Kutz garagardo fabrika

Donostiako garagardo fabrika

Kutz garagardo fabrika Donostiako antzinako garagardo-lantegia izan zen, Ategorrieta auzoan zegoena. Benedikt eta Klaus Kutz anaiek 1872an ireki zuten, eta 1920an itxi zen.[1]

Kutz garagardo fabrika
Datuak
Motagaragardo fabrika
HerrialdeaGipuzkoa
Jarduera
Ekoizpena
Historia
Sorrera1872ko martxoaren 15a
Desagerpena1920

Historia

aldatu

Kutz anaiak Ulmekoak ziren, Estrasburgo eta Munich arteko erdibidean dagoen hirikoak. Benedikt garagardo-maisua 1867an iritsi zen Donostiara, 20 urte inguru zituela. Filadelfiara joateko asmoa omen zuen baina, maitasuna zela-eta, bertan geratu zen. Beti ere, laster ohartu zen oso hiri erakargarria zela, bai zerbitzu-sektorerako, bai turismorako. Hiru urte geroago heldu zen Klaus anaia. Biak Igarzabal Zipitria ahizpekin ezkondu ziren.[1][2]

1872ko martxoaren 15ean, bi anaiek alemaniar garagardotegi bat ireki zuten Ategorrietako Txofre Mayor baserrian. Horretarako, 13.000 metro karratuko lursaila zuen baserri zahar hori alokatu zuten. Baserria Frantziako errepidearen bazterrean zegoen, Txofreko iturri famatuaren ondoan. Izotz-fabrika bat ere ezarri zuten bertan, ezinbestekoa baitzen kalitatezko garagardoak ekoizteko. Ondoan, otorduak egiteko lorategi ederra zeukan, mahai eta aulkiez hornitua.[1]

1878an, Txofre Mayor etxaldea erosi zuten, 65.000 pezeta ordainduta. 1881ean, negozioa martxa onean zihoala, bi anaiek bereiztea erabazi zuten; Klausek jarraitu zuen Ategorrietako garagardotegiarekin, eta Benediktek beste fabrika bat sortu zuen, Antigua auzoan: El León garagardoak.[1] 1898an, E. Flageyk bi garagardotegietako lorategiak goraipatu zituen, biak ere Erdialdeko Europako biergartenen antzera prestatuak.[2]

1887an Ategorrietako Jai Alai frontoia zabaldu zenetik,[3] Kutz garagardotegiak urrezko garaia bizi izan zuen. 1902tik 1904ra Donostiako lehenbiziko tenis kluba eta 1903an Txofreko zezen plaza berria ireki izanak ere mesede egin zion. Klaus Kutz eta haren emazte Agustina Igarzabal 1895ean zendu ziren, eta negozioa seme-alaben esku geratu zen (Ramón Kutz y Hnos). Hala ere, artean gazteak zirenez, beste senitarteko bat arduratu zen garagardotegiaz, Albín Kutz Graf.[1]

Hiriaren hedatzea zela-eta, 1915etik aurrera Kutz familiaren lurretan eraikitzen hasi ziren. 1920an, garagardo fabrika eta Txofreko instalazioak Maria Sortzez Garbiaren Institutuko erlijiosoei saldu zitzaizkien, komentua eta eliza eraikitzeko.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Fernandez Beobide, J.J., Horcajo, Lola. 150 años de la cervecería Kutz en San Sebastián. El Diario Vasco, 2022ko martxoak 7 (Noiz kontsultatua: 2024-6-26).
  2. a b Kutz panteoia. Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak, donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-6-26).
  3. El Frontón Jai Alai de San Sebastián. Revista San Sebastian, 2017ko abenduak 17, revistasansebastian.com (Noiz kontsultatua: 2024-6-26).

Kanpo estekak

aldatu