Ireki menu nagusia

Enterococcus faecalis Enterococcus generoko bakterioa da, gure mikrobiotaren partaidea dena (heste-floraren partaidea, hain zuzen). Eskuarki komentsal ez-kaltegarria bada ere, batzuetan patogenoa izan daiteke, hesteak ez diren gorputzeko beste atal batzuk kolonizatzen dituenean (puxika, bihotza, odola, etab).

Enterococcus faecalis
Enterococcus faecalis SEM 01.png
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacteria
FilumaFirmicutes
KlaseaBacilli Bacilli
OrdenaLactobacillales Lactobacillales
FamiliaEnterococcaceae Enterococcaceae
GeneroaEnterococcus
Espeziea Enterococcus faecalis
Datu orokorrak
Gram tindaketa Grampositibo

Garai batean bakterio hau Streptococcus faecalis deitzen zen, baina 1984an Streptococcus generotik atera zuten mikrobiologoek, Enterococcus generoa sortuz eta bertan sailkatuz (Streptococcusekin zituen desberdintasun genetikoak oso handiak baitziren) [1].

Gizakiaren hesteetan ez ezik, ugaztun eta hegaztien heste-floran ere ugaria da bakterio hau.

Eduki-taula

EzaugarriakAldatu

Koko itxurako bakterio Gram positiboa da, anaerobio fakultatiboa. Glukosa hartzitzen du gasik sortu gabe. Katalasa, oxidasa eta gelatinaren hidrolisia (-). Ez da mugikorra eta ez du esporarik sortzen.

Enterococcus faecalis oso erresistentea da ingurugiro gazietan, alkalinoetan eta hotzetan. Era berean, behazunak ez du bere hazkuntza inhibitzen.

PatogeniaAldatu

Esan bezala, normalean patogenoa ez izan arren kasu batzuetan bakterio honek infekzio larriak eragiten ditu, batez ere klinika eta ospitaleetan (infekzio nosokomialak). Mikrobio oportunista da, aurretik antibiotikoekin tratatutakoei edota immunitate-sistema ahula dutenei, batik bat, eraso egiten diena [2]

Patogenoa denean gernu-infekzioak, endokarditisa, zaurien infekzioak eta bakteriemia eragin ditzake.

Antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu du, eta horrek arazo potoloak dakartza ospitaleetan [3]. Orain dela gutxi arte bankomizina zen aukerako antibiotikoa mikrobio honen aurka, baina andui erresistenteak agertu dira azken boladan [4]. Bakterio honek sortutako infekzio baten aurrean antibiograma egin behar da aukera terapeutiko egokiena ezagutzeko

Kutsadura fekalaren adierazleaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «adierazle mikrobiologiko»

Enterococcus faecalis-en bilaketa oso ohikoa da mikrobiologiako laborategietan ur eta janarien analisiak egiterakoan. Heste lodian bizi denez, bakterio hau kutsadura fekalaren adierazlea da, beste bakterio batzuen antzera (Escherichia coli, Clostridium perfringens...). Analizatutako ur edo janari batean E. faecalis agertzen bada laginak hondar fekalak dituela ondorioztatu behar da, eta ez da kontsumorako gai.

Kutsadura fekala ez da berez larria, baino patogeno garrantzitsu batzuen balizko agerpena (Salmonella, Shigella, Vibrio...) adierazten du. Gogoratu behar da gorozki-aho bidetik kutsatzen direla kolera, disenteria edo sukar tifoide bezalako gaixotasunak. Hondar fekalek, beraz, arrisku horren berri ematen dute laborategian aztertutako laginetan.

Enterokokoek erresistentzia handia dute ingurugiro gogorretan bizirauteko (tenperatura hotzetan zein beroetan, ingurugiro gazi eta alkalinoetan, detergenteen aurrean, etab.). Horregatik, koliformeak baino denbora gehiago irauten dute kutsatutako ur edo elikagaietan eta, horrenbestez, adierazle mikrobiologiko hobeak dira.

ErreferentziakAldatu

  1. Schleifer KH; Kilpper-Balz R (1984). "Transfer of Streptococcus faecalis and Streptococcus faecium to the genus Enterococcus nom. rev. as Enterococcus faecalis comb. nov. and Enterococcus faecium comb. nov". Int. J. Sys. Bacteriol. 34: 31–34
  2. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 247 orr. IBSN: 84-8373-658-6
  3. Ryan KJ, Ray CG (editors) (2004). Sherris Medical Microbiology (4th ed.). McGraw Hill. pp. 294––5
  4. Courvalin P (2006)Vancomycin resistance in gram-positive cocci
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Enterococcus faecalis