Kaio Apuleio Diokles
Kaio Apuleio Diokles (latinez: Gaius Appuleius Diocles; Emerita Augusta, 104 – Preneste, 146 ondoren) Erromatar Inperioan Lusitaniako kirolari hispaniarra izan zen.
Kaio Apuleio Diokles | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lusitania, 104 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Heriotza | Palestrina, ? (41/42 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | Auriga |
Biografia
aldatuKaio Apuleio Diokles 104. urtean jaio zen Lusitania probintziako hiriburuan, Emerita Augustan (egungo Mérida, Espainia). Lusitaniako zaldiak fama handikoak ziren inperioan[1].
18 urterekin hasi zen koadriga lasterketa ofizialetan lehiatzen, talde zuriarekin. 24 urte zituela, talde berdean sartu eta hiru urtez bertan aritu zen eta, azkenik, urte gehienak talde gorriaren alde eman zituen, 42 urterekin erretiratu zen arte. 24 urteko ibilbide luzea ezohikoa zen, auriga asko gazte hiltzen baitziren istripuetan; beste askok lasterketak nahi baino lehenago utzi behar izaten zituzten lesionatuta[1].
Ezohikoa zen, halaber, koadriga gidariaren garaipen portzentajea: %34. Beti ere Erroman egin zioten idazkunaren arabera, 4.257 lasterketatan parte hartu zuen eta 1.462tan irabazi zuen. Beste 1.438 lehiatan bigarren edo hirugarren izan zen helmugan. Gainera, irabazteko inongo aukerarik ez zuela zirudienean, atzetik aurrera egiteko zeukan trebeziagatik zen ospetsua, baita gurdia tiratzen zuten lau zaldien artean ducenarios bat zuelako ere; 200 lasterketatik gora irabazitako zaldia, alegia[1].
Irabaziak ez zetozkion garaipenetatik soilik. Garaiko merchandisingak ere ekarpen handiak egin zizkion Dioklesi. Gladiadoreen eta aurigen zaleek askotariko objektu oroigarriak erosi ohi zituzten: kirolariaren irudia zuten olio-lanparak, mosaikoak...[1]
Erroman, K. o. 146. urtean Kaio Apuleio Diokles auriga erretiratu zen 42 urterekin. Lankide eta jarraitzaileek haren omenezko idazkun bat eginarazi zuten, Dioklesen ibilbide ikusgarria biltzen zuena. Besteak beste, jardunean irabazitako dirutza jaso zuten inskripzioan: 35.863.120 sestertzio[1].
Kirol bizitzaren amaieran ez zen Erromatik asko urrundu. Lazion bertan geratu zen, Praenesten, egungo Palestrinan, eta han hil zen. Heriotzaren dataren berri ez dago[1].
Dioklesek egungo 15.000 milioi dolar irabazi zituen. Aurigaren dirutzarekin inperioko armada osoa hiru hilabetez mantendu zitekeen, edo hiria urtebetez elikatu[1][2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2016-07-31). «Historiako kirolari aberatsena» Argia CC-BY-SA lizentzia.
- ↑ Potter, David Stone. (1999). Life, Death, and Entertainment in the Roman Empire. University of Michigan Press, 296– or. ISBN 0-472-08568-9..