Isuntza Bekoa baserria

eraikitako euskal ondare nabaria Berrizen
Isuntza Bekoa
Kokalekua
Lurraldea  Bizkaia
Eskualdea Durangaldea
Udalerria Berriz
Auzoa Eitua
Orientazioa ipar-hegoa
Isuntza Bekoa baserria is located in Bizkaia
Isuntza Bekoa baserria
Isuntza Bekoa baserria
Isuntza Bekoa baserria (Bizkaia)
Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Oinplanoa laukizuzena
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2008ko urriaren 23a

Isuntza Bekoa Berrizen (Bizkaia) dagoen baserria da.

2008ko urriaren 23an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak aldatu

Bi isurkiko teilatua duen baserria da. Ipar-hego noranzkoa duen goihabea du, ekialdera 10.º inguru okertuta. Familia bakarrekoa da. Berrizko San Kristobal errekaren arroan dago, 150 eta 155 koten arteko plataforma baten gainean, 532.823,00-4.780.302,00 koordenatuen artean.

Baserriaren oinplanoa laukizuzena da: 20 metro zabal eta 18 metro sakon ditu. Fatxada nagusiaren alde bietan, gorputz erantsi bana du. Eskuineko gorputza estalkiaren eskuineko isurkiaren luzapenak estaltzen du, eta ezkerrekoak, berriz, bolumen eta estalki independenteak ditu. Ezkerreko gorputza etxebizitza da gaur egun. Guztira, baserriak 32 bat metroko fatxada du hegoaldean.

Ezkerreko gorputz erantsiaren oinplanoa laukizuzena da: 10,50 metro zabal eta 8 metro sakon ditu. Zortzi metro horietatik zazpi fatxada nagusitik aurrera ateratzen dira. Eranskin horren goihabea eraikin nagusiaren goihabearen paraleloa da. Aurreko eranskinez gain, beste gorputz txiki bat du erantsita ekialdeko fatxadaren eskuineko ertzean, fatxadaren jarraian. 2,00 x 2,00 metro neurtzen du, eta komuna dago bertan. Horma guztiak harrizko harlangaitzez eraikita daude, eta harlanduzko kateak dituzte eskantzuetan.

Mendebaldeko fatxada baserrira sartzeko landa-bidearen aurrean dago, lursailaren maldan sartuta. Bi leiho txiki bakarrik ditu, lehen solairuan. Bi leihoetako bat estalki independentea duen gorputz erantsiaren mendebaldeko fatxadan dago.

Hegoaldeko fatxada eraikinaren aurrealde nagusia da. Arkupe laukizuzen bat du, eta arkupeak harrizko lauza erregularrak ditu. Ateburua duen sarrera handi batetik sartzen da arkupe horretara. Sarrerak habe bat du, eta habearen bi muturrak harrizko pareta-hortzen gainean jarrita daude, alboko hormetan. Erdian, berriz, toskanar ordenako zutabe baten gainean jarrita dago. Fustea mortero finkatzailez estalita dago gaur egun. Zutabeari agerian geratzen zaizkio harroina eta fustearen gaina -bertan grabatuta dago 1723 urtea-, bai eta zaldi batez eta abako batez errematatutako kapitela ere. Toskanar ordenaren gainean jarrita daude.

Ateburua duen sarreraren gainean, harrizko hormen artean kokatuta dagoen egitura nagusi baten bidez eginda dago hegoaldeko itxitura. Hormak baino 30 zentimetro inguru atzerago dago egitura hori, eta zutikoz, idulkiz, burualdez, frontalez eta sendotzeko jabaloiz osatuta dago. Adreilu trinkoko eta igeltsu-morterozko fabrika-betegarriak sartuta daude egituran. Egitura horretako enbor guztiak adreiluz estalita daude, eta adreiluak alde biko iltzeen bidez josita daude enborretara. Egitura guztia berdinduta dago, adreiluzko fabrika-betegarrien bidez. Ateburua duen sarreraren eskuinean, beheko solairuan, bi leiho-bao daude hegoaldeko fatxadan, harlanduz inguratuak, bai eta ate bat ere, estalki nagusiaren azpian erantsita dagoen gorputzera sartzeko.

Ezkerreko eranskinak ez du inolako baorik beheko solairuan, mendebaldeko fatxadan, baina ekialdeko fatxadan badu sarrerako ate bat, harlanduz inguratua.

Ateburuaren gainean, lehen solairuan, hegoaldeko fatxadan, bi leiho-bao daude egituraren barruan, estalkitik jaisten den ardatzarekiko simetrikoki kokatuta. Alboko harrizko hormetan, beste bi leiho-bao daude, aurrekoak baino txikiagoak, eta harlanduz inguratuak. Ezkerreko eranskinaren hegoaldeko fatxadan, leiho-bao bat dago pare horretan, eta ekialdeko fatxadan, beste bi bao. Bi bao horietatik batek karel bat du. Teilatupean, adreiluzko itxituraren barruan, triangelu-forma duten aireztatzeko usategi-zulo txikiak daude, bi ilaratan jarrita.

Ekialdeko fatxadan, ezkerraldeko eranskineko gorputzean, bi leiho-bao daude. Horrez gain, baserriaren horma nagusian, beste lau leiho ere badira, eta eskuineko eranskineko gorputzean, ate bat, zurezko marko lodi batean sartuta. Harrizko bi eskailera-maila daude, atetik sartzeko.

Iparraldeko edo atzealdeko fatxadan, eraikinak bao hauek ditu: beheko solairuan, leiho-ertza irtenda duten bi leiho-bao eta bi gezileiho txiki; lehen solairuan, lastategira joateko sarbide zuzena, harlanduz inguratua, eta beste leiho txiki bat, harlanduz inguratua.

Eraikinaren barruko egitura karga-hormaz eta pieza bakarreko habez osatuta dago, eta luzetarako lau hormartetan eta zeharkako beste lautan ordenatuta daude. Pieza bakarreko habeetako bat palankako dolare baten berniaz osatuta dago. Zutabeak eta habeak aho-zirikaren bidez lotuta daude, eta, batzuetan, aho-zirikako jabaloien bidez indartuta. Egitura horren gainean jarrita daude tarteko solairuetako zurezko forjatuak, bai eta kontragoihabeak, gapirioak eta estalkiko arabiar teilari eusten dion itxitura eta estalkia bera.

Arkupetik ordenatzen da solairua, bi ateren bidez: ezkerreko ateak ukuilura eramaten du, eta eskuinekotik, etxera sar daiteke. Etxean, lauzadun ezkaratz bat dago oraingo sukaldera igarotzeko. Garai bateko sukaldean, erdiko sua egiten zen ezkaratz horretan. Sukaldera ez ezik, eskailera-atal batera ere joan daiteke ezkaratzetik, eta, eskailera horretatik, lehen solairura.

Isuntzabekoa baserria XVI. mendearen erdialdekoa da. XVIII. mendean (1723. urtean), handitu egin zuten, aurrean hormarte bat jarrita. XIX. mendean, aldiz, gorputz bat erantsi zitzaion, estalki independentea zuen gorputz bat.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa