Francisco da Costa Gomes
Francisco da Costa Gomes (Chaves, 1914ko ekainak 30 – Lisboa, 2001eko uztailak 31) portugaldar militar eta politikaria izan zen. 1974-1976 bitartean Portugalgo presidentea izan zen.
Bizitza
aldatuIkasketa militarrak amaitu ondoren hasi zen gudarostean karrera militarra egiten, zaldunerian. Bere lehenengo zerbitzua Errepublikako Guardia Nazionaleko gudari gisa egin zuen, eta 1944. urterako, kapitain-titulua eskuratua zuen. Urte hartan, matematikako lizentzia eskuratu zuen Portoko Unibertsitatean. Hurrengo urteetan, garrantzizko zenbait zeregin bete zituen NATOren nazioarteko zenbait erakundetan, eta 1948an, Estatu Goreneko kide egin zuten. Hurrengo urteetan, beste hainbat karguren ardura izan zuen. 1970ean Angolako gudarostearen komandante izan zen, eta 1972. urtean, Portugala itzulita, Estatu Goreneko Buruzagi izendatu zuten. Baina kargu hartatik egotzi zuten handik bi urtera, diktaduraren erregimenak gudarosteaz egiten zuen erabilerarekin bat ez zetorrelako.
1974ko Krabelinen Iraultzan Kapitainen mugimendu delakoarekin bat egin zuen, eta urte hartatik 1976ra, Portugalgo Errepublikako lehendakari izan zen. Hasieran ezker muturreko indarrei eman zien nagusitasuna. 1975. urtetik aurrera, berriz, komunisten, sozialista moderatuen eta ezkertiarren arteko oreka bilatzen ahalegindu zen eta, azkenik, azaroaren 25ean larrialdi-egoera ezarri zuen, Lisboan. Neurri hari esker sendotu egin zen Indar Armatuen Mugimendu ezkertiarraren eragin moderatua, eta demokrazia egonkortzea lortu zuen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.