Ireki menu nagusia

Juanito Lope

tolosar eskultore eta marrazkilaria

Juanito Lope —jaiotzako izen-deiturez, Juan Lope Jimenez— (Tolosa, Gipuzkoa, 1917ko irailaren 12a1981eko irailaren 1a) eskultorea eta marrazkilaria izan zen. Bere jaioterriko gizarte bizitzan sendo sustraitua,[1] Juanitoren hainbat busto, eskultura eta marrazki daude Tolosan bertan (Pablo Gorosabel, Adrian Laskibar, Felipe Dugiols, baserritarra, euskal dantza, Wenceslao Maiora, Francisco de Tolosa, Ramos Azkarate, Alexander Fleming, Izaskungo ama birjina…). Tolosaldean ere gordetzen dira bere lanak, hala nola Alegian (Txintxarri elkarteko armarria), Altzon (Erraldoia), Amezketan (Fernando Amezketarra) eta Orexan (Jesukristo). Gainera, Loperen marrazkiak, bustoak eta armarriak hainbat elkarte eta tabernatan ageri dira; eta Ordizian, Beasainen, Zumarragan, Zarautzen eta Zalduondon, besteak beste, tolosarraren lanak dituzte kaleetan.[2]

Juanito Lope
Juanito Lope (Studio).jpg
Bizitza
Jaiotza Tolosa1917ko irailaren  12a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza 1981eko irailaren  1a (63 urte)
Jarduerak
Jarduerak eskultorea eta marrazkilaria

Marrazteko teknika berezia bezain sinplea eta esanguratsua zuen Juanitok. Oinarrizko pintzelkadaz, maisutasunez islatzen zuen pertsonaia guztien izaera. Orri soil batean garatzen zuen jorratu nahi zuen gaia, ironia eta umore finez, plano eta egoera ezberdinetan kontakizun sekuentziala eginez, komikien modura.[3]

BizitzaAldatu

1936an, Tolosako Gorriti zinemako makinista zen; eta, Walt Disneyren marrazkiak ikusita, haiek imitatzen hasi zen. Soldaduskan, zura tailatzea gustuko zuen azpeitiar batek zerbait irakatsi zion, eta horretan hasi zen Tolosako Santa Maria kaleko bere txokoan. Lopetegi donostiar eskulturagileak buztina lantzen irakatsi zion, eta Mariano Benlliure eskulturagile ospetsuak Madrila eraman zuen berekin ikastera. Hala ere, hiru hilabete besterik ez zuen iraun han. Tolosara itzulita, Aste Santuko prozesioetarako pasoak egiten hasi zen. Izena hartzen joan zen, eta enkargu ugari jaso zituen Tolosan, inguruetan eta Euskal Herri beste leku batzuetan.[2]

Tolosako inauterien oso zalea izanik, hainbat konpartsa eta karrozatan parte hartu zuen, eta eskatzen zioten elkarte eta kuadrillei laguntzeko prest izaten zen beti. Baliabide gutxirekin eta umore askorekin, gaur egun galtzen ari den Tolosako inauteri estilo baten ordezkari ezagunenetako bat izan zen hamarkada askoan.[2]

Haren omenezAldatu

2017. urtean, Juanito Loperen jaiotzaren 100. urteurrenean, haren jaioterri Tolosan hainbat ekitaldi antolatu zituzten, Lope omentzeko eta haren lana ezagutarazteko. Liburua argitaratu zuten, inauterietan ekitaldia egin zioten, eta gazteentzako marrazki lehiaketa antolatu zuten.[4]

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz)  Goñi, Juanma (2017-01-14) «2017, año de Juanito Lope» Diario Vasco . Noiz kontsultatua: 2017-05-22 .
  2. a b c   Saizar, Joxemi (2017-02-17) «Juan Lope, artista eta inauterizalea» Tolosaldeko Ataria . Noiz kontsultatua: 2017-05-22 .
  3.   «'Juanito Lope arte espiritua" lehiaketa deitu dute» Tolosaldeko Ataria 2017-03-29 . Noiz kontsultatua: 2017-05-22 .
  4.   «Juanito Loperen lana ezagutarazteko» Tolosaldeko Ataria 2017-03-29 . Noiz kontsultatua: 2017-05-22 .

Kanpo loturakAldatu