Indiako ekonomian egiten dute usadiozko laborantzak, nekazaritza modernoak, eskulanak, industria moderno sorta zabal batek, eta horien inguruko zerbitzu ugariek.

Eredu ekonomikoa: sozialismoa eta kapitalismoaren artean aldatu

Biztanle aktiboen % 67 nekazaritzan ari dira lanean, eta nazio produktu gordinaren % 25 sortzen duteNoizko datuak?. Indiako Errepublikak sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko bide bat aurkitu du, eta sarritan baita asmatu ere, nahiz eta politika hori auzitan jarri den azken hamar urteotan.

Hasteko, bi oztopo izugarri ditu: herrialdearen neurria, gobernatzea oso zaila egiten duena, eta, batez ere, biztanleak elikatu beharra. Azken orientabide ekonomikoak, atzerrira irekiagoa izanik eta merkataritza gero eta globalizatuago batean txertatuagoa egonik, klase ertainaren sorrera bultzatu du, baina aldi berean areago ahuldu dituzte biztanleriaren maila pobreenak.

Ekonomia independentziaz geroztik aldatu

Independentziaren garaian eragin bikoitza, sobietarra eta kapitalista, izan zuen industria eliteak, eta eragin bikoitz horrek markatu ditu hogeita hamar bat urtez Indiak egin dituen aukera ekonomikoak. “Erdibide” horrek bi helburu zituen: hazkunde ekonomikoa eta gizarte justizia.

Baina bost urteko planen ezarpena, industria astunari emandako nagusitasuna –nekazaritzaren gainetik–, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa zurrunak, beren arrastoak utzi dituzte. Burokraziaren zama oraindik ere oztopoa da atzerritar inbertsoreentzat, nahiz eta ikusten duten Indian merkatu izugarria izan litekeena. Izan ere, estimazioen arabera, 100 milioi kontsumitzaile izan daitezke Indian Mendebaldekoaren pareko bizimaila dutenak.

Nazioarteko komunitateak kritika gogorrak egin arren, India iritsi da elikagaietan beregain izatera eta bere industria sektorea sendotzera. Lehengo talde kapitalistek estatuaren babesari esker iraun ahal izan dute; gaur egun Mendebaldeko konpainien ereduaren arabera jarduten dute, eta lortu dute ekonomia ireki baterako trantsizioa egitea. Munduko zientzialari talde handienetako bat dago gainera Indian (munduko hirugarrena).

Alabaina, zientzialari askok alde egiten du, eta ikerketa-garapenean ez dira behar adinako inbertsioak egiten; horrez gainera, aspalditik mugatu ditu indiar gobernuak truke teknologikoak. Estatuak ekonomian eragin handiegia zuela-eta, Indira Ghandiren azken agintaldian egin ziren lehen kritikak; haren seme Rajiv Gandhiren garaian jarri zen abian beste politika bat, askoz ere liberalagoa.

Hala ere, Narasimha Rao Lehen Ministroaren agintaldia arte (1991-1996) ez zen politika berria aplikatu. Indiaren egoera ekonomikoa aldi horretan ikaragarri txarra zen: Sobiet Batasunaren desagerpenak (Indiarekin harreman estuak baitzituen), Golkoko gerraren gastuek eta NPGren hazkunde motelak, finantza krisi lazgarria ekarri zuten.

Gobernu berriak egokitzapen estrukturaleko plangintza bat onartu zuen orduan, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren laguntzarekin: aurrekontuen defizita murriztu zen, dirulaguntzak gutxitu, rupia baliogabetu zuen esportazioak bultzatzeko. Erreforma horien emaitza ez da oso argia.

Esportazioek indartsu jarraitu dute, nazio produktuaren hazkundeari eutsi zaio, eta ez dirudi 1997-1998 urteetako krisiak Indian Asiako ekialdeko herrialdeetan adinako eraginik izan duenik; baina aurrekontuen defizitaren murrizketa ez da behar bezainbestekoa izan, inflazioa handia da oraindik (% 9 1996an), enplegu txarra, ofiziala (langabezia), nahiz mozorrotua (lanbide txiki ez emankorren ugaltzea) asko dago, eta merkataritza trukeak defizitarioak dira oraindik.

Nekazaritza utzita dago, nahiz eta badiren labore soberakinak, eta gero eta nabarmenegoa da eskualde aberatsen eta pobreen arteko desoreka. Garraio eta elektrizitate azpiegiturak ere desegokiak dira, nahiz eta ahalegin oso handiak egin diren alor horretan independentziaz gero.

Klase ertain sendo bat sortu da, hiri eta landaldearen artean banatua, baina 200 milioi pertsona oraindik miserian bizi dira. Asko dago, beraz, egiteko, eta gobernu berriaren ideologia nazionalistak ez dirudi atzerritar inbertsoreak erakarriko dituenik; areago, Indiak sineskortasuna galdu du nazioartean.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu