Kapela

burua estaltzen duen jantzia
Artikulu hau Kapela (argipen) buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kapela (argipena)».

Kapela,[1] iparraldean txapela,[2] jantzi mota da, burua estaltzeko erabiltzen dena, bai eguzkitik edota hotzetik babesteko, bai eramailearen estatus soziala markatzeko. Batzuetan, zehazki, buruko jantzi zurruna eta hegalduna izendatzeko erabiltzen da.[1]

Kapela
buruko osagarria

Historia

aldatu

K.a. XXX. mendea baino lehenagoko kapelen berri gutxi dagoen arren, ziur aski ohikoak izanen ziren. Ikerlari batzuen arabera, duela 27.000-30.000 urteko Willendorfeko venusa irudiak puntuzko burugainekoa darama.[3] Ezagutzen den kapelarik antzinakoenetako bat, Alpeetako glaziar batean agertu zen Ötzi momiarena da. Duela 5300 urte inguru bizi izan zen, eta hil zelarik hartz larruz egindako txanoa zeukan buruan.[4]

Margolan batean ageri den lehenbiziko kapeluetako bat K.a. 3200 aldekoa da. Tebasko (Antzinako Egipto) hilobi batean dago, eta lastozko kapelua daraman gizon bat irudikatzen du. Izan ere, Antzinako Egipton hainbat kapela mota erabiltzen zen.[5]

 
Attisen irudia, buruan frigiar txanoa duena. II. mendea.

Antzinateko kapelarik ezagunenetako bat frigiar txanoa da, frigiarrek ez ezik, Anatoliako eta ekialderagoko nazioetako biztanle askok erabiltzen zutena. XVIII. mende amaieran, Amerikako eta Frantziako iraultzetan, txano hori monarkiaren aurkako eta askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo gisa hartu zuten.[6] Antzinako Grezian, petasoa janzten zuten mendian zeudelarik, eguzkitik eta euritik babesteko. Pileo izenekoa (latinez: pileus), berriz, askatutako esklaboek erabiltzen zuten erromatarren garaian.[5][7]

Lastozko kapela oso erabilia izan da historin zehar. Horren asmatzaileak txinatarrak izan zirela uste da, eta bertako emigratzaileek zabaldu izanen zuten beste herrialde askotara.[7] Feltrozko kapelaren erabilera, berriz, XIV. mendetik aurrera orokortu zen Europan. Hegal zabala eta gaina konikoa duenari txanbergo deitzen zaio, eta hainbat ereduren oinarria izan zen.[8]

Erdi Aroan, emakumeen burugainekoek, buruko zapi xumeetatik hasi eta hennin landuetaraino, gizarte-estatusa adierazten zuten. XVII. mendearen amaieran hasi zen emakumeen buru-estalkia bere horretan sortzen, gizonezkoen kapelu-modaren eraginik gabe. Anitzetan kapelagileak emakumeak izaten ziren, kapelak eta bonetak egiteaz gain, parpailak, apaindurak eta joskintzako osagarriak ere ekoizten zituztenak. XIX. mendearen hasieran, lastozko kapelak ziren nagusi emakumeen modan, baina bestelako materialak ere sartuz joan ziren, hala nola, tula edota belusa.[5]

 
Ezker-eskuin: kapela luzea, plater-kapela, fedora, onddo-kapela. Suedia, XX. mende hasiera.

Gizonen kapelei dagokienez, XVIII. mendearen amaieran agertu ziren lehenbiziko kapela luzeak. XIX.aren erdialdetik aurrera, ordea, onddo-kapelak ordeztu zituen. XIX. mendearen amaieratik 1950eko hamarkadara, industria-ekoizpena ezarri zen eta kapela erdi-malguak (honburgak, Stetson kapelak) eta malguak (fedorak eta kapela zabalak) erabiltzen hasi ziren.[8]

Zatiak

aldatu

Kapelak elementu hauek izan ditzake:

  • Gaina: kapelaren goiko aldea, buruaren formara egokitzen dena. Itxura desberdinak izan ditzake, hala nola, laua, borobila, konikoa edo zatitua.
  • Hegala: kapelaren zirkunferentziaren inguruko gainazala, erabiltzailea eguzki-izpietatik babesteko funtzioa duena.
  • Badana: kapelaren barnealdeko zerrenda leuna. Erabiltzailearen buruarekin kontaktu zuzenean egoten da, kapela behar bezala doitzeko eta izerdiari eusteko. Material leunez egiten da.
  • Bisera edo aurreko hegala: kapela mota batzuen aurrealdeko gainazala da, aurpegia eguzki-izpietatik babesteko balio duena. Adibidez, txano militarrek eta beisboleko txanoek izaten dute.
  • Kokospekoa: kapelari eusteko zinta, kokotsaren azpitik pasatzen dena; esate baterako, laneko kapelek eta kapela militarrek izaten dute.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Kapela. Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-11-12).
  2. Txapel. Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-11-12).
  3. World's oldest hat revealed. BBC Newa, 2000ko apirilak 25, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-11-12).
  4. Ötzi's clothing. iceman.it (Noiz kontsultatua: 2024-11-13).
  5. a b c A Brief History of Hats. hatsuk.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-13).
  6. Phrygian cap. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-13).
  7. a b Kapelaginak. Antzinako lanbideak, gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-15).
  8. a b Kapelak eta kapelagintza garaikidea. Boinas La Encartada museoa, bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-15).

Kanpo estekak

aldatu