Hausnarketa (fisiologia)

Hausnarketa[1] animalia hausnarkariek burutzen duten elikagaien digestio-prozesu berezia da. Hausnarkariek, orokorrean, elikagaiak bi etapetan digeritzen dituzte: lehenengo etapan elikagaiak pixka bat mastekatu eta irensten dituzte, eta bigarren etapan -hausnarketan- elikagaia urdailetik ahora igotzen da mastekatua eta irentsita izateko berriz. Urdailetik ahora joateko prozesu horri berrahoratze deritzo (regurgitation, ingelesez).

Basahuntz ar batek (Capra pyrenaica victoriae) hausnarketa egiten. Bazkatu ondoren hausnarkariak etzan ohi dira eta hausnarketa egiten dute.

Hausnarkarien artean behiak eta bovinae, ardiak, ahuntzak eta oreinak aipa daitezke. Hausnarkariak ez diren beste belarjaleek (zaldiak, adibidez) ez dute hausnarketa egiten.

Hausnarkarien digestio-aparatua

aldatu

Hausnarkarien digestio-aparatuak lau zati berezi ditu: hestegorritik duodenora, hauek dira: errumena, erretikulua, omasoa eta abomasoa.

Errumena edo zaku handia zatirik handiena da, behiengan ia 150 litroko bolumena duena. Bertan hausnarkariek flora bakteriar trinkoa dute, oso aktiboa dena, hausnarkariak jaten duen landare-gai guztiak (eta zelulosa, batez ere) degradatzen dituena. Kontuan hartu behar da animalia ugaztunek ezin dutela zelulosa berez digeritu, horretarako behar den entzima ez dutelako. Errumenean dituzten bakterioei esker, aldiz, hausnarkariek zelulosa digeritu dezakete.

Irentsitako elikagaiak jarraitzen duen bidea hau da: hestegorritik errumenera iristen da. Bertan, zelulosa digeritzeko gai diren bakterioak eta beste mikroorganismo batzuk daude. Elikagaien hartzidura burutzen da, eta baita (errotazio-mugimendu bati esker) janariaren birrinketa ere. Gero janaria erretikulura (zaku txikira) pasatzen da, ore bat bihurtuz. Hortik ahora bidaltzen da (berrahoratzea), berriz mastekatua izateko eta listua eransteko.

Hurrengo etapan (hausnarketaren ostean) janaria berriro irensten da eta omasora pasatzen du, urin gastrikoak jasoz; azkenik abomasora heltzen da, hortik hestera pasatuz. Abomasoa edo gatzagia hausnarkarien benetako urdaila da, digestio kimikoa burutzen duena.


Hausnarkarien flora bakteriarra

aldatu

Hausnarkarien flora bakteriarra ugaria da errumenean. Organo handi hori hartzidura-ontzi industrial batekin alderatu da, bertan ingurunea etengabe berritzen baita. Errumenean, oxigenorik ezak bakterio, arkeo, onddo eta protozoo anaerobioen hazkundea errazten du. Mikroorganismo horiek guztiek zelulosa eta beste gluzido batzuk hartzitzen dituzte, gasa askatuz (hidrogenoa, karbono dioxidoa eta metanoa; azken honek eragin kaltegarria du ingurugiroan, berotegi-efektua areagotzen baitu)

Hartzidura horien ondorioz gantz-azidoak sortzen dira, hausnarkariak energia-iturri moduan erabiltzen dituena.

Janarien digestioa egiteaz gain, errumeneko mikroorganismoek aminoazidoak eta bitaminak ere ekoizten dituzte, animaliaren elikagai-iturri direnak.

Azkenik, errumeneko mikrobio ugari abomasoan digeritzen dira, eta proteina-iturri ere bihurtzen dira animaliarentzat.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskalterm:[Albaitaritza Hiztegia] [2018]

Kanpo estekak

aldatu