Flora (Giuseppe Arcimboldo)

Flora taula gaineko olio-pinturako margolan bat da, Giuseppe Arcimboldo italiarrak 1589. urtean egina, Rodolfo II.arentzat (Arcimboldoren mezenasa baitzen). Arcimboldoren buru konposatuen (teste composte) arteko bat da. Gaur egun Espainiako bilduma partikular baten parte da, eta Bilboko Arte Ederren Museoak antolaturiko erakusketaren parte izan zen.[1]

Flora
Giuseppe arcimboldo - flora 1589 oil on panel 74 5x57 5cm pc.jpg
Jatorria
Sortzailea Giuseppe Arcimboldo
Sorrera-urtea 1589
Ezaugarriak
Materiala(k) olio-pintura
Zabalera 57,5 zentimetro
Altuera 74,5 zentimetro
Genero artistikoa erretratua
Egile-eskubideak jabetza publiko
Deskribapena
Kokapena
Bilduma bilduma pribatua

GaiaAldatu

Ovidioren testuan aurkitzen den Floraren mitoan oinarrituriko irudikapena dugu Arcimboldorena. Ovidioren arabera, Lurraren hastapenean hosto eta belar berdeak soilik apaintzen zuten mundua. Zefirok, haizearen jainkoak, eta Kloris-ek Flora ekarri zuten mundura loreen kolore aniztasuna plazaratuz. Hori dela eta, artistak loreen bidez sortu zuen Floraren erretratua, forma eta edukiaren arteko korrespondentzia eratuz (gaiak artelanaren eduki formala baldintzatzen du). Jainkosaren azala, ilea eta janzkeraren tonuaren arabera kokatu zituen loreak. Adibidez, jainkosaren ezpainak eratzeko arrosak baliatu zituen Ovidioren testuan oinarrituz: “hitz egin bitartean, udaberriko arrosak arnasten zituen ahotik”. Ehun urte lehenagoko Boticelliren Udaberria obran antzeman dezakegu mezu berbera: udaberriak eta loreek kolorea ekarri zuten mundura; koadro honetan plazaratzen den mezu berbera izanik, aurrekaritzat hartu dezakegu. Bestalde, badirudi erretratu trataera duen artelan honek Francesco Melziren Flora obra ere baduela inspirazio iturri besteak beste.

Arcimboldoren Flora artistak zuen ezagutza eta ikusmin handiaren erakusle dugu. Irudikaturiko loreen azterketa egin ostean, 80 espezie bereizi dira, jatorria Europan, Asian eta Amerikan dutenak. Gainera, horietariko asko jada Flora Meretrix margolanean erabiliak izan ziren. Erreproduzitutako lore aniztasunak ondorio zientifikoak izateaz gain, ondorio artistikoak izan zituen. Lore espezieen dibertsitate honek paleta kromatiko sotil eta anitza eratzea ekarri zuen.

Antzinateko mitologia erromatarrean jatorria duen mitoa izan arren, Erdi Aroan Floraren mitoak jarraipena izan zuen irakurketa ezberdinak izanik. Giovanni Boccaccioren De claris mulieribus (1359) testuan honako hau irakur daiteke: “Flora emagaldua, loreen jainkosa eta Zefiroren emaztea”. Hala, Errenazimentuan, Floraren irudia giro gortesauarekin parekatzen zen, emaztegai eta ezkonberriekin zehazki. Aztergai dugun koadroa ere honekin lotu zen, nahiz eta autoreak hala ez pentsatu, eta emagaldu bezala definitzearen ondorioz, Arcimboldok lehenengoaren bikotea izango zen bigarren Flora bat margotu zuen, Flora Meretrix, aurreko loturari zuzeneko erreferentzia eginez.[2]

Teknika eta estiloaAldatu

Flora taula gaineko olio-pinturan eginiko margolana dugu, artistak lortu nahi izan zuen kromatismoa lortzeko teknika egokiena. Olio-pinturak kolore nabardurak ahalbidetzen ditu, akabera lau eta distiratsu batekin. Izan ere, kolore gama zabal eta bizia baliatzen du, hondo beltz baten gainean hauek deigarriago eginez. Kolore aniztasunaz gain, koloreen arteko oreka aipagarria da, emaitza ederra lortuz. Hala ere, margotzeko teknika tradizionala darabilela ondorioztatu genezake, zeinetan marrazkiak garrantzia izaten jarraitzen duen. Errealismoaren mesedetan, pintzelkada kontrolatu eta finak erabiltzen ditu. Pigmentua ahalik eta gutxien nabarmentzea zen bere helburua.

Floraren irudikapena egiteko erretratu tipologia aukeratu zuen Arcimboldok, errenazimentuan jada berreskuraturiko tradizio erromatar klasikoa gogora ekarriz. Izan ere, enperadore klasiko zein errenazimentuko elite intelektual humanistaren erretratu bat ekartzen digu gogora. Hala ere, gaiaren trataerari dagokionez guztiz berritzailea da. Izan ere, lore eta udaberriaren jainkosa irudikatzeko lorez eginiko erretratua egitea erabaki zuen. Arcimboldoren obra famatuenak bere buru konposatuak (teste composte) dira ordea, zeinetan forma eta edukiaren arteko konkordantzia bilatzen zuen, ia muturrera helduz. Ideia hauek manierismoaren izaerarekin bat egiten dute: kapritxoa, originaltasuna, bizitasuna... Hauserren arabera, manierismoak klasizismoa (tradizionala dena) eta anti-klasikoa denaren (berritzailea) arteko tentsioen emaitza moduan ulertu beharko genuke.[3]

Loreen identifikazioaAldatu

Aurrez aipaturiko lore espezie anitzen identifikazioari dagokionez, honako hauek aipagarri dira beste hainbaten artean, Bilboko Arte Ederren Museoan eginiko azterketa sakon baten ondorioz identifikagarri egiten zaizkigunak :[2]

Loreen azterketaAldatu

  1. Kuku-Belarra (Aquilegia vulgaris).
  2.  
    Flora zenbakiekin
    Zitori laranjatua (Lilium bulbiferium).
  3. Arrosa zuria (Rosa alba) edo te landarea (Camellia sinensis).
  4. Basa-arrosa edo arkakaratsa (Rosa canina).
  5. Klabelin basatia (Dianthus monspelliensis).
  6. Lirio arrunta (Iris germanica).
  7. Kruzifero (Cruciferae) edo rubiazeroren bat (Rubiaceae).
  8. Hortentsia zuria (Hydrangea macrophylla).
  9. Marrubia? (Fragaria).
  10. Aster (Asteraceae).
  11. Paperezko lorea (Helichrysum foetidum) edo krisantemo (Chrysanthemum) bariedaderen bat.
  12. Paperezko lorea (Helichrysum foetidum) edo krisantemo (Chrysanthemum) bariedaderen bat.
  13. Arrosa zuria (Rosa alba) edo te landarea (Camellia sinensis).
  14. Klabelin basatia (Dianthus monspelliensis).
  15. Klabelin basatia (Dianthus monspelliensis).
  16. Senecioren bat (Senecioninae).
  17. Irri-belarra (Ranúnculus sp.).
  18. Basabitxilorea (Bellis perennis).
  19. Liho bizikorra (Linum perenne).
  20. Klabelin basatia (Dianthus monspelliensis).
  21. Kuku-belarra (Aquilegia vulgaris).
  22. Arrosa (Rosa)

MarkoaAldatu

 
Floraren markoa

Arcimboldoren obren markoak azpimarratzekoak dira. Pietre dure edo harri gogorreko marketeria teknika baliatu zuen Flora artelanaren markoa egiteko. Teknika hau Italian garatu zen, errenazimentuaren testuinguruan. Manierismoa iritsi zenean, pietre dure teknika garaiko ezaugarrietara moldatu zen, garaian ohikoak motiboak txertatuz. Arcimboldoren markoak gainera, gema ezberdinen inkrustazioez hornituak daude, margolanaren kromatismoarekin bat eginez.[2]

Artelanaren testuinguru historiko-artistikoaAldatu

Badirudi Florak bere egilearen autopromoziorako abilezia aditzera ematen duela; gortean ikasi eran, intelektualen arteko lehia ohikoa zen. Arcimboldoren Flora 1587. urtean margotua izan zen, artista Milanera itzuli zenean. Urte horretan artista sekula zerbitzatzeari utzi ez zion eta bizitarteko pentsioa eman zion Rodolfo II.ak emaniko titulu eta ohoreekin bere hirira bueltatu zenean alegia. Arcimboldok laguntza hauen truke, bere obrak bidaltzen zizkion, lehenengoa aztergai dugun pintura izanik. Izan ere, urtero egiten zen antzera, artelana 1590. urteko urteberri egunean Rodolfo II. enperadoreari entregatu zitzaion. Subiranoa botanika edo lorezaintza zalea izanez, Arcimboldok Flora aurkeztea erabaki zuen. Bi urte beranduago, Vertumno margotuko zuen, landare eta begetalekin eginiko bigarren erretratu bat.[2]

Margo hau manierista kontsideratzen da, XVI. mendearen erditik aurrera Europan garatutako estilo artistiko bitxia; Arnold Hauseren arabera, errenazimentuarekin batera indartutako klasizismoaren eta balore “anti-klasizisten” arteko tentsioen emaitza litzatekeena. Manierismoak ahalbidetutako margogintza askeago batek artisten irudimena piztu zuen, nolabaiteko esperimentazio garai bati hasiera emanez. Arcimboldoren obra honetan ongi ikusten den antzera, manierismoak artista bakoitzaren maniera pertsonal edo partikularra goresten du. Flora, artelan guztiz kapritxosoa dugu, ikuslearen gozamenerako sortua. Artelan anekdotikoak, anbiguoak zein birtuosoak kontsideratu genezake.[3]

Eraginak eta ondorioakAldatu

Arcimboldok artelan honen gaiaren aukeraketan aurretiko beste obra batzuk izan zituen aurrekari. Haien artean, Sandro Boticelliren Udaberria edo Francesco Melziren Flora koadroa aipagarri ditugu. Ez zuten Flora buru konposatu eran hartu, baina erakargarritasun bikoitza zuela onartu zuten, alde batetik, anbiguotasun tematikoagatik, eta bestetik, errepresentazio floralaren eta botanika jakintzaren erakusleiho izateko medio egokiak aurkitu zituelako pintoreak.

Azterturiko obra konplexua izan arren, aditu askok ez dute Giuseppe Arcimboldo errenazimentuko jenio handienen artean kokatzen. Beste pintore batzuekin konparatuz gero, ikus dezakegu, nahiko xumeak zirela bere obrak eta Arcimboldo bera bere mugez kontziente zela. Bere mezenasek, Maximiliano II.a eta Rodolfo II.a, ez zioten inoiz gai profano zein sakraturik enkargatu; artista gaituenek pintaturiko gaiak baitziren. Horregatik, Arcimboldoren bertute handiena bere bide propioa aurkitzea izan zen. Estilo pertsonal horrekin, artea zen merkatu lehiakorrean lekua aurkitu zuen eta jenio handienek egin izan duten eran, publikoa erakartzen zuen pintura sortu zuen.

Guiseppe Arcimboldo artearen munduko famaren joan-etorrien kasu harrigarrienetarikoa da. Enperadore eta garaiko idazle handienek goraipatzen zuten artista bazen ere, hil ostean Arcimboldoren arte-produkzioa ahaztua izan zen. Damnatio memoriae izugarria jasan zuen XX. mendera arte hedatua izan zena. Arcimboldo dugu inpresionismoaren aurreko margolari bakanetarikoa artegintza garaikidearen parametroetara egokitu zena data hain goiztiarretan. Ondorioz, artista garaikideentzat bere konposizio eta artelan bitxiak inspirazio iturri bilakatu ziren nolabait, eta Arcimboldo artearen historia modernoaren parte bilakatu da.[2]

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Arcimboldo | exposiciones | Museo de Bellas Artes de Bilbao» Tienda del Museo de Bellas Artes de Bilbao . Noiz kontsultatua: 2019-06-05.
  2. a b c d e Arcimboldo : las Floras y la Primavera. ISBN 9788469759707 PMC 1015243493 . Noiz kontsultatua: 2019-06-05.
  3. a b (Gaztelaniaz) Suarez Quevedo, Diego. (1989). Renacimiento y Manierismo en Europa. Grupo 16.

Kanpo estekakAldatu