Korrikaren lekukoa

Eskuz esku eramateko eskultura

Korrikaren testigua edo lekukoa, hau da, korrikalarien eskuz esku daramaten makila Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena. Mendiburu hil ondoren, 1988az geroztik, Juan Gorriti eskultoreak aldaketa txiki batzuekin eginiko kopia da herriz herri dabilena.[1]

Korrikaren lekukoa
Jatorria
Sortzailea(k)Remigio Mendiburu eta Juan Gorriti
Sorrera-urtea1980
IzenburuaKorrikaren lekukoa
Ezaugarriak
Materiala(k)zurra
Kokapena
LekuaSan Telmo Museoa
Bildumamodernitate
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Lehenenego lekukoa Donostiako San Telmo museoan ikus daiteke.
Remigio Mendiburu berak sortutako lekukoa eramaten.
Testigua gertutik ikusita. Korrikaren sinboloa da.

Sortzeko prozesua aldatu

Eskultura, berez, testigua apaindutako egurrezko zilindro bat da. Barruan, ibilbide osoan mezu bat darama, bukaeran irakurtzen dena, alegia.

Ikur bereziaren beharra 1980 urteko lehen Korrikaren prestaketarekin batera sortu zen. Hala adierazten du Asier Amondo Korrikaren antolatzaileak San Telmo museoarekin elkarlanean egin duen azalpen bideoan. Hastapenetan Korrikarako «zerbait ikonikoa bilatzen zen, eskuz esku edo herriz herri ibiltzea sustatuko zuena». Ikono huraren bilaketan jo zuten Remigio Mendiburu euskal eskultorearengana.[1]

Objektu preziatua egiteko proposamena jaso bezain laster irudikatu zuen lekukoa Mendiburuk, eta ideiari egungo forma emateko asmotan bildu zen Juan Gorriti nafarrarekin, Atallun duen etxean. Bi artistek motrailua izan zuten inspirazio iturri; ondoren, Mendibururen ideia izan zen zulotxoak gehitzearena: «Goian egin zizkion lau, ondoren beste hiru eta beheko partean beste hainbeste, baina ez dakit zergatia», azaldu izan du Gorritik. Era berean, zehaztu duenez, hasierakoa egungo lekukoa baino «zertxobait txikiagoa zen». Dena dela, «lekukoa Remigiorena da, ez nirea. San Telmokoa ikusi baduzue, berdin-berdina da, baina materiala hobetu dut», azaldu zuen Gorritik, 2022an elkarrizketa batean.[1]

Ikurra bukatuta, hura «barrutik hustea» erabaki zuen eskultoreak, eta hala aurkeztu zien AEK-ko arduradunei ere: «Zuek ikusi zer sartzen duzuen barruan, esan zien», azaldu du Amondok. Orduko antolatzaileek argi ikusi zuten mezu edo eskutitz baten gordailu izan zitekeela ikur hura, eta hala egin zuten 1980ko lehen Korrikan.[1][2]

Aldaketak aldatu

Juan Gorritiren hitzetan oso aldaketa txikiak egin ditu testiguan: zertxobait handiago izanda, "berdin-berdina da, baina materiala hobetu dut». Askotariko baldintza klimatikoak eta eskuen hartu-emanak lekukoa kaltetu dezakeela jakinda, pagoa erabili ordez, ezpel arruntezko zurarekin sortu zituen gainerakoak artista nafarrak: «Jende askok eskutan ibiltzen du, eta beharbada alde egin, beste batzuetan eraman, eta auskalo zer gerta dakiokeen». Hori horrela, beste hainbat ditu gordeta bere tailerrean, «bat batean» beharrezkoa izan baitaiteke, Euskal Herriko edozein txokotan.[1]

San Telmo museoan aldatu

AEK-k San Telmo Museoari eskaini zion Remigio Mendiburuk egindako lekukoa herritarrentzat ikusgai egon zedin eta ordezkoa Juan Gorriti eskultoreak egin zuen, aurrekoaren kopia dena.

Remigio Mendiburuk Korrikaren lehen sei edizioetarako sei lekukoak egin zituen 1980 eta 1988 bitarte. 1995ean, 9. korrikaren atarian, Euskal Herria zortzi aldiz zeharkatu ondoren eta guztiz hondatu baino lehen, Mendiburu hiltzerakoan, gelditzen zen ale bakarra San Telmo Museoari eskaini zioten AEK-ko kideek, eta ordutik ikusgai dago museoko erakusketa iraunkorrean,[3] Modernitatearen hasiera atalean.[4][1]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu