Eulogio Urrejola

Bilbotar sindikalista eta politikari sozialista (1883-1958)

Eulogio Urrejola Ortiz de Ginea (Bilbo, 1883ko martxoaren 12a - ibid. 1958ko irailaren 18a) euskal sozialista eta sindikalista aitzindaria izan zen. Ogibidez epaitegi-prokuradorea, Bizkaiko Metalgintza Sindikatuaren aholkularitza juridikoan lan egin zuen, eta Eibarko Udalean zinegotzia izan zen; baita Bilbokoan ere, 1937an Espainiako Gerra Zibilean matxinatuak hiriaz jabetu zirenean.[1]

Eulogio Urrejola

Bizitza
JaiotzaBilbo1883ko martxoaren 12a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1958ko irailaren 18a (75 urte)
Jarduerak
Jardueraksindikalista eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Ibilbide politikoa aldatu

 
Eibarko tren geltokian, 1914 urtean. Ezkerretik eskuinera: Eulogio Urrejola, Jose Madinabeitia, Ramiro Maeztu eta Aquilino Amuategi.

1904an Bilboko Gazteria Sozialisten sortzaileetako bat izan zen (gero Espainia osora zabalduko zen erakundea).[2] 1907an Eibarrera joan zen, eta han 1909an Kooperatiba Sozialistaren eta Casa del Puebloaren sorreraren eragile nagusietako bat izan zen.1917ko greba iraultzailearen ondorioz erbesteraturik, Hendaian eta Parisen izan zen; hemen Pedro Chastang koinatuarekin (Eulogioren emazte Lorenzaren anaia) eta Indalecio Prietorekin kointziditu zuen. 1920ko PSOEko Ezohiko Kongresuan Eibarko Talde Sozialista ordezkatu zuen. 1921ean Bilbora itzuli zen, UGTren Langile Elkarteen Federazioaren bulego juridikoaren zuzendari izateko. Gero epaitegi-prokuradore aritu zen, Industria Epaimahaiaren aurrean Bizkaiko langileen kasuak eramanez. UGTko eta Bilboko Talde Sozialistaren kidea, 1923ko probintzia-hauteskundeetan aurkeztu zen. 1931eko apirilaren 12ko hauteskundeetan Bilboko Udaleko zinegotzi hautatu zuten, eta alkateorde eta Hezkuntza Komisioko buru izan zen.[3]

1930eko hamarkadan Eusko Ikaskuntzak bultzatutako Lizarrako estatutuan, Urrejola Hego Euskal Herriko Federazio Sozialistak haren alde eginiko ponentziako kideetako bat izan zen.[4] 1934ean, euskal udalen auzi munizipalistaren kontura kartzelaratua izan zen. 1936ko Gerra Zibilean Epaitegi Mixtoen arduraduna izan zen (Lan Delegazioa).

Gerra ostean Frantziara erbesteratu zen, Troyes-en (Aube) kokatu zelarik. Han UGT eta PSOE-ren ordezkaritzen eraketan parte hartu zuen. 1947an, Aubeko ordezkaria izan zen PSOE-ren erbesteko Ordezkarien Asanbladan. Emaztearen gaixotasun bat zela eta, familia Euskal Herrira itzuli zen: lehenik Baionara, eta 1948an Eibarrera. Emaztea hil zenean Urrejola Bilbora itzuli zen, epaitegi-prokuradore bezala lan eginez, eta PSOE-ren "barneko" egitura klandestinoan arituz ("kanpokoarekin" koordinaturik jarduten zuena).[5] 1958ko abuztuan Toulousen PSOEren VII Erbesteko Kongresuan parte hartu zuen, barne ordezkari modura; handik itzuli eta aste gutxira hil zen Bilbon.[6]

Aitortzak aldatu

2021. urtean, Espainiako II. Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrenean, Euskal Herriko Talde Errepublikanoak 1931ean hautatutako Bilboko udal korporazioaren aitortza eta omenaldia proposatu zuen, Eulogio Urrejolarena barne.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. «Urrejola, Eulogio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
  2. 1879-1915., Meabe, Tomás,. (1963). Apuntes de un moribundo.. Impresiones Modernas PMC 1304108. (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
  3. Nomenclator del Excmo. Ayuntamiento de la Villa de Bilbao. http://www.bilbao.eus/.
  4. Muru, Víctor Manuel Arbeloa. (2015). Navarra y los estatutos de autonomía (1931-1932). (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
  5. «DNSD-PRESIDENCIA,84,90 - Informe de antecedentes político-sociales de Eulogio Urréjola Ortiz de Guinea.» PARES (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
  6. (Gaztelaniaz) «Urréjola Ortiz de Guinea, Eulogio» Fundación Pablo Iglesias (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
  7. (Gaztelaniaz) bizkaikoerrepublikazaleenateneoa. (2021-03-07). «Moción 90 aniversario de la República» ERREPUBLIKA PLAZA (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).