Artikulu hau Urtubia leinuko zaldunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Urtubia».

Joanes Urtubia edo Joanes Urtubiakoa (Nafarroako erresumako Iruñeako Agiritegian Durthubie edo Durthubia bezala agertzen da, eta Aragoiko erresumako Bartzelonako Agiritegian berriz Ortobia edo Ortubia bezala) XIV. mendeko Urtubia leinu lapurtarreko zalduna izan zen. Albaniarako Nafar Espedizioaren partaide nabarmena, Atenasko dukerria inbaditu eta Tebas konkistatu zuen. Berari buruzko albisteak urriak dira. Nafarroako konpainiarekin Tortosan itsasoratu baino urte batzuk lehenago bere errege zen Karlos II.a Nafarroakoaren esker ona jaso ahal izan zuen: 1374an 1.000 florin aragoiarren esleipena eta Tuterako zubiko erroten zerbitzu-sariak jaso zituen. 1374eko agiri bat erregearen interesako ziren negozio batzuen inguruan Petri Urtubiak Gaskonian izandako gastuei buruz mintzo da, beharbada gastu hauek aipatutako Pirinioez bestaldeko herrialde honetako jende alistaketan sorturikoak lirateke.

Joanes Urtubiakoa
Bizitza
Jaiotza?
Herrialdea Nafarroako Erresuma
Heriotza1381 ( urte)
LeinuaUrtubia leinua
Jarduerak
Jarduerakmilitarra eta Mertzenarioa
Zerbitzu militarra
Adar militarraNafarroako konpainia

Nahiz eta Tortosako itsasoratzean ezkutu-morroi arrunta bat izan, berarekin bat bere zerbitzuan zeuden berrogeita hamar arma-gizon zeuzkan eta Rodasko Hospitalarioei zerbitzatu zien garaian bere agindupean gutxienez ehun gizon bazituen.

1379ko lehenbiziko hilabeteetan Urtubiak Atenasko dukerria inbaditu zuen. Gero Bernardo Ballesterren ez egoteaz baliatuz Tebas hiria bereganatzea erabaki zuen, agian Ballester Beoziako kataluniar dominazioaren euskarri garrantzitsuena zen, hiriko handikiak arduraezan bizi baitziren. Hiriko defendatzaileen izenak ezezagunak dira, nahiz eta hauen artean pertsonaia gaituak egon. Setioak kataluniarren artean izandako liskarrak baretzeko arao baten eraginkortasuna izan zuen eta nafarren agerpenari aurre egiteko beharrezkoa zen batasuna lortu zuten.

Galzeran Peraltakoa, antzinako gaztelarra zena, eta Petri Balter, bertako notarioa, hautatutako tropekin bertaratu ziren. Borroka bortitza gauzatu zen, kataluniarren aurkakoa, eta azken hauen buruzagiak preso erori ziren. Galzeran Peraltakoa Aragoitar Etxeko mantentzailea zen, egoera hartan etxe honek ezin izan zuen kolpe latzagorik jaso izan. Hurrengo urtean bikario nagusia zen Luis Fadrique Aragoikoak Tebas birkonkistatu nahi izan zuen baina nafarrek Rodasko Hospitalarioekin bat eginik asmo hori saihestea lortu zuten. Aipatutako hiri horren barnean Dukerria Kataluniara batzearen aurkako etsaiak azpilanetan zebiltzan, horien artean ez kataluniar gutxi. Esaten denez, arrazoi hauengatik ados ez zeudenek nafarrei ateak ireki zizkieten, hauei lurralde hartan bizi ziren atzerritar askok nahiz bertakoek lagundu zietelarik.

Tebasko konkistak Greziako nafar jabetzaren gainbeheraren hasiera finkatu zuen. Euren Moreako boterearen inguruko iraupena eta pasarteen inguruko albiste gutxi ailegatu dira guregana, azken hiri honetan lau bosturtekoz egon zirelarik. 1382an Nafarroako konpainia kataluniarren buruzagia zen Rocabertiko bizkondearekin aliatu zen, honek Beoziatik atzeratu eta bere anaiekin batu zela suposarazten digu. Joanes Urtubiak, bere kide izan zen Mahiot de Coquerellen antzera, ezin izan zuen printzerririk sortu ahal izan, 1382ko urtarrilaren 2an bakea sinatu zutenen artean ez da bere izenik agertzen, ez eta 1390ean Peloponesoko jabegoak elkarbanatu zituzten nafarren zerrendan ere.

Bere bizitzaren arrastoa 1381eko udazken aldera galtzen da, honek beharbada data inguru horretan hil zela adieraziko liguke.

Erreferentziak aldatu

  • Historia política del Reino de Navarra, III, José María Lacarra, Iruñea, 1973.

Ikus gainera aldatu

Kanpo loturak aldatu