Sahats kantauriar

Kantauriar sahats» orritik birbideratua)

Sahats kantauriarra (Salix cantabrica) Salicaceae familiako zuhaixka da, Kantauriar mendikatean, Urbiónen eta Piriniotan jatorria duena[2].

Sahats kantauriar
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMalpighiales
FamiliaSalicaceae
GeneroaSalix
Espeziea Salix cantabrica

Morfologia aldatu

2-3 metroko altuera lortzen duen zuhaixka da. Adar helduak glabroak dira, beltzak, arre-gorrixkak edo arre-grisak. Zenbait aleren adarren enbor-azala esfoliatu egiten da eta longitudinalki zartatu. Kimu iletsuak dituzte hasieran baina gero glabreszenteak bilakatzen dira.

Sahats kantauriarraren hostoak 5-10 x 1-3 cm-koak dira, transobaatu-lantzeolatuak, lantzeolatuak edo transobatu-eliptikoak. Mutur zorrotza dute, kiribildua. Ertza zerratua da. Zertxobait tomentosoak dira, maiz glabreszenteak gainaldetik eta zilar kolorekoak eta ile gehiagorekin azpialdetik. Erdi-nerbiotik 6-8 pare nerbio sekundario eratortzen dira, hondoratuak hostoaren azpialdean eta nabarmenak gainaldean. Peziolo iletsua dute, 0,5 cm ingurukoa eta oinarri zabalagoa duena. Estipulak forma zerratukoak dira, iletsuak eta iraunkorrak.

Sahats kantauriarra, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Zumeen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude.

Zuhaiska honen amentuak 3-7 x 1-2 cm-koak dira eta pedunkulu brakteadunen gainean hazten dira. Hosto-brakteak iledunak dira eta lore-brakteak transobatuak, ile luzedunak eta mutur kamutsekoak. Lore arrek harizpi askeko estaminak dituzte eta ileak oinarrian. Lore emeek ere pistilo iletsua dute, pedizelatua eta braktearen tamainakoa edo luzeagoa. Estilo luzea dute eta estigma bifidoak.

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira.

Banaketa aldatu

Iberiar penintsulako espezie endemikoa dugu eta mendikate Kantauriarrean, Urbionen eta Piriniotan aurki daiteke.

Ekologia aldatu

Ibai ertzetan, errekastoetan eta bereziki ibar istilduetan hazten dira, 700-1800 metroko altitudean. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia aldatu

Apirila eta ekaina bitartean loratzen da eta fruituak maiatza eta uztaila bitartean heltzen dira.

Kontserbazioa aldatu

IUCN erakundeak ez du landare honen egoera aztertu baina 2011 urteko Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan 'Bakana' bezala sailkaturik dago eta 1977an argitaratutako “Catálogo de plantas vasculares amenazadas del Principado de Asturias” zerrendan agertzen da, espezie mehatxatu bezala.

Salix generoko espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa. Adibidez, sahats ilunekin salix × expectata hibridoa sortzen du.

Erreferentziak aldatu

  1. Rechinger, Karl Heinz. (1962). Oesterr. Bot. Z. (109): 374..
  2. Real Jardín Botánico: Proyecto Anthos. Sahats kantauriar. .


Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.