Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE)

Gobernuz kanpoko erakundea erakunde pribatu bat da non bere arau eratzaileen arabera, nahiz eta onurak edo irabaziak izan, hauek ezin dituzten erakundea kontrolatzen duten pertsonen artean banatu, eta honen bestez beraien helburuak lortu ahal izateko ondo kudeatuak egon behar dute irabazi hauek GKE hauekin zer ikusirik ez duten pertsonen artean banatuaz hain zuzen ere[1][2].

Gobernuz Kanpoko Erakunde bat: Greenpeace For a better tomorrow

Kontuan izan behar dugu, "gobernuz kanpoko" terminoak, argi esaten duen moduan, gobernuan ez dauden erakunde guztiak estaliko lituzkeela, Kontzeptu hau erabiltzen da, gobernutik kanpo dauden erakundeez gain, irabazirik lortzeko helbururik ez duten erakundeekin. Hori honela, enpresa bat (gobernuen independentea da) ez litzateke kontzeptu horren barruan sartuko, irabaziak lortzeko asmoarekin sortutako erakundea baita.


EzaugarriakAldatu

Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) herritarrek gehien baloratzen dituzten antolatutako taldeak dira. Gobernukoak ez direlako, gobernuen menpe ez daudelako, interes politiko zuzenik ez dutelako. Elkartasunak mugiarazten dituelako, justizia nahiak, altruismoak… Hondamendi eta gatazka lekuetara lehenak iristen direlako, askotan gobernuak eta armadak baino lehenago. Besteen alde ahalegin handia egiteko prest daudelako, sarri bizia arriskuan jarriaz. Miresten ditugu, batez ere, ez direna direlako.

Baina Munduan gobernuz kanpoko erakunde asko dago, Estatu Batuetan miloi eta erdi, Errusian 270.000, Indian bi miloi…Estatu Espainiarrean 20.000 izan litezke. Gobernuz Kanpoko Erakunde hauen sorrera aspaldikoa da, XIX. mendean bazeuden esklabotzaren amaiera edo emakumearen eskubideak aldarrikatzen zituzten taldeak, baina gaur egun ezagutzen ditugun hauek Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu eta hedatu ziren. Gaur egun giza jarduera orok du horrelako mugimendu bat, babesteko, eskatzeko, aldarrikatzeko edo salatzeko. Dirutza ikaragarriak mugitzen dituzte eta sarri ez dago garbi ez nondik lortzen duten dirua, ezta nola erabiltzen duten diru hori ere. Egiten zaien kritika nagusia da tresna izateko sortu zirela, injustizia eta gizakiak sortutako arazoak salatzeko baliabide, eta gaur egun asko eta asko helburu bihurtu direla, jende askoren bizimodu.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, gobernuen arteko akordioen bidez sortu ez den nazioarteko edozein erakunde. Beraz, nazioarteko erakundeetatik bereizten dituena gobernuen mende ez egotea da. Gaur egun, zeregin ofiziala betetzen dute nazioarteko beste erakunde batzuetan, hala nola Nazio Batuen Erakundean, Segurtasun eta Garapenerako Erakundean eta Europar Batasunean. Nazio Batuekiko erlazioak NBEn sei organo nagusietako bat den ECOSOC delakoak (Economic and Social Council, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala) gobernatzen ditu. Beren jardueretan mugak gainditu arren, harremanak eta akordioak lor ditzakete gobernuen parte hartzerik gabe. Nazioarteko erlazioetako partaidetzat hartzen dira. GKEak erregistratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte: erakundeak ECOSOCen eskumenekoak diren eta bere lan eremuaren barrukoak diren gaiez arduratu behar dira; erakundearen helburuek Nazio Batuen helburu eta izpirituekin bat etorri behar dira; irabazi asmorik gabekoak izan behar dira; jarduerarako egitasmoa onartua izan behar dute; eta bere asmoak lortzeko baliabideak izan behar dituzte. Erakunde hauei buruzko informazio osoa UIAk (Union of International Associations) urtean behin argitaratzen duen Yearbook of International Organizations buletinean aurki daiteke.

Lehenengo Gobernuz Kanpoko Erakundeak XIX. mendekoak dira: 1840an, adibidez, Esklabotasunaren Aurkako Munduko Hitzarmena bildu zen, eta esklabotasuna ezabatzeko mobilizazioak eragin zituen nazioartean. Gaur egun izugarri hedatzen ari den fenomenoa bihurtu da GKEen fenomenoa: 1909an 200 inguru zeuden erregistraturik, eta 1992an 5.000 baino gehiago. Helburu eta kausa humanitario ugari izaten dituzte, baina oro har iparraldeko herrialde garatuen eta hegoaldean garapen bidean daudenean arteko aldea txikitzen laguntzekoa izaten da, batez ere baliabideen banaketari, komunikazioari eta hezkuntzari dagozkien gaietan. Adibide ezagunetako batzuk Amnesty International, Gurutze Gorria edo Mugarik Gabeko Medikuena dira. Teorian estatuekiko independenteak diren arren, finantza arazoak direla-eta kezkagarria ari da bihurtzen gobernuekiko hartzen ari diren mendekotasuna, gobernu askok beren helburu politikoen zerbitzurako erabili nahi izaten baitituzte. Horregatik, erakunde hauen helburua da finantzaketa beren bazkideen edo herrialde garatuetako hiritarren diru laguntzen bidez lortzea.


GKE motakAldatu

GKE mota desberdinak daude, hainbat jarduera desberdinetara eskaini ahal baitira. Burutzen dituzten jarduerak kontuan hartuta, bereizketa hau egin dezakegu:

  • Garapenerako GKE (ONGD): Nazioarteko garapenerako lankidetzaren printzipioekin eta helburuekin lotutako jarduerak egitea da bere helburua. GKE mota honen adibidea Intermon Oxfam da, munduko hainbat herrialdetan garapen programak egiten dituena.
  • Gizarte Ekintza GKE: bere ekimenak gizarte zerbitzuekin lotutako alderdiei zuzenduta daude: ONCE, bere helburua ezgaitasunak dituzten pertsonen Gizarteratzea da.[3]
  • Giza Eskubideen GKE (eta Bakea): Ekintzak Giza Eskubideen defentsan edo egindako urraketen berri ematera bideratuta daude. Amnesty International edo Save the Children dira GKE mota honen adibide nagusiak.
  • Ingurumenaren GKE: ingurumenaren eta garapen iraunkorraren aldeko sentsibilizazio jarduerak garatzen dituzte. Greenpeace adibide ona da.


Nola finantzatzen dira GKEakAldatu

Finantziaziorik gabe, GKEek ezin izango lituzkete beraien ekimenak gauzatu, baina erabaki dezakete hauek nondik etorriak nahi duten izatea.

Ildo honetan, erakunde hauen finantzaketa iturri nagusiak bazkideek ordaindutako kuotak, produktu propioak saltzea, dirua biltzeko ekitaldien antolakuntza eta enpresen eta gobernu erakundeen donazioak dira.

Normalena GKEen finantziazio iturrien sarrera iturri guztien "nahasketa" batetik etortzea den arren, horietako batzuek erabaki dute beren burua soilik sektore pribatutik datozen iturrien bidez finantzatzea. Greenpeace-n kasuan adibidez. Beste batzuk gobernu-erakundeek emandako diru-laguntzen araberakoak dira aldiz, nazioartekoak edo nazionalak (edo biak) izan daitezkeelarik.

Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk Euskal HerrianAldatu

  • Intermon-Oxfam: Garapenerako proiektuen bidez, Hirugarren Munduan milaka familiekin batera lan egiten dute eta horien bizi-baldintzak hobetzeko ekintzak egiten dituzte. Oxfam Internacional taldeko gainerako erakundeekin batera lan egiteak azkartasunez eta eraginkortasunez lan egiteko aukera ematen die, nola larrialdietan, hala garapenerako proiektuetan.
  • Setem: Egiten dituen prestakuntza-proiektuengatik oso ezaguna den GGKE bat da. Azpigaratutako herrialdetan, gizarte-proiektuen garapenean parte hartzen dute.
  • Gurutze Gorria. Hainbat esparrutan lan egiten duten boluntarioen instituzioa da. Pertsona eta talde baztertuenak babesten zein lankidetza-proiektuak bultzatzen aritzen da. Batez ere, larritasunezko egoeretan giza laguntza sustatzeagatik eta kudeatzeagatik da ezaguna.
  • Unesco etxea: Bakearen eta elkarbizitzaren alde egiteko asmotan, gobernuko eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin gai horiei buruzko informazio, dokumentazio eta esperientzia-trukea sustatzen duen elkartea.


ErreferentziakAldatu

  1. «GKEen definizioa - hiru» www.hiru.eus Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  2. «Gobernuz Kanpoko Erakundeak» www.ikasbil.eus Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  3. (Gaztelaniaz) Ahotsa, Medikuen. «Gobernuz kanpoko erakundeen beharra» medikuenahotsa.com Noiz kontsultatua: 2019-11-28.