Berdabioko semea

Mikel Laboak kantatzen zuen bertso zaharrak
Goizuetan bada gizon bat» orritik birbideratua)

Berdabioko semea —baita ere Goizuetan, Berdabioren bertsoak, Goizuetan bada gizon bat edo Trabukoren kanta deitua— egile ezezaguneko kopla sorta bat da, seiko handia edo hiru puntuko handia ere esaten zaion neurrikoa.[1]

Berdabioko semea
Mikel Laboaren musika-lana
Egilea(k)Mikel Laboa
Ezaugarriak
Deskribapena
Honen parte daMikel Laboa (diskoa, 1966)
Euskal kanta berria (albuma)
14 (albuma)
Zuzenean
Oskorri & The Pub Ibiltaria 5
6 (albuma)

Kokalekua eta istorioa aldatu

 
Mikel Laboa

Kontatzen dituen gertakizunak Goizueta, Lesaka eta Arantzako (Aranaz) herrietan kokatuak daude. Goizuetako Artikutzatik gertu, Elama auzoan, Berdabioko bordan bizi zen gizon baten ahotik mintzo da narratzailea. Ahozko tradizioaren arabera, bertsoak Berdabioko gizon hark berak egin omen zituen, Iruñeko kartzelan zegoela. Besteak beste, Patziku Perurena bezalako ikerlarien dokumentazio-lanari esker frogatu da kanta XVIII. mende bukaerako egiazko gertakizunetan oinarritua dagoela.

Kopletan Trabuko izeneko gizon bat erdeinatzen da, gizon gaiztoa eta gezurtia dela salatuz (hitzak ederrak, bihotza paltso). Nahiz eta kantuan istorioaren alde gehienak nahiko ilunak izan, Goizueta eta inguruko ahozko tradizioari esker alderdi asko argitzen dira, aldaera eta ñabardura askorekin izanda ere.

Aldaera guztiak bat datoz honako kontakizunean: Berdabiok bere bordaren inguruko meatze batetik ateratako metalarekin (Goizueta meatzaritza eta oletatik bizi izan da mendeetan, duela ez asko arte) diru faltsua egiten zuen (ontzako urreak), gero, kontrabandoz, mugaz beste aldera igarotzeko. Iturri batzuen arabera, meatzeko metala ezezik, lapurturiko urre eta bestelakoak ere baliatzen zituen dirua egiteko, eta hain zuzen lapurretagatik atxilotu zuten hasieran Berdabio[2][3].

Berdabiok beste hiru kiderekin burutzen zuen diru faltsuketa hura. 1748ko dokumentu batean Joseph de Etchagarai (Berdabiokoa), Joseph de Quillaberri, Gracian de Echeverria eta Juan Antonio de Navaz izenak ageri dira. Haiei leporatu zitzaien delitua. Atxilotuak mugaldeko jendea ziren, Kilaberri zuberotarra zen sortzez, Etxeberria Hazparnekoa eta Navaz zubietarra[3].

Trabukok bazuen Berdabioren negozioen berri; Berdabio, aldi berean, Trabukok egindako delitu batzuren jakitun zen, tartean, gizon bat hil zuela ("ongi oroitu hadi, zer egin huen Elaman"). Istorioaren aldaera batzuetan esaten denez, Trabukok azkenean salatu egin zuen; beste aldaeren arabera, aldiz, Berdabioko alaba gaztearen erruz jakin zen haien etxean diru faltsua egiten zutela: alaba joan omen zen, behin, herrira erosketak egitera. Dendariak, txanponei zerbait berezia nabaritu eta, esan omen zion: "Hara! Hau bai diru berria!", eta neskatoak erantzun: "Bai, gure aitak etxean egiten du". Horrela harrapatu omen zuten.

Patziku Perurenak bildutako beste bertsio batean, Berdabioren emazteak Berdabiok dirua etxera nondik zekarren jakin nahi izan zuen, eta irin zakutxo bat lotu zien senarraren jantziei. Zakuan zulo bat egin omen zuen, senarraren ibilbidea jarraitzeko arrastoa gera zedin. Horrela jakin zuen emazteak meatzea non zen, eta Trabukori kontatu omen zion[2].

Ezkutuko meatokia non zuen galdetzen ziotelarik, Berdabiok beti erantzuten omen zuen: "nire ahuntzak egunero pasatzen dira minaren gainetik".[4] Non dagoen, ipuinetako misterioa da.

Kontatzen denez, Berdabio kartzelan hil zen, eta bertsook han kantatu omen zituen, bere salatariari mendeku hartzeko. Patziku Perurenaren arabera, ordea, Berdabio kartzelatik irten zenaren frogak daude, eta badirudi ia erabateko pobrezian hil zela[2].

Kantaren aldaerak aldatu

Bertsoen bertsiorik ezagunena Mikel Laboak kantatutakoa da, Resurreccion Maria Azkuek Errenterian jasotakotik moldatua. Besteak beste, Oskorrik The Pub Ibiltaria bildumaren bosgarren diskoan jaso zuen. Anje Duhaldek ere, Aita Donostiak Arantzan jasotako aldaera moldatu zuen, Pinpirin Florian diskorako.

Hitzak aldatu

(Resurreccion Maria Azkuek Errenterian Luis del Puerto izeneko bati jaso eta 1922ko bere kantutegian argitaratu zen bezala).[5]

1. Goizuetan bada gizon bat
deritzen zaio "Trabuko"
hitzak ederrak bihotza faltso
sekula etzaio paltako
egin dituen dilijentziak
berari zaizko damuko.


2. Ongi, ongi oroitu hadi
zer egin huen Elaman.
Difuntu horrek izatu balu
jarraikilerik Lesakan
orain baino lehen egongo hintzan
ni orain nagoen atakan.


3. Nere andreak ekarri zuen
Aranaztikan dotea,
hobe zukean ikusi ez balu
Berdabioko atea,
orain etzuen hark idukiko
dadukan pesalonbrea.


4. Nere buruaz ez naiz oroitzen
zeren ez naizen bakarra
hazitzekoak hor uzten ditut
bi seme ta hiru alaba
Jaun zerukoak adi dezala
horien amaren negarra.


(Aita Donostiak Aranazen jaso eta 1929ko bere kantutegian jasotako aldaera)[6]

1. Bardabioko semia naiz ta
Seme fortuna gabia.
Aranaztikan ekarri nuen
Dotiarekin andria.
Hobe zukian ikusi ezpalu
Bardabioko atia.


2. Nere buruaz ez naiz oroitzen,
Zeren ez naizen bakarra.
Azitzekuak or uzten ditut
hiru seme ta bi alaba.
Jaun zerukuak adi dezala
haien amaren negarra.


3. Goizuetan bada gizon bat,
Deitzen diote "Trabuko".
Hitzak ederrak, bihotza faltso
Behinere etzaio faltako.
Hark egin didan aberiguazioa
Sekulan etzait ahantziko.


4.-Denbora batez oroitzen bayintz
Zer egin yuen Elaman,
Denbora hartan ibiltzen yintzan
Yarraiki nikan Lesakan
Orain bano len egun yakien
Ni orain naguen atakan.


5. Goizuetako eskribu Jaunari:
-Eskarrikasko, barkatu;
Informaziuak onak diguzu
Iruñerako prestatu!
Mundu honetan edo bestian
Biharko dituzu pagatu.


6. Zorriak eta arkukusuak
Arrotontxuak nagusi.
Denbora batez erran bihartzuenak
hau bihar nuela ikusi!
Zeruko Aita, lagun nazazu,
Ezin nengoake igesi."



Erreferentziak aldatu

  1. «Goizuetan bada gizon bat», Bertsozale Elkartearen webgunea.
  2. a b c «Bideoa: Goizuetako ("Trabuko") / Asier Serrano ("Hiri gorritik"). Sautrela | TV | TV online | EiTB Televisión a la carta» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  3. a b «Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai • ZUZEU» ZUZEU 2015-07-28 (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  4. «Berdabioko semia naiz», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Lehenengo aldiz Cancionero vasco kantutegian argitaratua, 1994an. Kantutegiaren egilea: aita Donostia (Cancionero vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994).
  5. Resurreccion Maria Azkue (biltzailea): Goizuetan, Auñamendi Eusko Entziklopedia. Lehen aldiz Azkueren Cancionero popular vasco kantutegian argitaratua, 1922an.
  6. Aita Donostia, Cancionero Popular Vasco (1929). Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu