Karausiar Matxinada
Karausiar Matxinada (286–296) Erromako historian, Karausiok bere burua Britania eta Galia iparraldeko enperadoretzat jotzean gertatu zen. Karausio hil eta 293an Zesarrek Galia lurraldearen agintea hartu zuen eta 296an, Asklepiodotusek Britaniako lurraldea hartu zuen[1].
Gertaerak
aldatuTestuingurua
aldatu286an, Galian, Maximiano erromatar enperadore berriak bagauden aurkako kanpaina abiatu zuen. 285ean, Dioklezianok matxino bagaudak mendean hartu zituen euskal lurraldeetan eta urtebete geroago Galian geratzen ziren erreboltariak txikitu zituzten. Kanpaina horretan, besteak beste, Marko Aurelio Karausio nabarmendu zen. Galia Belgika probintzian jaioa, Karausio menapioa zen jatorriz, baina inperioaren alde ari zen. Aurrez marinel lanetan izandako esperientziari bagauden kontrako arrakasta erantsita, Karausio Classis Britannica Britania probintziako itsas armadako komandante izendatu zuten. Senatuak Mantxako kanalaren alde banatako herriei erasotzen zieten piratak egozteko agindua eman zion[1].
Independentzia aldarrikapena
aldatuUrtebetean, komandanteak egitekoa bikain bete zuen, harrapatu zituen itsasontzi kopuruari erreparatuz gero. Metodoari begiratuta, arrakasta ez zen hain garbia. Karausiok herriak arpilatzen uzten zien piratei eta gero ontziak atzematen zituen –Erromaren mesedetan– eta harrapakina ere bai –bere buruarenean–. Piratekin tratuak ere egin omen zituen, lapurtutako ondasunak banatzeko. Praktika zalantzagarrien zurrumurrua Erromaraino iritsi zen eta Maximianok Karausio exekutatzeko eskatu zuen. Epaiaren berri izan zuenean, Karausiok modu nabarmenean erantzun zuen: Classis Britannicaren, inguruko piraten, Britaniako hiru legioren eta Galiako beste legio baten babesaz, Britaniako independentzia aldarrikatu zuen eta bere burua bertako enperadore izendatu[1].
Eta Erromaren etsai bihurtuta, lagun berriak erraz egin zituen: piktoek eta erromatarren menpean zeuden beste herri batzuek Britaniako enperadore berriarekin bat egin zuten. 288an, Maximiano probintzia ohia berreskuratzen ahalegindu zen, baina Karausiok eta bere inguruan bildutakoek lortu zuten garaipena[1].
Erromatar Inperioaren agintea lautan banatuta zegoen: bi Augusto (Diokleziano eta Maximiano) eta bi Zesar (Galerio eta Konstantzio). Ezegonkortasun hori baliatu zuen Karausiok bere boterea egonkortzeko, harreman diplomatikoak abiaraziz, aliantza berriak bultzatuz eta Mantxako kanalaren kontrola indartuz. Txanpon propioak ere egin zituen, bere aurpegiarekin eta Restitutor Britanniae eta Genius Britanniae lelo apalekin. Antolakundeak zazpi urte iraun zuen[1].
Gainbehera
aldatu293an Konstantziok Karausioren tropak menperatu zituen Galian. Beste hiru urte beharko zituzten Britainiar uharteak berreskuratzeko, baina Karausio 293an bertan hil zuen Alekto adiskideak. Heriotzean ez zuen Erromatik bereiztea lortu, lagunak laguna hiltzea erromatar "tradizioa" baitzen[1].