixerreku elkarteak eta Urdaibaiko Galtzagorriak plataformak argitaratuta. Gernika-Lumo (Bizkaia). 30 orr.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu