Fagor Taldea euskal kooperatiba talde industrial handiena da. 1964an eratu zen talde gisa eta zortzi kooperatibak osatzen dute. Taldeko kooperatibek soluzio teknologiko aurreratuak eskaintzen dituzte hainbat sektoretan: automozioan, makina-erremintan, ostalaritza eta sukaldaritzako ekipamenduan, etxetresnen osagaietan, eguzki energian eta jabetza industrialean. Arrasaten dauka egoitza nagusia eta Debagoiena eskualdekoak dira taldea osatzen duten kooperatiba guztiak. Munduko hainbat tokitan ditu lantokiak, 10.038 langileko taldea osatuz (2021eko abenduan[1]). Mondragon Korporazioko partaidea eta sortzaileetako bat da.

Fagor Taldea
Datuak
MotaEnpresa taldea
HerrialdeaEspainia
Eskumendekoak
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formakooperatiba
JabeaMondragon Korporazioa
Historia
Sorrera1964
webgune ofiziala

Historia aldatu

Fagor Taldea ULARCO izenarekin sortu zen, 1964an, Debagoieneko lau kooperatiba elkartuta: Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan. 1966an izena aldatu zuen Fagor Taldea deitzeko.[2][3][4][5][6]

Ulgor izan zen talde horretako kooperatiba aitzindaria, 1956an sortua, Jose Maria Arizmendiarrieta[7][8] apaizaren bultzadarekin. Ulgorrek sortu zuen Fagor marka 1959an.[9][10] Ulgorreko bazkideek enpresa eredu berri bat sortu nahi zuten, non langileak izango baitziren jabeak eta erabakitzaileak.

Arizmendiarrietak justizia sozialean eta giza duintasunean oinarrituriko erakunde eta enpresak sortu nahi zituen, langileen eta komunitatearen onerako, Arrasateko Kooperatiba Esperientzia[11][12][13] gisa ezagutzen den eta Mondragonek gorpuzten duen mugimenduaren barruan.

Fagor Taldeko kooperatibak izan ziren, beste batzuekin batera, Mondragon Korporazioa sortu zutenak.[14]

Taldeko partaideak aldatu

Zortzi kooperatibak osatzen dute Fagor Taldea: Fagor Electrodomésticos, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electrónica, Fagor Professional, Copreci, Ederlan, Mondragon Assembly, eta Galbaian.

Kooperatiben printzipioak aldatu

Fagor Taldeak printzipio kooperatibo hauen arabera dihardu:

  • Atxikimendu librea.
  • Antolamendu demokratikoa.
  • Lanaren subiranotasuna.
  • Kapitalaren izaera instrumentala eta menekoa.
  • Kudeaketan parte hartzea.
  • Elkartasuna ordainsarietan.
  • Lankidetza.
  • Eraldaketa soziala.
  • Izaera unibertsala.
  • Hezkuntza.
  • Iraunkortasuna.

Fagor marka etxetresnen sektorean aldatu

Etxetresnak ekoizten zituen kooperatibak, Fagor Etxetresnak, 2013an itxi behar izan zituen ateak, bertako langileak Fagor Taldeko beste kooperatiba batzuetan birkokatuz.[15] [16] Ordutik, Fagorrek hiru enpresarekin adostu du etxetresnak merkaturatzeko Fagor marka erabiltzeko lizentzia[17]: AMICA (Fagor Electrodoméstico), Euroménage (Fagor Small Domestic Appliances) eta Rhointer (Fagor Cookware).

Taldearen ardurak aldatu

Fagor Taldea berau osatzen duten zortzi kooperatiben gobernantza ereduaz eta interkooperazioko mekanismoez arduratzen da. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu eta kooperatiben arloetako batzuk kudeatzen ditu, esate baterako: arau sozio-laboralak, Fagor marka edo enpleagarritasuna. Horrez gain, Talde mailako iraunkortasun estrategiaren ardura ere badu, eta kooperatibei beraien iraunkortasun estrategien garapenean laguntzeaz gain, lurraldeko eragile publiko eta sozialekin batera, Debagoiena eskualdeak iraunkortasunerantz egin behar duen trantsizioa sustatzea helburu duen D2030 ekimenean bultzatzailea da.[18]

Fagor Taldeko partaideek kutxa bateratua dute Gizarte Funtsa hornitzeko, egitasmo handiagoak sustatzeko asmoarekin. Fagorreko bazkideen asanbladak onartu zuen bere garaian legeak agindutako etekinen %10 baino gehiago jartzea Gizarte Funtsean eta taldeko partaideek %12 inguru jartzen dute, Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzen laguntzen duten askotariko gizarte ekimenak babesteko. Aipamen berezia merezi du urte luzez Gizabidea Fundazioaren[19] bitartez Fagor Taldeak Debagoieneko hezkuntza azpiegituren garapenean egindako ekarpenak.

Taldea zenbakitan aldatu

2021eko abenduan, Fagor Taldeak 10.038 langile ditu eta 1.260 milioi euroko salmentak ditu urtean. 3 M€-tik gora bideratzen ditu urtero Gizarte Funtsera eta lantokiak ditu herrialde hauetan: Brasil, Mexiko, Estatu Batuak, Alemania, Turkia, India eta Txina.

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. V, D. (2021). [https://www.diariovasco.com/alto-deba/arrasate/fagor-taldea-batzar-nagusia-arrasate- 20210526173818-nt.html Azken urtean egokitzeko eta berritzeko erakutsitako gaitasuna azpimarratu du Fagor Taldeak 2021eko Batzar Nagusian. ] Diario Vasco.
  2. Kooperatiben enpresa-ekonomia. Mondragon Unibertsitatea 2005 ISBN 84-689-4899-3. PMC 1055241183. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  3. Foote, Whyte, William. (1988). Making Mondragon : the growth and dynamics of the worker cooperative complex. ILR Press ISBN 0-87546-138-7. PMC 1330245671. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  4. La etnografía y sus aplicaciones : lecturas desde la antropología social y cultural. (Segunda edición: agosto 2019. argitaraldia) 2019 ISBN 978-84-9961-316-1. PMC 1142891429. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  5. Martínez Etxeberria, Gonzalo. (2018). La aplicación efectiva de los valores cooperativos : un reto educativo para el movimiento cooperativo. ISBN 84-9148-716-6. PMC 1170275911. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  6. Rueda Peiro, Isabel. (1999). Asociación y cooperación de las micro, pequeña y mediana empresas.. Editorial Miguel Ángel Porrúa ISBN 978-968-842-919-8. PMC 939263989. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  7. Garmendia, Fermín.. (2015). José María Arizmendiarrieta : un hombre, un pueblo, una experiencia. ESIC ISBN 978-84-16462-50-6. PMC 927290889. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  8. GAMINDE EGIA, EBA. La doctrina social cristiana y el cooperativismo vasco : una alternativa para el cambio. DYKINSON ISBN 84-9148-191-5. PMC 1039479370. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  9. (Ingelesez) Romeo, Nick. (2022). The New Yorker.[Betiko hautsitako esteka]
  10. «The new multinationals» The New Multinationals (Cambridge University Press): 1–26. 2010-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  11. García Insausti, Oihana. (2003). Partehartzea enpresan : begiratu historikoa, begiratu kritikoa eta lankidetzaren begiratua. Lanki Ikertegia ISBN 84-608-0052-0. PMC 433542027. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  12. (Ingelesez) Voinea, Anca. (2012). [https://www.thenews.coop/38082/sector/retail/co-operation-key-success- mondragon/ Co-operation is the key to success for Mondragon. ] Coop News.
  13. Arrasateko kooperatiba esperientzia : sintesi orokorra. Lanki, Lankidetzaren Ikertegia 2011 ISBN 9788460809654. PMC 851346644. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  14. Las cooperativas como alternativa económica : una visión de México y España. 2014 ISBN 978-84-9085-046-6. PMC 890315625. (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  15. (Ingelesez) Goodman, Peter S.. (2020). [https://www.nytimes.com/2020/12/29/business/cooperatives-basque-spain- economy.html Co-ops in Spain’s Basque Region Soften Capitalism’s Rough Edges. ] The New York Times.
  16. Berry, Kato, Daphne, Takao. (2018). Employee Ownership and Employee Involvement at Work: Case Studies. Emerald Publishing Limited, 7 or. ISBN 978-1-78714-529-7..
  17. (Gaztelaniaz) «La polaca Amica usará la marca 'Fagor' para crecer en España» EXPANSION 2019-09-05 (Noiz kontsultatua: 2023-02-20).
  18. (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2022). [https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/bertan/2022/04/11/anfitrion-transicion-energetica- 3602554.html Anfitrión de la transición energética. ].[Betiko hautsitako esteka]
  19. (Gaztelaniaz) [https://www.diariovasco.com/alto-deba/arrasate/fundacion-gizabidea-aportara-20220323182621- nt.html La Fundación Gizabidea aportará 2 millones al proyecto Hirekin de Mondragon Goi Eskola Politeknikoa. ] Diario Vasco.

Kanpo estekak aldatu