Kalbinismo

Kalbindar» orritik birbideratua)

Kalbinismoa Joan Kalbin frantziarraren eraginez XVI. mendean sortutako doktrina kristaua da. Jainkoaren agintaritza aipatzen du beste ezeren gainetik, eta bere ereduari jarraituz, gizarte teokratikoa eraikitzea eskatzen du. Fede, tradizio edo teologia erreformatua ere deitu ohi zaio.

Joan Kalbin

Tradizio erreformatuaren aitzindariak Martin Luther, Martin Bucer, Heinrich Bullinger, Peter Martyr Vermigli, Huldrych Zwingli, Thomas Cranmer eta John Jewel dira besteak beste, nahiz eta XVII. mendean Kalbinok izandako pisua dela eta, bere izenez ezagutzen den gehienbat.

Gaur egun, Eliza Erreformatuen Mundu Batasunak (WARC) 75 milioi jarraitzaile ditu.

Zabalkundea

aldatu

Geneva izan zen korronte berriaren erdigunea, eta hortik zabaldu zen Europako beste leku batzuetara, batez ere Eskoziara (John Knox), Herbehereetara (William Ames, T J Frelinghuysen eta Wilhelmus a Brakel) eta Alemaniako ipar-mendebaldera (Olevianus eta Zacharias Ursinus).

Frantzian ere eragin handia izan zuen, baita Hungaria, Transilvania, Lituania eta Polonian ere. Eskandinavian ere zabaldu zen, baina azkenean Luteranismoa gailendu zitzaion.

Europatik at, Ingalaterra Berria, Hegoafrika, Indonesia, Korea, Sierra Leona eta Nigerian ere hedatu da.

Euskal Herrian, Joanes Leizarraga (1506-1601) euskal artzain kalbinista izan zen Itun Berria euskaratu zuen lehena (1571), Nafarroako erregina Joana III.a Albretekoaren enkarguz.

Oinarriak

aldatu

Kalbinoren dotrina, Institutio religionis christianae obran aditzera eman zuena,, puntu hauetan oinarritzen da:

  1. Fedearen iturri bakarra Biblia da; hala ere, lehen bost kontzilioetako dogmak onartzen ditu kalbinismoak.
  2. Fedearen bidez lortzen da salbamena: zeruaren dohaina da eta aurrez aukeratu batzuei bakarrik ematen zaie.
  3. Gurtzak hasierako soiltasunera itzuli behar du; bataioa eta jaunartzea, beste sakramenturik ez da onartzen, sinbolo eta oroigarri balioez.[1]

Kalbinismoaren oinarrietako bat predestinazioa da: horren arabera, Jainkoak hasieratik aukeratu ditu munduaren amaieran salbatuko direnak. Beste guztiak galdu egingo dira. Gizakia, jatorrizko bekatuaren eraginez, guztiz galdurik dago, eta ez da gai bere kabuz Jainkoari baietz esan eta hari jarraitzeko: hori Jainkoaren grazia hutsak egin dezake soilik.

Kalbinismoak eragin handia izan zuen ekonomiaren garapenean, lana goresten baitzuen, eta etikotzat hartzen interesekiko mailegua. Max Weberrek Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua obran Europan kapitalismoaren sorrera ahalbideratu zuen dotrinatzat hartzen du.[2]

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu