Haurrak soinean eramatea

Haurrak soinean eramateko teknika desberdinak daude; denek haurra eta zaintzailearen arteko kontaktu fisiko estua ahalbidetzen dute.

Haurra garraiatzeko haurtxo bat amaren bizkarrean

Historia aldatu

Umeen garraioa seguraski gizakiaren bipedismorako eboluzioarekin batera hasi zen (lauhanka, kumeak bizkarrean eramatea errazagoa baita). [1] Normalean, umeak soinean eramateko, giza talde batek beste zamak garraiatzeko erabiltzen dituen sistema berberak egokitu izan ditu.[2]

Faraoien garaiko Egiptoko artelanetan eslingetan doazen haurren irudiak ikus daitezke. [3]

Europan, haurren garraioa erakusten duen lehen artelanik zaharrenetarikoa Giotto-k 1306 inguruan margotutako fresko bat da, Maria irudikatzen duena Jesus eslinga batean eramaten.[4] Erdi Aroko Europan oso erabilia zen sistema hau, nahiz eta ospe txarra izan, jende pobre eta baztertuarekin identifikatzen zelako.[5] Izan ere, oro har, munduko herri eta kultura guztietan amek haurrak soinean eraman izan dituzte, beste emakume baten kargu utzi ezin (edo nahi ez) zutenean.[6]

Gizarte modernoan, haurrak soinean eramatea 1960. hamarkadaz geroztik berreskuratu da, haurrak hazteko manera berriekin batera, zati handi batean La Leche Liga nazioarteko elkarteak bultzatuta. 1970. hamarkadan, Alemaniako ama batek (Erika Hoffman, Didymos markaren sortzailea) Hego Amerikako eramate-teknika inportatu zuen, sorbaldean lotutako oihal luzeena alegia. 1981ean Rayner eta Fonda Garnerrek bi eraztuneko eslinga asmatu zuten, 1985etik aurrera William Sears medikuaren eraginez asko hedatu zena.[7] 1990eko hamarkadaren hasieran, Hawaiien poltsa-garraiatzaile bat sortu zuten. Eta 2003tik aurrera Txinako mei tai tradizionalak zabalkunde handia izan zuen.

Metodoak aldatu

 
Hiru haur panpinak soinean eramaten

Gorputzean zintzilik eramateko eslinga edo motxila sistema asko daude, material eta diseinu desberdinetakoak. Haurraren gaitasunaren arabera ere alda daitezke: esertzeko edo burua altxatzeko gai ez direnek, edo helduagoek, behar desberdinak baitituzte.[8] Oro har, Europan haurrak aurrean eramateko ohitura da nagusi, eta Afrikan bizkarrean.

Sistema asko daude, premien arabera aukeratzeko:[9]

  • Zapi, bufanda edo fularrak: 0,77 eta 7 m. arteko oihal luzeak. Elastikoak edo zurrunak izan daitezke. Umea aurrean, alboan edo bizkarrean eramateko erabil daitezke, tolesdura motaren eta haurraren adinaren arabera. Haurrak eramateko modurik moldakorrena eta zaharrena da.[10]
  • Eslinga, begizta batek lotutako oihal luzea. Garraiatze asimetrikoa ahalbidetzen du, aldi laburrez (pisuari sorbalda bakarrarekin eusten zaio).[11]
  • Aurrez prestatutako sistemak ("kanguroa", "poltsa"): azkar lotzen dira, eta haurraren eta eramaileen morfologiaren arabera egokitu behar izaten dira.[11]
  • Podaegi korearraren motakoak: oihal karratua, ertz batean 2 banda dituena, umea gerriaren atzean eramateko.
  • Mei tai txinatarraren motakoak: oihal karratua, 4 erpinetan 4 banda dituena: 2 gerriaren inguruan lotzeko, beste 2 eramalearen sorbaldetan.[12]

Eraginak aldatu

 
AEB-etako aita bat haurra soinean eramaten

Eramate-motaren arabera (azala azalaren kontra, arropa gainetik, aurrean, bizkarrena....) hainbat abantaila deskribatu dira:[6]

  • Amarengan: batzuen esanetan, erditze osteko depresioaren intzidentzia gutxitzen du; seinarekiko kontaktuak hipofisia estimulatzen du, edoskitzerako beharrezkoa den hormonaren (prolaktina) eta oxitozinaren ekoizpena bultzatuz; oihalek haurra edoskitze posizio erosoan ezartzea ahalbidetzen dute.[13]
  • Aitarengan: haurrarekin kontaktu fisikoa eta komunikazioa areagotzea.
  • Eramalearen bizkarra sendotzen du; umea eramatearen pisuak ez du berez inolako kalterik sortzen, lehen hileetan behintzat (kontuan hartu haurdunaldian zehar amak sabelean eraman duen pisua astunagoa dela, sein jaioberriarena baino).[13]
  • Haurraren lasaitasuna: zortzi bat hile bete arte, ama ikusten ez duenean, umeak bakarrik dagoela uste du.
  • Azala azalaren kontra eramateak umearen tenperatura 37 °C inguruan egonkortzen du, berdin da kanpoan zein tenperatura den (klima hotz zein beroetan haurrak tradizionalki soinean eraman izan dira, kanpoko tenperaturengandik isolatuz; isolamendu hau ez da hain eraginkorra eramate mota hau berriki hartu duten gizarte modernoetan, non gehienetan umea gurasoaren arropen gainean doan).
  • Negarra egoera normalean %50ean murrizten da,[14] eta %85ean prozedura mediku mingarrietan (odol laginketa, txertoak).[15]
  • Seinaren izaera soziala sustatzen da, irrifarreak eta zezeltzea barne (aste batzuk aurreratzen dira)[16], estimulu leun eta etengabearen eraginez.
  • Eramalearen eta haurraren arteko atxikimendua errazago garatzen da, eta haurrak hobeto onartzen du kontaktu fisikoa.[16]
  • Haurraren bizkarrezurraren forma naturala errespetatzen du, postura" fisiologikoa " denean. Alegia: hamaka moduan eserita dagoela, ez hankatartearen gainean.
  • Seinaren digestio kolikoak hobetzen dira, postura dinamikoari esker.[13]
  • Soinean eramateko era batzuek jaioberrien aldakako displasiaren tratamendurako balio dute.
  • Soinean eramateak badu alderdi praktikoa ere: eramaleak besoak libre ditu, bere zereginetan aritzeko seina bakarrik utzi gabe.
  • Plagiozefaliaren normaltzean ere laguntzen du.[13]

Kritikak aldatu

Batzuen ustez haurren bakarrik lo egiteko ahalmena atzeratu egiten dela.

Umea aurrera begira eramatea ez da gomendagarria: hiperextentsioa bizkarrean, mokorraren posizio desegokia eta hiperestimulazio sentsoriala.[13]

Bestalde, manufakturatutako zenbait eslinga-sistematan diseinu edo fabrikazio arazoak detektatu dira.[17] Poltsa-eramaleetan, berriz, seina gehiegi berotzearekin arazoak dokumentatuak daude.[18][19] Horrelako kasuetan, kontsumitzaile elkarteek oihal sinplez osatutako edo gorputzetik aparte eramateko sistemak gomendatu dituzte.[20]

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1.  doi:10.1002/ajpa.20603. PMID 17427923..
  2. Fontanel, Béatrice.. (1998). Babies celebrated. Harry N. Abrams ISBN 0-8109-4012-4. PMC 1064292863. (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  3. I.C. van Hout. Beloved Burden - Baby wearing around the world. pp 6-7. Royal Tropical Institute, Amsterdam. 2011. ISBN 9789068321746
  4. Rosie Knowles. Why Babywearing Matters. p 19. Pinter & Martin, 2016. ISBN 9781780665351
  5. I.C. van Hout. Beloved Burden - Baby wearing around the world. pp 58-63. Royal Tropical Institute, Amsterdam. 2011. ISBN 9789068321746
  6. a b (Gaztelaniaz) Larrañaga, Oier Gorosabel. Haurrak soinean eramatea | Aixebe & Abante Fisioterapia. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  7. Maria Blois MD. Babywearing - The Benefits and Beauty of This Ancient Tradition. pp 32-35. Hale Publishing, 2005. ISBN 0972958339
  8. (Ingelesez) «Babywearing: Advantages, Positions, and Choice of Carrier» ParentsNeed 2019-08-10 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  9. Cógeme mamá. Qué pedirle a un portabebés. (Noiz kontsultatua: 2019ko abenduaren 26a).
  10. «The Opinionated Parent | The Art of Babywearing: Wraparound Carriers» web.archive.org 2009-04-27 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  11. a b «Pouches and Slings» web.archive.org 2009-02-04 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  12. (Ingelesez) Rebeka. (2019-03-19). «10 Best Infant Carrier [Reviews and Safety Tips»] Baby Gears Guide (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  13. a b c d e (Gaztelaniaz) «▷ PORTEO en recién nacidos. ¿Por qué es tan importante?» JL FISIOS 2019-08-10 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  14. Increased carrying reduces infant crying: A randomized controlled trial. (Noiz kontsultatua: 2019ko abenduaren 26a).
  15.  doi:10.1891/1078-4535.22.1.17. ISSN 1078-4535..
  16. a b .
  17. «Consumer Reports on Safety: Baby sling carriers raise safety concerns» web.archive.org 2010-08-22 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  18. (Ingelesez) North America baby slings recall. 2010-03-24 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  19. «Consumer Reports on Safety: Baby deaths raise concerns about Infantino slings» web.archive.org 2010-12-03 (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  20. (Ingelesez) «Baby slings: Tips and warnings» www.consumerreports.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).