Extremadurako fala
Extremadurako fala, ezagunagoa fala gisa eta Extremadurako galiziera ere deitua, Cácereseko Jalamako ibarrean (Valle de Jálama gaztelaniaz edo Val de Xálima falaz) egiten den mintzaira da. Extremadurako hizkuntzen artean, bertakoa kontsideratu daitezkeen bien artean bat da hau, bestea extremadurera litzatekeelarik, hizkuntza desberdina.
Extremadurako fala | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Espainia |
Hiztunak | 6.000 (zenbatespena) |
Ofizialtasuna | Inon ez |
Eskualdea | Jalama ibarra (San Martín de Trevejo, Eljas, Valverde del Fresno) |
Araugilea | Ez du |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak hizkuntza italikoak hizkuntza erromantzeak mendebaldeko hizkuntza erromantzeak hizkuntza galo-iberiarrak hizkuntza ibero-erromantzeak Iberia Mendebaldeko hizkuntzak hizkuntza galiziar-portugesak | |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-3 | fax |
Ethnologue | fax |
Glottolog | fala1241 |
Linguist List | fax |
IETF | fax |
Galiziera eta portugesaren —hizkuntza talde galaikoportugesaren— aldaera da, jatorri guztiz ezaguna ez daukana, eta gertaera historiko jakinek eragindakoa. Gertaera horien artean, Jalama ibarrera bultzatutako galiziar jatorriko migrazioa dago, nahiz eta autore guztiek ez duten bat egiten hipotesi horrekin.
Extremadurako falaren izaera
aldatuHizkuntza horren izaera eta sailkapena gai eztabaidatua da. Hau da, autore batzuen ustez, galizieraren aldaera da, baina beste batzuek ezaugarri propioak hartu dituen hizkuntza dela diote, hizkuntza-talde galaikoportugesaren partaidea. Falaren hiztun gehienek ez dute bat egiten beraien hizkuntza galiziera delako iritziarekin[1].
1992an, José Enrique Gargallo Gil Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak falaren hiztunen artean ikerketa soziolinguistiko bat egin zuen, familia esparruko gaztelaniaren erabilera aztertuz:
- San Martín de Trevejon, 29 elkarrizketatuetatik, 4k gaztelaniaz egiten zuten familiarekin.
- Eljasen, 54 elkarrizketatutik, 3k.
- Valverde del Fresnon, 125etik, 25ek.
1993an, Revista Alcántara aldizkariaren 30. zenbakian, José Luis Martín Galindok eginiko azterketa bat argitaratu zuten. Bertan, San Martín de Trevejon falaren autoidentifikazioaz galdetu zuen; hau da, herritarren ustetan fala zer zen galdetu zuen:
- gaztelaniaren dialektoa: % 13
- portugesaren dialektoa: % 20
- berezko hizkuntza: % 67
Kontuan izan behar da, hala ere, 960 biztanletik 20k hartu zutela parte azterketa horretan, eta galiziera edo galizieraren dialektoa aukerak ez zitzaiela aurkeztu. Hori ez da harritzekoa, garai hartan fala galiziera zenik ez baitzen kontuan hartutako hipotesia ere.
1994an, beste ikerketa baten arabera, elkarrizketa egindakoen % 80k gaztelaniaz eskolan ikasi zuen eta etxeko erabileraren ehunekoa ondokoa zen:
- % 100ek zioen falaz egiten zutela seme-alabekin Eljas-en.
- % 85ek San Martín de Trevejon.
- % 73k Valverde del Fresnon.
Izendapen eta aldaerak
aldatuExtremadurako falak izen asko hartzen ditu bere hiztunen artean: fala de Xálima, fala de us tres lugaris, (a) nosa fala, xalimegu edo chapurreáu (gutxiespenez, Valverde-n). Era berean, galego de Estremadura ere izendatzen da, Galizian batez ere. Galiziako intelektualen artean, gainera, valego izendapena ere erabiltzen dute batzuek.
Halaber, herrien arabera hiru aldaera daude: Lagarteiru (As Ellasekoa), Mañegu ("sanmartiñegu"ren txikitzailea, Sa Martín de Trevellukoa) eta Valverdeiru (Valverdi du Fresnukoa).
Hiztunak 10.500 bat dira, gutxi gorabehera.
Ibarra
aldatuJalamako ibarra Cáceresko probintziaren ipar-mendebaldean dago, Portugalgo mugaldean.
Hiru udalerri hartzen ditu barne:
- Valverde del Fresno/Valverdi du Fresnu: 2.576 biztanle (2006).
- Eljas/As Ellas: 1.081.
- San Martín de Trevejo/Sa Martin de Trevellu: 927.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Ethnologue, "The speakers do not identify with the Galicians", "Speakers do not want orthography to be like Galician",
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Extremadurako fala |
- (Falaz) Valverdi du Fresnu
- (Gaztelaniaz) Extremadurako Hizkuntz Ondasunaren Sustapenerako Elkartea
- (Galizieraz) Ellaseko haraneko galizierari buruzko orria
- (Ingelesez) Fala ethologue-n