Uretra

Gernua maskuritik kanpora isurtzen duen hodia
Gernubide» orritik birbideratua)

Uretra edo gernubidea gernu maskuritik kanpoaldera doan eta gernua kanporatzen duen gernu-aparatuaren bukaera-hodia da. Azpilaren gune extraperitonealean kokatzen da. Uretra hodiak bi zulo izango ditu; barnekoa gernu-maskuriaren irteeran dago, bai gizonezko bai emakumezkoetan. Kanpo-zuloa, berriz, gizonezkoetan zakil-mokoan kokatzen da eta emakumezkoetan baginaren atarian.

Uretra
Xehetasunak
Honen parteGernu-aparatua
lower urinary tract (en) Itzuli
ArtikulazioaPuxika
Hona
drenatzen du
internal iliac lymph nodes (en) Itzuli
Arteriainferior vesical artery (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezurethra
MeSHeta A05.810.876 A05.360.444.492.726 eta A05.810.876
TAA08.4.01.001F eta A08.5.01.001M
FMA19667
Terminologia anatomikoa

Garapen enbriologikoa aldatu

 
Garapena

Sistema urogenitala, funtzio ikuspuntutik, bi sistematan banatuko da: ugal-sistema eta iraitz-sistema. Uretra azken honen parte izango da. Hasieran, bai ugal- bai iraitz-sistemak (sistema urogenitalaren osagaiak) oso egitura handiak izango direnez, liseri hodia kanpoan garatzera behartuko dute. Baina egitura hauek behin betiko itxura hartzen dutenean, asko txikituko dira eta ondorioz, liseri hodiak erretrakzioa egin ahal izango du. Iraitz-sistemak bi jatorri ditu: mesodermikoa (bitarteko mesodermoa) eta endodermikoa, azken zakua.

3. aste inguruan, bitarteko mesodermoa soma dezakegu. Gune zerbikalean, mesodermo honek, somitekin elkartuz, segmentarioki ikusten diren kunulu zelularrak eratzen ditu: nefrotomoak. Hauek norabide lateralean hazten dira eta hau egin ahala, kanalizatu egiten dira. Horrela, tubo nefrikoak sortzen dira, enbrioi barneko zeloman jariatuko dutenak. Nefrotomoak norabide kaudalean agertu ahala, hodi nefriko guztiak batu egingo dira eta enbrioiaren bi aldeetan hodi bana sortuko dute. Ertz edo kordoi nefrogenoak liseri hodiaren bi aldeetan jarriko dira, zelomaren atzean, alde zefalikotik alde kaudalera eta giltzurrun sistema eta uretra sortuko dituzte. Ertz nefrogeno modelo desberdinak agertzen dira eta mailaz mailako segmentazioa hasiko da erakusten. Nefrotomoak beraz, sistemaren egitura basikoak izango dira.

 
Kloakaren sorrera

Iraitz aparatuko hodiak alantoidesaren zakuan bukatuko dira. Alantoidesa, liseri hodiarekin batera, kloaka-n bukatuko da. Kloaka bi hodien bukaeran dagoen zabalgune bat da, eta bere erdian uzki plaka egongo da. Kloakatik, mesodermikoa den tabike urorrektala sortuko da eta horrela bitan banatuko da: aurrekaldean seno urogenitala eta atzealdean liseri hodiaren bukaera (konduktu anorrektala). Seno urogenitalean hiru atal bereiz daitezke:

  • Goikaldean: Maskuria: Hasiera batean maskuria alantoidesa izango da, eta aurrerago, alantoidesa obliteratzen hastean, zabaldu egingo da eta maskurian bihurtuko da. Alantoidesa endodermikoa denez, maskuria endodermikoa izango da.
  • Ondoren: Pelbis aldeko seno urogenitalaren atala egongo da: gizonezkoetan uretraren zati prostatikoa eta mintzezko zatia emango ditu.
  • Azkenik: Seno urogenitalaren atal falikoa: Seno urogenital definitiboa izango da:
    • Gizonezkoetan: Uretra penianoa.
    • Emakumezkoetan: Uretraren atala den bestibulua.
 
Kloaka garapenean

Kloaka bitan banatzen den bitartean, hodi mesonefrikoen zati kaudalak maskuriaren paretean sartuko dira. Hodi mesonefriko hauetako bakoitzetik ureter bana sortuko da (2 hodi mesonefriko → 2 ureter). Geroago ureterrak hodi mesonefrikotik banandu eta independienteki sartuko dira maskurian. Giltzurrunen igoeraren ondorioz, ureterrak norabide kranialean desplazatzen dira. Hodi mesonefrikoak berriz, jaitsi egingo dira eta elkarrengana gerturatuko dira uretra prostatikoan sartzeko. Hodi mesonefrikoak gonadatik irteten diren hodiak direnez, gizonezkoetan eiakulazio hodiak eratuko dituzte. Uretra eta gonadaren hodien artean prostata guruina sortuko da. Maskurian hodi mesonefrikoek eta ureterrek osatzen duten egiturari maskuriko trigonoa deritzo eta maskuriaren atal mesodermiko bakarra izango da.

3. hilabetearen bukaeran, uretra prostatikoaren epitelio endodermikoa ugaritu eta inguruko mesodermoan sartzen da. Horrela sortuko dira gizonezkoetan prostata guruina eta emakumezkoetan guruin uretralak eta periuretralak[1].

Atal eta kokapen anatomikoak aldatu

 

Uretraren atalak ezberdinak izango dira gizon eta emakumeetan[2][3]:

Gizonezkoen uretra aldatu

Gorputzetik "kanpo", zakilaren gorputz esponjotsuan kokatzen da. 20 cm inguruko luzeera eta bi kurbadura dauzka: lehenengo kurbadura, uretra perinetik irtetean sortzen da eta goranzko norabidea du. Bigarrena, bakarrik zakila erekzioan ez dagoenean agertuko da, uretra zakilaren errotik gorputzera pasatzen den gunean sortzen da, kurbatura honek beheranzko norabidea izango du.

  • Zati intramurala: oso motza da, 1cm inguru. Maskuriaren paretan kokatzen da. Uretraren barne esfinterra kokatzen da bertan, esfinter preprostatikoa, inbolutarioa dena. Eiakulazioan uzkurtu egingo da, eiakulazio erretrogradoa ekiditeko. Horrela, likido seminala maskuriruntz joatea ekiditen da.
  • Zati prostatikoa: 3cm-ko luzeera dauka eta prostatak inguratzen du. Zati honetan utrikulu prostatikoa kokatuko da, eta hodi eiakulatzaileak ere zati honetan bukatuko dira. Hauen etorrerak lodiune bat sortuko du; verum montanum. Honen erdialdean utrikulu prostatikoa egongo da, eta bi alboetan hodi eiakulatzaileen amaiera. Beraz, zati honetan, gizonezkoen iraitz aparatu eta ugal aparatuen batuera emango da nolabait.
  • Mintzezko zatia: 1-2cm.-ko luzeera dauka. Perine aldeko muskulu zehar sakona zeharkatzen du. Honek kanpo esfinterra emango dio uretrari. Zati honetan Cowper guruinen jariaketa alkalinoa burutuko da.
  • Zati esponjotsu bulbarra: 15 cm-ko luzeera dauka. Zakilaren gorputz esponjotsuan kokatzen da, eta glandearen muturrean amaituko da, meatoan. Meatoaren aurretik fosita navicularra egongo da, dilatazio txiki bat.
     

Emakumezkoen uretra aldatu

Zuzena da eta 3-5cm-ko luzeera dauka. 3 zati ezberdintzen dira:

  • Zati intramurala : oso motza da eta gernu maskuriaren paretan kokatzen da. Bertan esfinter inboluntario bat aurkitzen da.
  • Pelbis zatia : oso laburra da.
  • Mintzezko zatia: perineko muskulu zehar sakona zeharkatzen du, honek kanpo esfinter boluntarioa emango dio. Meatoa, hodiaren bukaera, introito baginalaren aurrekaldean kokatzen da. Klitoria eta baginaren artean.

Egitura histologikoa aldatu

3 geruza izango ditu: mukosa geruza, muskulu geruza eta adbentizia geruza.

Gune proximala urotelioz eratua egongo da, distala aldiz epitelio lau estratifikatu ez keratinizatuz[2][3].

Funtzioa aldatu

Uretraren funtzioa, gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan, gernua maskuritik jaso eta gorputzetik kanporatzea da. Txiza egiterakoan, uretraren muskulu leunezko geruza uzkurtu egiten da, gernu-zurrusta indartsu bat kanporatuz. Maskuria hustutzean muskulu geruza hau berriz ere erlaxatzen da.

Gizonezkoen kasuan, uretra hodia, iraitz aparatuaren eta ugal-aparatuaren artean partekatzen da. Izan ere, eiakulazioan kanporatzen diren espermatozoideak uretratik pasatzen dira. Eiakulatu aurretik, uretran aurkitzen da gernua kanporatua izaten da Cowper-en jariakinari esker[4].

Odoleztapena aldatu

Uretraren odoleztapena azaltzeko emakumeen uretraren eta gizonezkoen uretraren artean bereizpen bat egin behar da[5]:

Emakumeen uretraren odoleztapena aldatu

 
Barruko arteria iliakoa

Sistema arteriala aldatu

Bi arteriek eramango dute odola uretrara: barruko arteria pudendoak eta arteria baginalak. Biak barruko arteria iliakotik datozen arteriak izango dira.

Itzultze benosoa aldatu

Zainak arteriekin batera joango dira eta haien antzeko izena hartuko dute: barruko zain pudendoa eta zain baginala. Bi zain hauek barruko zain iliakoan drainatuko dute. Ondoren barruko eta kanpoko zain iliakoak elkartu egingo dira zain iliako batua sortzeko. Azkenik, honek beheko kaba zainan drainatuko du.

Linfa drainatzea aldatu

Linfa hodi gehienak erraineko gongoil linfatiko eta barruko gongoil iliakoetara iristen dira. Hala ere, hodi batzuk (besteekin konparatuta gutxiago) iztai gongoiletan isurtzen dira.

Gizonen uretraren odoleztapena aldatu

Sistema arteriala aldatu

Uretraren bi zati proximalen irrigazioaz beheko maskuri arterien adar prostatikoak arduratzen dira. Arteria hauek barruko arteria iliakoaren adarrak dira.

Itzultze benosoa aldatu

Uretrako bi zati proximalen zainak aipatutako arteriekin batera joango dira eta izen antzekoa izango dute: beheko maskuri zainen adar prostatikoak.

Linfa drainatzea aldatu

Hodi linfatiko gehienak barruko gongoil iliakoetan bukatzen dira. Hala ere, badaude kanpoko gongoil iliakoetan bukatzen diren linfa hodiak ere.

Inerbazioa aldatu

Uretrak inerbazio begetatiboa eta somatikoa jasoko du.

Sinpatikoa aldatu

Emakumeen kasuan, inerbazio sinpatikoa bizkar muineko L1-L2 mailetan sortuko da. Zuntzak bertatik aterako dira eta alboko kateko gongoiletara bideratuko dira. Aukera bat sinpasia bertan egitea izango da eta hori ez gertatzekotan, zuntzak aurrera jarraituko dute beheko plexu hipogastrikora iritsiz. Bertan sinapsia burutuko dute. Hemendik inerbazio sinpatikoa aterako da errai aurreko plexuetara joango dena.

Gizonezkoetan, zuntzak maila berdinetik aterako dira eta alboko kateko gongoiletara bideratuko dira. Bertan sinpasia ez egitekotan, goiko eta beheko plexu hipogastrikoetara bideratuko dira sinaptatzeko. Beheko plexu hipogastrikoan sinpasia burutzea ohikoagoa da. Hemendik ateratako sinpasi osteko zuntzak plexu prostatikora bideratuko dira.

Parasinpatikoa aldatu

Emakumeen kasuan, inerbazio parasinpatikoa bizkar muineko S2-S4 mailan jaioko da eta beheko plexu hipogastrikora bideratuko da. Zuntz batzuek beheko plexu hipogastrikoan sinapsia egingo dute eta beste batzuek, aldiz, errai aurreko plexuan. Nerbio hauek erekzio nerbio izenarekin ere ezagutzen dira erekzioaren arduradunak direlako.

Gizonenkoetan, zuntzak bizkar muineko maila berdinetik aterako dira. Hauek beheko plexu hipogastrikoan edo plexu prostatikoan egingo dute sinpasia. Plexu prostatikoa errai aurreko plexuaren antzeko da.

Sentikortasuna aldatu

Bi kasuetan inerbazio sentikorra nerbio pudendoaren bitartez iritsiko da. Nerbio pudendoa errain plexutik ateratzen da, eta azpilaren albotik bideratuko da ezten ziatikoa zeharkatuz. Uzkiaren gihar jasotzailearen azpitik igaroko da, perine aldera iritsiz. Modu honetan bertako hainbat egitura inerbatuko ditu.

Patologiak aldatu

Uretritisa aldatu

Uretraren infekzioa da, gehienetan bakterioek eragindakoa izan ohi dena. Dena den, jatorri birikoa ere izan dezake. Infekzio mota hau, batez ere, koito bidez transmititzen diren neisseria gonorrhoeae (gonorrearen eragilea) eta chlamydia trachomatis (klamidiaren eragilea) bakterioek eragin ohi dute. Kasu gehienetan, gonorrea eta klamidia aldi berean eman ohi dira eta hauen sintoma nagusienetariko bat, gernuan zornea aurkitzea eta txiza egiterakoan erretze sentsazioa izatea da. Bakterioek eragindako infekzioa denez, antibiotikoak erabiliko ditugu hau tratatzeko, bestalde, harreman sexualak saihestu behar dira tratamenduak irauten duen bitartean. Birusen kasuan berriz, uretritisa eragin dezakete, esate-baterako, herpes edo adenobirusek[4].

 
Hipospadia motak

Jaiotzetiko akats anatomikoak aldatu

Emakumezkoetan fistula uretra-baginara eman daiteke, gizonezkoetan aldiz, hipospadia[6].

  • Fistula uretra-baginarra: Fistula bagina eta gorputzeko beste egitura baten artean ematen den zulaketa patologiko bat da. Fistula uretra-baginararen kasuan, uretra eta baginaren artean zulo bat egongo da, bi egitura lotuko dituenak.
  • Hipospadia : Gizonezkoetan, uretraren irekidura zakilaren puntan eman beharrean, beheragoko gune batean emango da. Kasu gehienetan, irekiera hau ez da puntatik oso urrun egongo; dena den, gerta daiteke uretraren irekiera zakilaren erdian edota eskrotoaren gainean egotea.

Erreferentziak aldatu

  • UPV/EHUko Medikuntza Graduko irakasleen apunteak.
  1. Sadler, T. W. (Thomas W.),. Langman embriología médica. (14. argitaraldia) ISBN 978-84-17602-11-6. PMC 1139502733. (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  2. a b Dauber, Wolfgang.. (D.L. 2007). Feneis : nomenclatura anatómica ilustrada. (5{487} ed. argitaraldia) Masson ISBN 978-84-458-1642-4. PMC 629710728. (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  3. a b Drake, Richard L. (Richard Lee), 1950-. Gray anatomía para estudiantes. (Cuarta edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9113-816-7. PMC 1224076329. (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  4. a b (Ingelesez) «Urethra - Wikipedia» en.m.wikipedia.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  5. Moore, Keith L.. (2002). Anatomía con orientación clínica. Médica Panamericana ISBN 84-7903-534-X. PMC 49263686. (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  6. (Ingelesez) CDC. (2019-12-04). «Facts about Hypospadias | CDC» Centers for Disease Control and Prevention (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).

Kanpo estekak aldatu