Jargoia mintzaira baten barietate linguistikoa da, hizkuntza estandarrarekiko ezberdina eta, batzuetan, azken horren hiztunek ulertzen ez dutena. Sarritan, gizarte-talde jakin bateko jendeak hitzen benetako esanahia ezkutatzeko erabiltzen du. Jargoia, beraz, "gizatalde edo lan jarduera jakin bateko jendeak erabiltzen duen hizkera berezia" (Hiztegi batua[1]) da.

Etimologia

aldatu

Jargoi terminoa galizismo bat da,  frantsesetik (jargon) eratorritako hitza, alegia. Era berean, latineko gaggire (“berriketan aritu”) hitzean du jatorria; garai batean, ulertu ez zen hitzaldi bat deskribatzeko erabiltzen zen. Bestetik, frantses zaharrean jargon hitzak “txorien arteko elkarrizketa” esan nahi du.

Talde zehatzek jargoian erabilitako terminoak aldi baterakoak dira (jargoi profesionala izan ezik); izan ere, hedatzen doazen heinean, haien erabilera murriztuz doa. Jargoia hitzen esanahia ezkutatzeko helburuarekin sortu ohi da. Adibidez, espetxeko jargoia presoek erabiltzen dute, darabilten informazioa agintariengana irits ez dadin. Bestalde, hizkuntzaren aldaera hori aspektu geografikoen ondorioz ere sor daiteke eta eskualdeko barietatearen parte izatera ere heldu, haren izaera galduz. Kasu horretan, asmoa ez da hitzen esanahia ezkutatzea, baizik eta kidego-talde batekoa sentiaraztea eta baita gainontzeko taldeetatik bereiztea.

Jargoi motak

aldatu

Jargoiak hainbat taldetan sailka daitezke:

  • Jargoi soziala: Pertsona-talde ezberdinek osatzen dute, haien berariazko ezaugarriak gainontzekoengandik bereizteko: kirolariak, ikasleak, tribu urbanoak, ehiztariak, informatikoak, meatzariak... Jargoiaren nozioa argotaren sinonimo gisa erabiltzen da kasu batzuetan. Argota jerga sozial bat da, hein batean, herri-hizkerarekin lotua. Hortaz, jargoiak argotaren kontzeptua hartzen du barne. Orokorrean, jargoi terminoak talde sozial edo profesionaletan erabiltzen den jargoi motari egiten dio erreferentzia. Aldiz, argotak maila edota estatus berdinean dauden pertsonen arteko hitz eta esaldi mota guztiak biltzen ditu. Hala nola, Uruguai eta Argentinan lunfardo izenez ezagutzen da, hain zuzen, zenbait herri-genero eta tangori hainbat hitz eman dizkion jargoia.  
  • Espetxeko jargoia, hanpa: espetxeetan besteengandik ulertuak ez izateko sortua, informazioa sekretuan mantentzeko helburuarekin. Espainian germania deritzo, Frantzian argot (nahiz eta batzuetan jargoi hitzaren sinonimo gisa erabili), furbesco Italian eta Rotwelsch Alemanian.
  • Jargoi profesionala: prozesu jakinetarako hiztegi espezifikoa da, hizkera arruntetik bereizten dena. Hots, zenbait prozesu edota instrumentu zehaztasunez izendatzeko funtzioa du. Ogibide jakin batzuen garapenerako jerga hauen esanahia ezagutzea ezinbestekoa da. Adibidez, irakaskuntzaren alorrarekin zerikusirik ez duen pertsona batek esango luke: “Andereño horren irakasteko modua atsegin dut”. Baina irakasle batek “Andereño horren didaktika gustuko dut” esango luke. Beraz, adiera zabalean, jargoia hizkuntza konbentzionala da, ogibide eta postu bera dutenek lagunartean erabilia: abokatu, polizia, futbolari, erizain, jostun, ikasle... fenomeno hori eguneroko hizkuntza-endekatuaren ondorioz sortzen da.  

Argota

aldatu

Argota, aldiz, frantseseko argot izenetik eratorritako terminoa da. Victor Hugo idazlea izan zen lehenetarikoa hura sakonki ikertzen. Miserableak (Les Misérables) nobelan, 1862an argitaratua, iluntasunaren hizkuntza gisa definitzen du argota: “Argota zer den; egoki esanez? Argota miseriaren hizkuntza da”.

Ezaugarri komunak dituzten pertsona taldeek erabiltzen dute: horien artean, lanbidea, jaioterria, gizarte klasea, zaletasun berak dituztenak... daude. Azpitalde sozial edo kultural horiek gizarteraturik egoten dira. Hizkuntza arautuan itzulpen literariorik ez duen zerbait itzultzeko xedez sortzen dira etengabe eta, denborarekin, aldaketa horiek tokian-tokiko hizkuntzaren edota talde sozialaren parte izatera hel daitezke. Gainera, argotak faktore garrantzitsu bat osatzen du aldaketa eta berrikuntza linguistikoari dagokionean. Iraganean, hizkera arruntarekin lotuta zegoen, baina XX.mendeaz geroztik ikertzaileek jargoi eta argota bezalako hizkuntza-fenomenoak dituzte aztergai gisa.

Lanbide-taldeek (poliziak, medikuek, kirolariek, kazetariek...) argota nahiz jargoia sortzen dute. Aldiz, gutxiengo sozialak (soldaduek, gazteek, drogen menpe daudenek, ijitoek, sozietate sekretuen edota sektetako kideek) argota sortzeko joera du. Azken horrek hura sortzen duen taldearen izaera eta balio sistemei dagokien esamoldeak hartzen ditu barne. Esaldi edota esalmode bat argotaren parte izan dadin, ezinbestekoa da taldeko partaide guztien, edota, gutxienez, lidergoaren onarpena.

Delako taldea, sozialki onarturik dagoen kulturarekin kontaktuan badago, esamoldeak eguneroko hizkuntzaren parte izatera pasako dira, argot gisa ezagutu arren. Denborarekin, hizkuntza-arautuaren barnean txerta daitezke, haren barietate edota hizkuntza-fenomeno berezi gisa. Hala gertatu da gaztelanian, ijitoen hizkuntzatik eratorritako hitzekin: chaval edo chavo (mutil), canguelo (beldur), camelo (gezur)...

Argotaren sorkuntza berriek onarpen garbia izan dezakete egungo gizartean. Batetik, zenbait termino erabiltzeari utziko zaio, hortaz, azkar desagertuko dira. Bestetik, beste batzuk, jatorrizko zentzuarekin zein beste esanahi batzuekin txertatuko dira hizkuntzan.

XX. mendean, turismo masibo, komunikabide eta zinemagintzaren eraginez, oztopo linguistikoak nabarmen gainditu ziren. Telesail, film edota telebista saioek zabaldu dituzte termino horiek, gaur egun ere, denon ahotan dauden hitzak, hain zuzen: cinco de los grandes edo cinco mil pavos bost mila euro edo dolar izan daitezke, kontestuaren arabera.

Kazetaritzaren alorreko argota erabiltzen duen langile batek esan diezaioke haren lankideari: “Vivorako, atal guztiak prestatu nituen”. Kasu horretan, vivorako hitzak zuzeneko transmisioari egiten dio erreferentzia.

Argota norberaren taldetik kanpo dauden pertsonek elkarrizketaren berri ez izateko erabiltzen bada, ondorio onuragarriak ere izan ditzake. Izan ere, proiektu batean lanean ari bagara, argotaren erabilera egokia litzateke, plagioa ekiditeko.

Informatikaren alorrean, adibidez, source erabiltzen da iturburu-kodea izendatzeko.

Lanbide-arloan, beraz, ezinbestekoa da argotaren erabilera, nahiz hasierako formakuntzan nahiz lan-jarduera prozesuan. Hitz eta esamolde multzo horiek (beste hizkuntza batetik eratorriak edota bertako hizkuntzaren deformazioa dela medio sortuak izan daitezke) ulertezinak eta zentzurik gabekoak dira kanpoko taldeentzat.

Adibideon ostean, argotaren bi erabilerak argi eta garbi bereiz daitezke: informazio jakin baten dibulgazio desegokia saihestea bata, eta lanbide-arloko informazioa erraztea, bestea.

Argotaren adierazpideen garapena aldaketa sozialen menpe dago, hein batean. 1960. eta 1970eko hamarkadetan erabiltzen zen gazteen argotean grisa poliziaren sinonimoa zen. Aitzitik, erabilera galdua du dagoeneko, uniformearen kolorea ez baita bera. 

  • Euskarazko argotak:

Euskaraz hizkera ez formalean hutsune nabaria sumatzen da haur eta gazteengan bereziki. Horren ondorioz, gazteen argotaren iturburua erdara da, euskal hedabideen eragina txikia delako. Haatik, euskarazko telebistan “Goenkale” bezalako saio arrakastatsuek horretan lagundu dutela esan daiteke. Hitanoa berpiztu da, eta hori  (“hori egina zegok”) hizkera bereziaren zabalkundearen adibidetzat har daiteke.

Tumatxa hitza aipagarria da: Antton Olariaga marrazkilariak sortu eta Zakilixut bere pertsonaiaren ahotan jarri zuen. Gaztelaniako jergatik hitz ugari hartu dira, halaber: txorba, keli, kolega, bakata, sudaka, flipatu, tranki...

Euskarazko ereduen faltan, erdaren kalkoa egiten da maiz, Hegoaldean gaztelania eta ingelesera jo ohi da eta Iparraldean, aldiz, frantsesera, hizkera konnotatiboa erdaratik baitator[2].

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  2. «EUSKARAZKO ARGOTAK ERDARA ITURRI» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).

Kanpo estekak

aldatu