Esfenoide hezur
Esfenoide hezurra garezur oinaldearen erdigunean kokatzen den hezur pneumatiko bakoitia da aurretik begiratuta saguzar itxura duena. Bekoki-hezurraren eta loki hezurraren artean falka baten moduan kokatzen da. Hezurraren aurrean etmoide hezurra kokatzen da eta atzean garondo hezurraren clivusa. Erdian gorputza du eta beherantz proiektatzen diren pterigoide izeneko bi irtengune ditu. Gainera, gorputzetik bi alboetarantz hegal nagusia eta hegal txikia kokatzen dira. [1] Esfenoide antzinako grezierazko sphenoeides, "ziri moduko", hitzetik dator. [2]
Esfenoide hezur | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | Burezurra Neurokranioa |
Konponenteak | body of sphenoid bone (en) lesser wing of sphenoid bone (en) greater wing of sphenoid bone (en) pterygoid processes of the sphenoid (en) pterygoid notch (en) pterygoid fossa (en) scaphoid fossa (en) vaginal process of sphenoid (en) pterygoid hamulus (en) pterygoid canal (en) pterygospinous process (en) |
Artikulazioa | Loki-hezurra Kopeta-hezurra Hezur parietala Masaila Garondo-hezurra bomerra Etmoide hezurra ahosabai-hezurra |
Identifikadoreak | |
Latinez | os sphenoidale |
MeSH | A02.835.232.781.802 |
TA | A02.1.05.001 |
FMA | 52736 |
Terminologia anatomikoa |
Gorputza
aldatuGarezur barnetik
aldatuGoialdean hipofisia babesteko hobi bat du eta hobi hori mugatzen bi klinoide irtengune daude aurrealdean eta beste bi atzean. Klinoide irtenguneek eta erdiko hobiak zela turkiar deritzon egitura osatzen dute. Era berean, gorputzak bere barne hartzen du esfenoide-sinua.
Atzeko klinoide irtenguneen atzeko atala garondo hezurrarekin giltzatzen da, clivusa osatuz. Zela turkiarren aurreko mugan, hots, kiasma aurreko ildoaren behealdean, jarlekuaren tuberkulua dago. Kasu batzuetan tuberkuluaren bi alboetara erdiko klinoide-irtenguneak deritzen irtengune txikiak egon daitezke.
Gorputzaren aurreko aurpegian esfenoide-gangarra dago zeina etmoide hezurraren xafla zutarekin giltzatzen den. Gangarraren bi aldeetara zulo bana dago, esfenoide-sinuaren irteera guneak direnak.
Garezur kanpotik
aldatuEsfenoide gangarraren beheko luzapenari rostrum deritzo eta bomer hezurrarekin giltzatzen da. Gorputzaren behealdetik pterigoide-irtenguneak ateratzen dira, bere bi xaflekin. Esfenoide gorputzaren behealde honek, sudur barrunbearen sabaiaren, hots, atal horizontalaren eraketan parte hartuko du.
Bestalde, gorputzaren albo goi-aurrealdetik hegal txikiak ateratzen dira eta apur bat atzerago, hegal nagusiak. Hegal nagusi eta txikien artean goiko betzulo-arteka dago, arteka honetatik hainbat egitura igarotzen dira. Horrez gain, gorputza albotik karotida-ildoak mugatzen du.
Hegalak
aldatuHegal nagusiak
aldatuGorputzaren alboetatik sortzen dira eta garezur barruko aurpegi bat (garun aurpegia) eta garezur kanpoko beste bat ditu. Atzealdean esfenoide arantza deritzon irtengune bat dute. Garezur barneko aurpegiak erdiko hobiaren osaketan parte hartzen du eta zenbait pasabide ditu:
- Arantza-zuloa. Arantzaren puntan, bertan.
- Arrautza itxurako zuloa. Arantza zuloaren aurre erdialdean.
- Zulo biribila. Hegal nagusien aurre erdialdean.
Hegal nagusiak hainbat hezurrekin giltzatuko dira ere:
- Bekoki hezurra
- Pareta hezurra
- Loki-hezurraren ezkata itxurako zatia
- Masailalbo hezurra (Os zygomaticum)
Hegal txikiak
aldatuHegal txikien goiko aurpegiak garezur barnekoa denak, garezurraren aurreko hobiaren atzeko muga osatzen du eta bi aldeetako hegal txikiek bat egiten duten eremuari esfenoide-uztarria deritzo.
Bekoki-hezurrarekin, zehazki horren atala den betzulo xafla horizontalarekin giltzatzen da esfenoide-bekokietako josturaren bitartez eta etmoide hezurrarekin esfenoide- etmoideetako josturaren bitartez.
Hegal txikien erdialdetik aurreko klinoide irtenguneak ateratzen dira atzerantz eta horien artean kiasma aurreko ildoa dago. Era berean, ildoaren bi alboetara ikusmen kanalaren sarbideak daude eta bertatik ikusmen nerbioa igarotzen da betzulora. Hegal txikien behealdeak garezur kanpoko atala denak, betzuloaren osaketan parte hartzen du.
Pterigoide irtenguneak
aldatuEsfenoide hezurraren gorputzaren beheko aurpegitik ateratzen dira, beraz garezurretik kanpoko ikuspegian ikus ditzakegu.
Bere sustraian pterigoide kanala dago pterigoide-ahosabaietako hobiraino heltzen dena. Pterigoide irtengunea bi xafla erdi paralelotan banatzen da. Aurrealdetik bi xaflak lotuta daude eta atzealdetik banatuta pterigoide-hobia osatzen delarik. Behealdetik xaflak ez daude lotuta eta pterigoide-muxarradura osatzen dute.
Erdialdeko xafla
aldatuXaflaren behealdea edo muturra gako batean bukatzen da, pterigoide-gakoan. Erdialdeko xafla gorputzetik sortzen den gunean, bertan, beste irtengune bat dago vaginalis irtengunea deritzona.
Alboko xafla
aldatuHonen alboko ertzaren erdigunean beste irtengune bat dago, pterigoespinosus irtengunea.
Mugak
aldatuEsfenoide hezurrak, garezurrean duen kokapenagatik bertan aurkitzen diren hobien mugak ezartzen ditu. Hiru hobitan banatzen da:
- Aurreko hobia: bekoki-lobuluaren kokalekua. Bekoki, etmoide eta esfenoide hezurrek osatzen dute. Sudur hobien eta betzuloen goialdean kokatzen da. Bere atzeko muga esfenoidearen hegal-txikiek eta esfenoide-uztarriak osatzen dute.
- Erdiko hobia: loki-lobuluaren kokalekua. Esfenoide hezurrak eta loki-hezurrek osatzen dute. Bere aurreko muga esfenoidearen hegal-txikien atzeko ertza eta esfenoidearen uztarriak osatzen dute. Atzeko muga, ostera, harri itxurako hezurraren goiko ertza da.
- Atzeko hobia: garuntxoa eta garondo lobuluaren kokalekua. Garondo-hezurrak, loki-hezurrek eta esfenoide gorputzaren zati txiki batek osatuko dute. Bere aurreko muga harri itxurako hezurraren goiko ertza da.
Erlazioak
aldatuEsfenoide hezurrak dituen zulo eta irekiguneek, garezurraren barne zein kanpo eremuarekin komunikazioa mantentzea ahalbideratzen dute.
Sinu esfenoidalaren irekiguneak
aldatuAlde batetik, gorputzaren baitan dagoen sinu esfenoidalak bere irekiguneak ditu esfenoide hezurraren aurreko aurpegian (esfenoide gangarraren albo banatan). Irekigune hauek, sudur barrunbean irekitzen dira eta sinuaren drainaketan parte hartzen dute.
Ikusmen kanala
aldatuTurkiar jarlekuaren albo banatan ikusmen kanala aurkitzen da. Kanal honek, garezurraren erdiko hobia eta betzuloa komunikatzen ditu. Bere baitan nerbio optikoa eta begi arteria bideratzen dira betzuloranzko bidean.
Zulo biribil nagusia
aldatuEsfenoidearen hegal nagusiak kokatzen da, zulo arrauzkararen aurre erdialdean. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira:
- Trigemino nerbioaren V2 adarra edo masail nerbioa betzulorantz igaroko da.
Zulo arrauzkara
aldatuEsfenoidearen hegal nagusiak kokatzen da arantza zuloaren aurre erdialdean. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira:
- Trigemino nerbioaren V3 adarra edo barail nerbioa.
- Pterigoide-meningeetako arteria
- Zulo arrauzkararen zain plexua
Arantza zuloa
aldatuEsfenoidearen atzeko ertzean dagoen arantzan kokatzen da. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira:
- Erdiko meninge arteria
- Baraila nerbioaren edo V3 nerbioaren adar meningeoa
Pterigoide kanala
aldatuPterigoide irtenguneen oinaldean kokatzen da eta pterigoide-ahosabaietako hobia garezurrez kanpoko oinaldearekin komunikatzen du. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira:
- Harri nerbio nagusia: Aurpegi nerbioaren atal parasinpatikoa da.
- Sakoneko harri nerbioa: adar sinpatikoa
- Pterigoide kanalaren arteria eta zaina.
Goiko betzulo arteka
aldatuEsfenoidearen hegal nagusi eta txikiaren artean kokatzen da eta garezurraren erdiko hobia betzuloarekin komunikatzen du. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira betzulorantz:
- Goiko begi zaina
- Trigemino nerbioaren V1 adarra edo ikusmen nerbioa bere 3 adarrekin: malko nerbioa, bekoki nerbioa eta sudur- zilioetako nerbioa.
- Nerbio aldentzailea edo abducens (VI. gara nerbioa)
- Begi- nerbio eragilea (III. gara nerbioa)
- Troklea nerbioa (IV. gara nerbioa)
Beheko betzulo arteka
aldatuEsfenoidearen hegal nagusiaren eta masailezurraren artean kokatzen da eta pterigoide-ahosabaietako hobia betzuloarekin komunikatzen du. Bertatik ondorengo egiturak igaroko dira betzulorantz:
- Beheko begi zaina
- Betzulo azpiko arteria: kanpoko karotida arteriaren adarra
Patologia
aldatuEsfenoidearen hegal nagusiko agenesia exoftalmia kausa ezohikoa da. Ezaugarri hori 1 motako neurofibromatosiaren (NF1) adierazle bereizgarria da, baina badaude munduan bestelako patologien ondorio bezala gaitza pairatzen ez duten 3 kasu [20].
Diagnostikorako ordenagailu bidezko tomografia orbitarioa eta garuneko erresonantzia magnetikoa (RM) egiten dira. Horietan, esfenoidearen hegal nagusiaren gabezia ikusten da eta begi-globoa kanporantz mugituta dagoela.
Sinusitis esfenoidala mikroorganismo batek eragindako esfenoide sinuaren infekzioa da. Oso gutxitan gertatzen den eta oso arriskutsua izan daitekeen patologia da, populazio orokorrean %2’5ko prebalentzia duena. Orain arte eman diren kasu gehienak nerabezaro aurreko haurretan eta nerabeetan izan dira; 14 urtetik aurrera, sinu esfenoidalak erabat garatuta baitaude.
Beraz, adin horretatik aurrera, zefalea eta sukarra sortzeko arrazoi gisa planteatzen da. Klinikoki oso zaila da diagnostikoa egitea, datu klinikoak ez baitira espezifikoak, baina garezurreko tomografia axial konputarizatu (TAC) bidezko azterketak diagnostikoa berresten du.
Kasu gehienak antibiotikoekin tratatzen dira, eta pazienteak erabat berreskuratzen dira.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/9/1 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Schünke, Michael. (cop. 2022). Prometheus : texto y atlas de Anatomía. vol. 3. / Cabeza, cuello y neuroanatomía. (5ª ed., mejorada y ampliada. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana ISBN 978-84-9110-625-8. PMC 1263209625. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «ESFENOIDES» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- ↑ Azkue Barrenetxea, Jon Jatsu. (D.L. 2018). Garezurraren anatomia. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua = Servicio de Publicaciones ISBN 978-84-9082-834-2. PMC 1055601286. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Iglesias Fernández, C.; Vázquez López, M.; Castro de Castro, P.; Garzo Fernández, C.; Ruiz Martín, Y.. (2008-04-01). «Agenesia del ala mayor del esfenoides, una causa excepcional de exoftalmos pulsátil» Anales de Pediatría 68 (4): 403–404. doi: . ISSN 1695-4033. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- ↑ Cinza Sanjurjo, S.; Cabarcos Ortiz de Barrón, A.; Rey Aldana, D.; Lorenzo Zúñiga, V.. (2006-01). «Diagnóstico por tomografía axial computarizada de sinusitis esfenoidal» Anales de Medicina Interna 23 (1): 28–30. ISSN 0212-7199. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).