Hizkuntzalaritza

Linguistika» orritik birbideratua)

Hizkuntzalaritza edo linguistika hizkuntza eta hizkuntzarekin lotura duten fenomenoak aztertzen dituen zientzia da. Hau da, hizkuntza adierazpide edo sistematzat hartuta, hizkuntzen arteko harremanak aztertzen dituen jakintza. Hizkuntzalaritza lan arlotzat duen pertsonari hizkuntzalaria deritzo; eta euskara aztertzen baldin badu, euskal hizkuntzalaria edo euskalaria.

Munduko hizkuntzen mapa.

Hizkuntzalaritzaren aztergaiaAldatu

Sistema bat dela kontuan hartuta aztertzen du hizkuntza hizkuntzalaritzak. Hizkuntzalaritzaren aztergaiak sistema horren izaera, egiturak, osagaiak eta berezitasunak dira. Teoriazko hizkuntzalaritza esaten zaio hizkuntzak oinarrian duen egitura azaltzeko teoria ematen saiatzen denari, eta hizkuntza baitan aplikatua hizkuntzalaritzaren kontzeptuak pedagogiazko helburu baten mendean jartzen dituenari.

Bestalde, sinkroniazko hurbilpena erabil dezake hizkuntza aztertzeko (hizkuntza jakin bat aztertzea une jakin batean) edo diakroniazkoa (hizkuntza jakin baten bilakaera historian zehar). Teoriazko hizkuntzalaritzaren joera da hizkuntzaren egiturak hiztunen erabilera jakinetatik kanpo uztea eta horren ondorioz, hizkuntza deskribatzeko sinkroniazko azterketak erabiltzea; era berean, ez ditu hizkuntzaren ezagupena, erabilera eta antzeko gairik aztertzen, eta gai horiek psikolinguistikaren, soziolinguistikaren eta antropologiazko hizkuntzalaritzaren esku geratzen dira.

Hizkuntzalaritzaren historiaAldatu

Hizkuntzalaritzaren egiazko helburua definitu arte, hiru fase izan ziren:

  1. Hasieran (Antzinako Grezian hasita, eta frantziarrek jarraituta), gramatika izan zen. Gramatikak forma egokiak eta ezegokiak desberdintzen dituen arauak definitzen ditu.
  2. Ondoren, filologia agertu zen. Horrek testuak ulertu eta komentatzea du helburu nagusi.
  3. Hirugarren fasea hizkuntzen arteko konparaketa egin zitekeela konturatu zirenean hasi zen.

Lehen azterketakAldatu

Panini indiar gramatikariaren lanak dira hizkuntzalaritzari hasiera eman ziotenak (India, IV. mendean): sanskrito zaharra finkatu zuen eta azterketa morfosintaktiko zehatzak egin zituen. Grezia zaharreko filosofoek K.a. V. mendean teoriazko hizkuntzalaritzaren alorreko lehenengo azterketak ezagutzera eman zituzten (giza hizkuntzaren jatorria eta grekoaren gramatika). Greziar gramatikariek erromatarrengan eragin handia izan zuten, eta ondoren, Erdi Aroan eta Errenazimentuan egin ziren erromantze hizkuntzen gramatiketan. Salbuespen gutxi batzuk alde batera utzita, gramatikari gehienek latina eta grekoa aztertu zituzten edo lekuan lekuko hizkuntzak deskribatu eta nola zuzen erabili irakatsi zuten.

Hizkuntzalaritza diziplina gisa: estrukturalismoaAldatu

Errenazimentuaren ondoren, munduko hizkuntzak aztertzeko zaletasuna areagotu egin zen, eta XIX. mendean hizkuntzalaritzak jakintza izaera lortu zuen. XIX. mendeko hizkuntzalaritzak deskribapen diakronikoak egiteko konparaketa lanetan hartu zuen oinarria, eta hainbat hizkuntzetako hiztegia, egiturak eta fonologia aztertu ziren antzinako hizkuntza ama bakarra aurkitu nahian. Hizkuntzalaritza historikoak sanskritoak, grekoak eta latinak elkarren arteko harremanak zituztela aurkitu zuen, eta Europako hizkuntza gehienek aitzinindoeuropera zutela antzinako sorburu. Ferdinand de Saussure hizkuntzalari suitzarrak berrikuntzak ekarri zituen hizkuntzalaritzara XIX. mende bukaeran: hizkuntzalaritza diakronikoa eta sinkronikoa bereizi zituen alde batetik, eta bestetik, hizkuntza (langue, hizkuntzaren ezkutuko egitura birtuala) eta hizketa (parole, hizkuntzaren egituraren gauzatzen jakina) ere bai. Saussure hil ondoren bere Cours de Linguistique Générale (1916) argitaratu zenean, garai berri bat hasi zen hizkuntzalaritzan: estrukturalismoa. Saussureren ustez hizkuntzaren (langue) izaera aztertu behar zuen hizkuntzalaritzak.

Gramatika sortzailea edo generatibismoaAldatu

Artikulu nagusia: «Gramatika sortzaile»

1950. urterako, hizkuntzalari batzuek estrukturalistei salatu zieten ez zutela behar bezain kontuan hartzen giza hizkuntzaren adimenezko izaera, eta azalean ez zeuden gertaerak ez zituztela aztertzen. Noam Chomsky estatubatuar hizkuntzalariak estrukturalistei aurre egin zien hizkuntza guztietan egitura unibertsalak zeudela esan zuenean (gramatika unibertsala), eta berriro ere hizkuntzalaritzaren helburuak aldatu zituen. Hizkuntza aztertuz adimenaren lana aztertu nahi izan zuen, eta estrukturalistek baztertutako teoria mentalistari garrantzia eman zion: hizkuntza burmuineko zati baten gaitasun batean datzala azpimarratzen zuen, ikusmena edo mugimendua bezala. Hizkuntzaren ezagupen inkontzientea (competence) aurkitzea zuen helburu, esaldi kopuru amaigabea (performance) azterketaren oinarrian zuela. Gramatika sortzaile-bihurtzailea deitu zitzaion joera honi. 1957an Chomskyk lehenengo aldiz aipatu zuenez geroztik, gramatika sortzaileak (generative grammar delakoak) etengabe izan ditu aldaketak, Printzipioen eta Parametroen Teoria kasu. 1970. urteaz gero, hizkuntzalaritza sortzaileak sintaxiaren eta semantikaren arteko harremanak aztertu ditu batez ere. Generatibismoa naturalismoarekin, natur zientziekin (bereziki biologiarekin) eta filosofiako adar objetibistarekin du lotura.

Hizkuntzalaritza kognitiboa edo kognitibismoaAldatu

Hizkuntzalaritza kognitiboa edo kognitibismoa 1950eko hamarkadako generatibismoari aurre egiteko garatu zen hizkuntzalaritza eskola bat da, eta 1970-1980ko hamarkadetan hartu zuen indarra. Bultzatzaile nagusiak Ronald Langacker eta George Lakoff estatubatuarrak izan ziren. Hizkuntzalaritza honen arabera, semantikak sintaxiak bezainbesteko garrantzia luke, baita garrantzi gehiago ere. Bestalde, generatibistek ez bezala, kognitibistek hizkuntza analisiaren hiru atalak (fonologia, sintaxia eta semantika) elkarri oso loturik daudela diote eta ezin direla banatuta ikertu. Teoria ezberdin anitz badaude ere (Prototipoen Teoria, Markoen Teoria, Metafora eta Metonimien Ikerketa, Eredu Kognitibo Idealizatuen Teoria... ) helburu bakar batek batzen ditu: esaldien/hitzen esanahia eta horrek egitura sintaktikoarekin dituen loturak ikertzea.

Ikerketa arloakAldatu

Hizkuntzaren ikerketara bere mailen bidez gerturatu gaitezke, alde batetik, kodigo linguistiko gisa konfiguratzen duten arau eta erregelei begiratuz (gramatika); eta, bestetik, komunikazio interakziorako tresnatzat hartuta, pragmatika eta testu linguistika diziplinekin adibidez.

Hizkuntza "sistema" gisa harturik, honakoak dira estrukturan ikus daitezkeen mailak:

Arlo fonikoaAldatu

Arlo morfosintaktikoaAldatu

Arlo lexiko-semantikoaAldatu

Arlo pragmatikoaAldatu

Hizkuntza hitz egiteko tresna gisa, honakoak nabarmentzen dira:

Hizkuntza-tipologiaAldatu

Hizkuntza-tipologia (edo tipologia linguistikoa) hizkuntzak egiturari dagozkion ezaugarrien arabera aztertu eta sailkatzen dituen hizkuntzalaritzaren alorra da. Helburutzat du munduko hizkuntzen ezaugarri komunak zein egitura-aniztasuna deskribatzea eta azaltzea[1]. Bere azpidiziplinak honako hauek dira:

  • Tipologia kualitatiboa, hizkuntzen arteko konparazioa eta hizkuntzaren barruko aldaerak jorratzen dituena.
  • Tipologia kuantitatiboa, munduko hizkuntzetan egiturazko patroiak sailkatzeaz arduratzen dena.
  • Tipologia teorikoa, tipologia kuantitatiboan egindako sailkatze lana azaltzen duena.
  • Tipologia sintaktikoa, hitz ordenaz, hitzen formaz, hitzen gramatikaz eta hitzen hautaketaz arduratzen dena.
  • Lexikoaren tipologia, hizkuntzaren corpusaz arduratzen dena.

Hizkuntzalari ospetsuakAldatu

Hona hemen euskara edo erdararen bat aztergai izan duten hizkuntzalari nabarmenenak:

Euskal hizkuntzalariakAldatu

Erdal hizkuntzalariakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez) Plungyan, V. A.. (2011-04). «Modern Linguistic Typology» Herald of the Russian Academy of Sciences 81 (2): 101–113. doi:10.1134/S1019331611020158. ISSN 1019-3316. (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).

BibliografiaAldatu

Kanpo estekakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara