Ipurtargi

Koleopteroen ordenako zenbait intsektuz esaten da. Txikiak edo ertainak dira. Emeek ez dute hegorik, baina organo lumineszenteak dituzte. Larbak karniboroak dira. Bere barnean ipurtargia hartzen duen Lampyridae familia osatzen dute.

Lanpiridoak (Lampyridae) kakalardo ordenako intsektu familia bat dira, eta ipurtargi da haien izen arrunta. Intsektu hauek argia ematen dute (biolumineszentzia) bikotea edo ehizakiak erakartzeko. Ipurtargiak «argi hotza» sortzen dute, frekuentzia infragorri edo ultramorerik gabea. Argi kimiko hori ipurtargien behe-abdomenean («ipurdian») sortzen da, eta horia, berdea, edo gorri-zurbila izan daiteke, 510 nanometrotik 670era bitarteko uhin-luzerakoa.

Ipurtargi
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaColeoptera
SuperfamiliaElateroidea
Familia Lampyridae
Latreille, 1817
Azpifamiliak
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakD-luciferin (en) Itzuli
Eguneko zikloagaueko

2000 ipurtargi espezie daude ingurumen epel eta tropikaletan. Asko zingiretan edota eremu heze eta basotuetan bizi dira, hots, beren larbek elikagai ugari eskura izango duten lekuan.

Ezaugarriak aldatu

Antena mehe eta giltzaduradun pare bat dute, elitroak, eta burua ia estaltzen dien protorax eraldatua. Espezie gehienetan sexu dimorfismoa oso nabaria da:

  • Arrak erabateko garapen batera (beste kakalardoen antzekoa) iristen dira.
  • Emeak, berriz, larba-itxura mantentzen dute, beren elitroak ezkatak bezala geratzen zaizkie, eta kukurutxak dirudite kakalardoak baino gehiago. Hanka lodiak dituzte, eta hegorik ez; beraz, ezin dute hegan egin.

Biologia eta ekologia aldatu

Lanpiridoen ezaugarri bereizgarriena gau-limurketa da: espezie bereko arren eta emeen elkarrizketa korapilatsua. Oro har, arrek, bikotea bilatzeko, hegaldi berezia egiten dute, eta beren espezieari dagokion argi distirako sekuentzia berezia emititzen dute. Espezie bereko emeek, era berean, dirdira berezi batekin erantzuten dute, eta horrela estalketara bideratzen dira. Biolumineszentzia deritzo argi fenomeno horri.

Estalketa gertatu eta egun batzuk geroago, emeak arrautzak jartzen ditu lur azpian. Arrautzak 3 edo 4 astez inkubatzen dira, eta orduan larbak ateratzen dira haietatik; larba horiek begi sinpleak dituzte. Batzuek lur azpian egiten dituzte gordelekuak; beste batzuek, ordea, zuhaitzen azalean.

Ipurtargi larbak barraskilo eta bare txikiz elikatzen dira, eta jariakin digestibo batekin geldiarazten dituzte. Jariakin horrek, gainera, moluskuaren gorputza digeritzen du; horrela, larbek elikagaia xurgatu besterik ez dute egin behar. Hilabete batzuk igaro eta gero, pupa bihurtzen dira, eta handik 7 edo 20 egunera heldu bihurtuta ateratzen dira pupatik.