Kurukan Fuga
Mandeneko Gutuna
1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Kouroukan Fougaren atea, Kangaban, Mali Errepublikan

Mota Kultura Ondare Immateriala
Erreferentzia 00290
Kokalekua  Mali
Eskualdea2 Afrika
Izen ematea 2009 (XXXIII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Kurukan Fuga edo Mandeneko Gutuna munduko konstituzio zaharrenetako bat izan zen[1].

Testuingurua aldatu

XII. mendean, Afrikan, Ghanako Inperioak gainbehera egin zuen almorabideen etengabeko inbasioen eraginez. Orduan, sossoen errege Sumanguru Kantek Ghanako hiriburu zaharra hartu zuen, botere hutsunea baliatuz. Eta lurraldeak konkistatzen jarraitu zuen Mandeneraino, mandingen lurralderaino[1].

1235ean, Sundiata Keita mandingen printze erbesteratuak koalizio bat osatu zuen inguruko erresuma txikiekin sossoei aurre egiteko. Eta urte hartan bertan mandingek Koulikoroko gatazka irabazi eta Maliko Inperioa, boteretsua, sortu zuten, Sundiata Keita mansa (enperadore) izendatuta[1].

Garaipenaren ondoren, lurralde zabala antolatu eta lege-multzoa sortu behar zen. Hala, enperadorea eta jakintsuen kontseilua Kurukan Fugan bildu ziren 1236an Mandeneko Gutuna idazteko; munduko konstituzio zaharrenetakotzat jo daiteke[1].

Edukia aldatu

Hitzaurrea eta 44 artikulu dauzka gutunak eta besteak beste, aniztasunean oinarritutako bake soziala, hezkuntzarako eskubidea, elikadura segurtasuna, esklabotzaren abolizioa eta adierazpen askatasuna jasotzen ditu. Ziurrenik praktikan kontraesanak eragin zituen legeon aplikazioak; XVI. mendean inperioak gainbehera egin zuen arte, Maliko mansak munduko pertsonarik aberatsenetakotzat zeuzkaten eta hori ez da ondo ezkontzen berdintasunarekin. Hala ere, gutunak askoz berriagoak diruditen kontuak jasotzen ditu[1].

Pertsona guztiek dute bizitzeko eskubidea. Ez dago besteen gainetik dagoen pertsonarik”. Eta emakumeak barne hartzen zituen baieztapen horrek: “Ez itzazu emakumeak iraindu, gure amak dira. Gure kudeaketa lan guztietan parte hartu behar dute”. Baita esklaboak ere: “Hemendik aurrera inork ez dio hurkoari mozala ahoan jarriko merkatuan saltzeko. Esklabotzaren oinarria gaur bertan itzaliko da[1].

Esan bezala, hezkuntza eskubidea jaso zuen testuak: “Haurren heziketa gizarte osoaren ardura da. Guztiok zuzendu eta zaindu behar ditugu haurrak”. Eta adierazpen askatasuna ere bai: “Esan nahi duena esateari esker bizi da espiritua[1].

Ingurumena hizpide zuten legeek halaber: “Basoak zaindu behar dira guztion zorionerako. Zuhaixka bati su eman aurretik, jaso burua eta begiratu zuhaitzen adaburuei”. Dibortzioa legezkoa zen eta “ezkontideetako batek eskatuta” ematen zen. Eta lapurretaren kontzeptu interesgarria zuten: “Jateko beharra asetzea ez da lapurreta, gosea arintzeko behar adina soilik hartzen bada[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h Irazustabarrena, Nagore. (2017-17-16). «Erdi Aroko konstituzio afrikarra» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu