Jack Dempsey vs. Luis Ángel Firpo

Jack Dempsey vs. Luis Ángel Firpo 1923an lehiatutako boxeo borroka historikoa izan zen, «Mendeko Borroka» izenez ere ezaguna. Latinoamerikako boxeolari batek munduko pisu astunaren lehiaketan parte hartzen zuen estreinako aldia izan zen, eta Jack Dempsey estatubatuarraren ibilbidean borroka garrantzitsuenetako bat izan zen.

Jack Dempsey vs. Luis Ángel Firpo
Irudia
Motaboxeo borroka
Data1923ko irailaren 14a
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Kirolaboxeo

Borroka aldatu

 
Luis Angel Firpo.

Borroka 1923ko irailaren 14an egin zen, New York hiriko Polo Grounds- en. Dempsey txapelduna zen 1919az geroztik, eta Firpo argentinarra munduko pisu astunen artean onenetakoa zen, "El Toro de las Pampas" goitizenarekin.[1] Laurogeita hamar mila zale bildu ziren borroka zuzenean ikusteko, eta irrati bidez munduko leku askotan jarraitu zuten, Euskal Herrian barne.[2]

Firpok bere indarra berehala erakutsi zuen, lehen itzulia hasi eta gutxira Dempsey biriketan eskuineko ukabilez jo zuenean. Dempsey belaun baten gainean erori zen, azkar errekuperatuz. Dempseyk, orduan, arerioari oldartu zitzaion eta minutu eta erdiren buruan Firpo zazpi aldiz bota zuen; artean ez zen "three knockdown" araurik, eta beraz Dempsey eroritakoaren ondoan egon zen, hau jaiki ahala berriro kolpatuz.

Baina minutu erdi beranduago, lehen itzuliaren amaiera aldera, Firpok berriro jo zuen. Dempsey soken kontra harrapatuz, eskuinez kokotsean jo zion, ringetik kanpora botata. Erortzean, Dempsey-k idazteko makina bat jo zuen, buruaren atzeko aldean ebaki larria eginez. Kazetarien laguntzaz ringera itzultzea lortu zuen, arbitroak hamalauraino kontatua zuela (horregatik gero estatubatuarraren garaipena oso eztabaidatua izan zen).[1]

Ostean, Dempsey errekuperatu zen eta bigarren itzulian Firpo beste bi aldiz bota zuen. Azkenik, itzuli honen 57. segundoan Dempseyek K.O.z irabazi zuen.

Ondorengoak aldatu

 
Jack Dempsey

Dempsey eta Firpo, biak ala biak ikono bihurtu ziren. Dempsey-k gerora pisu astuneko titulua galdu zuen, Gene Tunney-ren aurka, historikoak ere izan ziren bi borrokatan. Gero soldadutza egin zuen, eta jatetxea ipini zuen New Yorken, 1983an hil arte.

Firpo, bere aldetik, munduko titulurako lehiatu zen lehen latinoamerikarra izan zen. Munduko txapeldun bilakatu ez bazen ere, Argentinan eta Latinoamerikako herrialde gehienetan goretsi zuten; hainbat kale eta etorbideri bere izena eman zitzaion, baita El Salvadorreko futbol talde garrantzitsuetako bati ere.[3] Abeltzaintzarekin aberastuta, Firpo 1960ean hil zen eta Buenos Aireseko La Recoleta hilerrian ehortzi zuten.

Herri kulturan aldatu

1923-1924 artean, George Bellows- ek "Dempsey eta Firpo" izeneko koadroa margotu zuen, argentinarrak Dempsey ringetik bota zuen unea irudikatuz. 1950. urtean, une hau «XX. mendeko kirol momentu dramatikoena» izendatu zuten.

Quirino Cristianik animaziozko film labur bat egin zuen borroka honen harira: Firpo-Dempsey (1923).[4]

Firpo eta Dempsey 1926an ateratako bertso-paper batean aipatzen dira ("Oraingo estilo berriyonentzat / ditut bertsuak atera...").[2]

Manhattan Melodrama 1934ko filmean Clark Gableren eta William Powellen pertsonaiek borroka honetan elkar topo egiten dute.

Julio Cortázarren Circe ipuinean (1951) borroka honek Buenos Aireseko hirian eragin zuen etsipena aipatzen da.[5]

Twelve Angry Men antzezlanean (1954) eta filmean (1957), pertsonaietako bat borroka honi erreferentzia egiten dio, Firpok Dempsey ringetik kanpora bota zuenean borroka irabaziko zuela ematen zuela esanez.

The Sand Pebbles filmean (1966) Steve McQueenen pertsonaiak aipatzen du Po-han eta Ski-ren arteko borrokan.

Rocky 1976ko filmean erreferentzia egin zitzaion (Mickey Goldmill pertsonaiak data horretan eginiko borroka).

M*A*S*H telesaileko 1978ko atal batean, paziente batek B. J. Hunnicutt medikuari galdetzen dionean «E Doc, gogoratzen al nauzu?» honek zera erantzuten dio: «Bai noski; zure ondoan eseri nintzen Dempsey-Firpo borrokan».[6]

The Simpsons marrazki bizidunen atal batean ere borroka hau irudikatzen da.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) «Firpo vs. Dempsey: 90 años después» El Gráfico (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
  2. a b Zavala, Antonio. (1984). Euskal jokoak bertsotan (I). Auspoa, 147 or..
  3. (Gaztelaniaz) «Luis Ángel Firpo no cumple requisitos y desciende a la Tercera División» Noticias de El Salvador - elsalvador.com 2019-07-03 (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
  4. Bendazzi, Giannalberto, author.. Twice the first : Quirino Cristiani and the animated feature film. ISBN 978-1-315-14900-4. PMC 1026850897. (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
  5. (Gaztelaniaz) «Cuando Firpo tiró a Dempsey» Conclusión - Diario Digital | Noticias de Rosario y la región (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
  6. «M*A*S*H (MASH) Y109 Episode Script | SS» Springfield! Springfield! (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
  7. (Gaztelaniaz) http://www.diariodemocracia.com/contacto.+«Diario Democracia» Diario Democracia (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).

Kanpo estekak aldatu