Chlamydia
Chlamydia generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, zelula barneko parasito hertsiak direnak. Koko txikiak dira, prokariotoen artean txikienetarikoak, haien tamaina birus handienen parekoa izanik.
Chlamydia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Chlamydiota (mul) |
Klasea | Chlamydiia |
Ordena | Chlamydiales |
Familia | Chlamydiaceae |
Generoa | Chlamydia [[|]] |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Rickettsia generoko bakterioen antzera, Chlamydia ez da hazten laborategiko hazkuntza-inguruetan, zelula barneko parasitoa delako. Horregatik -birusekin gertatzen den moduan- kultibo zelularrak behar dira bakterio hori laborategian hazi dadin.
Klamidien metabolismoa oso mugatua da, molekula asko behar baitituzte bizirik irauteko. Molekula horiek guztiak zelula ostalariarengandik hartzen dituzte, ez baitira gai bere kabuz sintetizatzeko (azetil-CoA, NAD, FP, entzima batzuk...). Duela gutxi arte ATP bera ostalariarengandik hartzen zuela uste bazen ere, azken ikerketa genetikoek zalantzan jarri dute alde hau.
Metabolismoaren aldetik esan liteke klamidiak birus eta bakterioen artean kokatzen direla, prokariotoak izan arren.
Bizi-ziklo berezia dute klamidiek, bi zelula mota baitaude: funtsezko gorputz deritzona (partikula infekziosoa) eta gorputz erretikularra (zelula ostalariaren barnean agertzen dena). Funtsezko gorputza txikia da, zelulatik kanpo dago eta infektatzeko ahalmena du; gorputz erretikularra, aldiz, handiagoa da, zelula barnean dago eta ez du infektatzeko ahalmenik. Funtsezko gorputzaren aldean, gorputz erretikularrak erdibiditzeko gaitasuna du.
Hiru Chlamydia espezie onartzen dira egun (2009an): Chlamydia trachomatis, Chlamydia muridarum eta Chlamydia suis. Garai batean Chlamydia generoan sailkatzen ziren beste espezie batzuk (C. pneumoniae eta C. psittaci, kasu) genero berri batean sailkatzen dira egun: Chlamydophila generoan, hain zuzen ere.
Chlamydia trachomatis patogenoa da. Bakterio honek bi gaitz eragiten ditu: trakoma izenekoa (begien infekzio larria) eta klamidiasia (traktu urogenitaleko infekzioa, harreman sexualen bidez kutsatzen dena). Chlamydia trachomatis-en serotipo desberdinak daude, gaitz bat ala bestea sortuko dutenak.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Chlamydia |