Eskoriatzako Alde Zaharra

Eskoriatzako Alde Zaharra izeneko multzo historiko kultura ondasuntzat izendatuta dago, Debagoienako hirugarrena dena Bergara eta Oñatikoekin batera.

Herria historikoki errege-bide zaharraren ertzean zegoen, eta gaur egunera iritsi dira XVI eta XVII. mendeetako aztarnak. Berrogei etxe baino gehiago sail estuetan antolatuta, elementu ikusgarriak dituen ibilbide berezia da. Eraikin gehienek, oro har, ez dute berez balio handirik, baina guztien multzoak itxura berezia dauka, bai eraikinen tipologiagatik, bai beren espazio-formagatik.

Bi kale ditu, Aranburuzabala eta Arana, eta horiek ertzetan dituzten eraikin esanguratsuek ibilbide pintoresko bat osatzen dute. Bi kaleen elkarguneak zeharbide ireki bat osatzen du, arkitektura bereziko adierazgarriz josia.

Monumentu-multzoak herri-arkitektura du adierazgarri: zurrezko egituradun etxeak, harlanduzko kanpo-paramentudunak eta morteroz entokatuak. Harearriz landutako kanpo-paramentuak ere badaude baina gutxiago, beheko solairuetan, ertzetan eta inguratuetan batez ere. Esanguratsuak dira harlanduzko erdi-puntuko arkuak, gainaldean armarriak dituztela. Hauek beheko solairu batzuetan daude, han-hemenka, Aranburuzabala kalean hiru eta Arana kalean beste hiru. Horietako batzuk narriatuta daude, eta beste batzuek apaingarri aberatsak dituzte. Hutsune gehienak baoburudunak dira: batzuk harrizko inguratuen angeluetan belarriak dituzte; beste askok, berriz, entokatu bidez eginiko irtenuneak inguruan. Orokorrean, honako tipologia da nagusi: atariperik gabeko beheko solairua eta beste bi solairu, fatxada laua hegalkin txikidun balkoiekin, hauetako batzuk hartxabalezkoak direla. Eraikuntza heterogeneoa da eta hormigoiz eginiko luzapen eta eraberritzeak ere ikus daitezke. Sailetan banatuta egoteak multzo lineal baten itxura uniformea izatea eragozten du. Osotasunean, herri-arkitekturak garrantzi handiagoa du arkitektura jasoak baino; ez da oso uniformea, eta gutxiago agertu arren, oso kalitate onekoa da.

Eraikinak bi zati dituen ardatz baten inguruan kokaturik daude, hasierako, erdiko eta amaierako puntu esanguratsuekin.

Otadui eta inguruan aldatu

Otadui etxea edo Arrosario Santuko ospitalea monumentu barroko-klasizista da, XVII. mende hasierakoa, erlijio- eta zerbitzu- arkitektura zibilaren tipologia duena. Bere presentzia ederraz ibilbidearen hasiera adierazten du, hego-mendebaldeko muturretik, Leintz-Gatzagatik.

Aranburuzabala kalea Otadui etxetik behera jaisten da Deba ibaia zeharkatzen duen zubiraino. Etxebizitza-ilara batez osaturik dago, batzuk XVI. mendekoak, lursail estuetan eraikiak. Herri-arkitektura da, harlanduzko eta harrizko fatxada entokatuak dituzten etxez osatua, hutsuneak gehienetan baoburudunak direla; halere, erdi-puntuko arkuak ere badira eraikin batzuen sarreretan. Estilo gotiko-pizkundetarra du, zenbait eraikin neoklasiko ere baditu, eta altuera nagusia beheko solairua eta beste bi solairu dituena da. Nabarmenak dira Aranburuzabala kaleko 4, 9 eta 13.eko etxeak, XVI. mendeko elementu eta arku eta guzti; baita 18. zenbakiduna ere, XVIII eta XIX. mendekoa.

San Pedro eta Gaztainadui aldatu

Aranburuzabala eta Arana kalea elkartzen diren tokia inflexio-puntu bat da kale horien ibilbidean eta espazioaren ikuskeran. Espazioa zabaldu egiten da, Deba ibaia zabaltzearen ondorioz, eta batez ere, eraikin nagusiak bigarren mailara pasatu direlako, lerrokadurak aldatuta eta eraikitzeko gune berriak sortuta. Leku horretan daude honakoak: San Pedro eliza, XVIII. mendeko eraikin barrokoa, Aranburuzabala kalera ematen duen fatxada nagusian arkupe bat duena.

Horren aurrean, Gaztainadui jauregia, XVII. mendeko egoitza barroko garrantzitsua. Eremu hori da ibilbideko punturik beherena. Gune garrantzitsua da, Aranburuzabala kalearen bistarako errematea baita. Eraikuntza berrien presentziak eta inguruan dagoen orube hutsak hirigune historikoa itxuraldatzen dute.

Jose Aranaren etxea eta Kuriarena aldatu

Arana kalea zubitik hasi eta udaletxeko plazaraino igotzen da pixkanaka. Kale gisa bereiztea ez da erraza, izan ere, San Juan kalearen -zubitik gertu dagoena- eta udaletxeko plazaren artean orube huts bat baitago. Horrek zera dakar, Arana kalearen alde batean muga zehatzik ez egotea. Kalearen bestaldea etxebizitza-ilara batez osaturik dago, horiek mende askotakoak dira eta lursail estuetan eraikita daude. Etxebizitza-arkitektura da, osagai landuak dituena, gehienak barrokoak eta herrikoiak, harlanduzko eta harrizko fatxada entokatuak dituzten zurezko etxez osatua. Hutsuneak gehienetan baoburudunak dira; halere, erdi-puntuko arkuak ere ikus daitezke eraikin batzuen sarreretan. Estilo erabat anitza dauka, XVII eta XVIII. mendeetako eraikinekin. Gehienek beheko solairua eta beste bi solairu dituzte. Honakoak nabarmentzen dira: Jose Aranaren etxea, XVI. mendeko arku eta osagaiak dituena, eta Kuriaren etxe barrokoa, XVIII. mendekoa, eta Arana kaleko 14koa, XVII. mendekoa.

Enparantza aldatu

Fernando Eskoriatza plaza Arana kalearen amaierara zabaltzen da. Plazan XIX. mendeko eraikin neoklasiko bat da nagusi: udaletxea. Plazaren aurrean, Arana kalean, etxebizitza neoklasikoak daude. Udaletxeari begira jarriz, ezkerraldean, Zalbidegoitia jauregia dago, XVIII. mendeko etxebizitza barrokoa. Jauregia plazan ez da asko nabarmentzen, baina atzealdean arkuteria azpimarragarria dauka. Plaza beheko solairu eta bi garaieradun etxebizitzek eta Hidalga kaleko 4. ko duen eraikinak osatzen dute. Azken horrek harlanduzko fatxada dauka. Zalbidegoitia jauregiaren atzealdea eta Gaztainadui kalearen hasiera dira bide-ardatzaren amaiera; bide-ardatz hori eraikuntza bereziek, etxebizitzek eta hiri-espazioek osatzen dute, errege-bide zaharraren inguruan.

Beste leku batzuk aldatu

Irudi galeria aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu