Eulalia Guzmán Barrón

maistra ta arkeologo mexikarra

Eulalia Guzmán Barrón (San Pedro Piedra Gorda, Cuauhtémoc, Zacatecas, Mexiko, 1890eko otsailaren 12a - Mexiko Hiria, Mexiko, 1985eko urtarrilaren 1a) maistra eta arkeologo mexikarra izan zen.[1][2] Emakumeen hezkuntza bultzatzeko erabili zuen bere lan-jardueraren zati bat, bereziki emakume langileena eta gizarte-klase pobreenena.[3][4][5]

Eulalia Guzmán Barrón

Bizitza
JaiotzaSan Pedro Piedra Gorda (en) Itzuli1890eko otsailaren 12a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMexiko Hiria1985eko urtarrilaren 1a (94 urte)
Hezkuntza
HeziketaMexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa
Jarduerak
Jarduerakarkeologoa eta maisu/maistra

Biografia aldatu

Eulalia Guzmán Barrón San Pedro Piedra Gorda herrian jaio zen 1890eko otsailaren 12an. 1898an, familia Mexiko Hirira joan zen, Eulaliaren eta neba-arreben garapen profesionala bultzatzeko. Mexikoko hiriburuan zegoela, 14 urterekin Magisteritzako ikasketak egiten hasi zen, eta 1910ean graduatu egin zen, bertoko Irakasleen Eskola Nazionalean.

Aktibismo politikoa

Bere prestakuntza-urteetan aktibismo politikoari ekin zion. 1906 urtean, Hermila Galindo, Luz Vera eta Laura N. Torresekin "Admiradoras de Juárez" elkartea antolatu zuen, Mexikon emakumeen sufragioaren aldeko jarduerak egiteko. Geroago, Francisco I. Madero berriro ez aukeratzeko kanpainaren alde agertu zen eta Emiliano Zapata mugimenduari laguntzeko jarduerak egin zituen. 1919an, "AMORCeko Anáhuac Taldean" sartu zen, Mexikon sortutako lehen elkarte Rosenkreutz elkarte horretan, eta Jesús Silva Herzog eta Diego Rivera bezalako pertsonaiekin harremanetan jarri zen.[6]

Irakasle ibilbidea

1910 eta 1920 urteen artean, Eulalia Guzmán irakasle-lanetan aritu zen, geografia-irakasle gisa hasi baitzen merkataritza-eskola batean, eta, gero, Andereñoen Eskola Normalean. Etapa horretan, atzerrira egindako bidaia batzuk hasi ziren, batzorde federalaren bidez, eta horrek eragina izan zuen lanbide-heziketan eta adimenean: 1914an, Estatu Batuetan zehar ibili zen metodo pedagogiko berriak aztertzeko, eta, geroago, Baltimoreko Emakumeen Lehen Kongresu Panamerikarrean (1922) eta Genevako Hezkuntza Moralaren eta Historiaren Irakaskuntzaren Bigarren Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen. Itzultzean, Alfabetatze Saileko burutzan sartu zen José Vasconcelosen garaian Hezkuntza Publikoko Idazkaritzan, eta, Alexander von Humboldt Fundazioko bekadun gisa, Berlin eta Jena zeharkatu zituen, eta han espezialitate-ikasketak egin zituen hezkuntza-zientzietan.[6]

Mexikora itzulita, administrazio publikoan lanpostu ezberdinak betetzen jarraitu zuen: lehenik, hiriburuko lehen mailako eskoletako ikuskatzaile gisa, gero Lehen Hezkuntzako eta Irakaskuntza Arrunteko Departamentuko buru gisa eta Irakasleen Eskola Nazionaleko katedradun gisa. 1920ko hamarkadaren amaieran, graduondoko ikasle gisa sartu zen Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko Filosofia eta Letren Fakultatean, eta han beste ikasle batzuekin antolatu zuen, besteak beste, Rosario Castellanos eta Amalia Castillo Ledón, Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioak aintzatetsitako taldea. Azkenik, 1932an filosofiako maisutza lortu zuen, Mexikoko arte zaharraren funtsezko Izaerak izenburua zuen tesi batekin.[6]

Arkeologia aldatu

Eulalia Guzmanek arkeologiarekin eta antropologiarekin lehen kontaktuak, 1913an Franz Boasek Mexikoko Museo Nazionalean emandako ikastaro batean izan zituen.1930ean Mexikora itzuli eta gero, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM) ibili ondoren, erabat garatzen hasi zen eremu horretan. Unibertsitateko esperientzia oso emankorra izan zen: alde batetik, tesia Mexikoko Unibertsitateko Aldizkarian argitaratu zen; bestetik, Alfonso Caso arkeologoarekin adiskidetasun estua izan zuen, eta hark Oaxacako Monte Albán gunean egiten zituen azterketetan laguntzaile gisa parte hartzera gonbidatu zuen. Handik urte gutxira, 1934an, Mexikoko Museo Nazionaleko Arkeologia Saileko buru izendatu zuten, eta hurrengo urteetan Mixteka Garaia, Chiapas eta Chacaltzingoko (Morelos) gunea arakatu zituen. 1930eko hamarkadaren amaieran, Atlantikoa berriro gurutzatu zuen, Mexikoko historiaurreko eta kolonialeko dokumentuak eta informazioak bilatzeko asmoarekin, Europako hainbat artxibotan.[6]

Cuauhtémoc-en gorpuzkiak aldatu

1949an jakinarazi zen Guerreroko Ixcateopan herrian, Cuauhtémoc enperadorearen hezurrak aurkitu zirela.[7] 1949an, Eulalia Guzmán izan zen indusketa-lanen buru, INAHeko zuzendari Ignacio Marquina arkitektoaren jarraibideekin, eta ondorioztatu zuen Jasokundeko Ama Birjinaren elizaren azpian aurkitutako gorpuzkiak Cuauhtémocenak zirela.[8] Argazkien bidez teknika egokiekin egin ez zela nabaritu ondoren, INAHek batzorde bat izendatu zuen emaitzak berrikusteko, eta zalantzan jarri zuen gorpuzkiak benetakoak ziren. Hezkuntza Publikoko Idazkaritzak "irekita" utzi zuen ikerketa, ez baitzuen elementu nabarmenik aurkitu datuen egiazkotasuna adierazteko.[9]

Aintzatespenak aldatu

  • 1922 urtean José Vasconcelos Hezkuntza arduradunak, lehen Alfabetatze Saileko buru izendatu zuen, zuzendaritza eramanez 1923tik 1924ra bitartean.

Liburuak aldatu

  • Guzmán, Eulalia (1923). La escuela nueva o de la acción. México: Secretaría de Educación Pública. 
  • Guzmán, Eulalia (1941). Lo que vi y oí. México: Tipografía SAG. 
  • Guzmán, Eulalia (1958). Moctezuma Xocoyotzin. Memorias de fray Bartolomé de las Casas (1475-1566). México: Ediciones del Movimiento de Liberación Nacional. 
  • Guzmán, Eulalia (1958). Relaciones de Hernán Cortés a Carlos V sobre la invasión de Anáhuac. México: Libros Anáhuac. 
  • Guzmán, Eulalia (1964). Manuscritos sobre México en archivos de Italia. Colección de Materiales para la Historiografía de México (1). México: Sociedad Mexicana de Geografía y Estadística. 
  • Guzmán, Eulalia (1989). Una visión crítica de la historia de la Conquista de México-Tenochtitlan. Etnología. Serie Antropológica (97). México: Instituto de Investigaciones Antropológicas, Universidad Nacional Autónoma de México. 

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu