Errebalgo matxinada

Errebalgo matxinada Kordobako Emirerriko hiriburuko Secunda errebalean gertatu zen, 818ko udaberrian, ramadan hilabetean hain zuzen ere. Al-Hakam I.a emirraren agintaldian gertatu zen eta matxinoek omeiatarrak Kordobatik kanporatu nahi zituzten, baina porrot egin eta emirrak gogor zapaldu zuen.[1][2][3]

Errebalgo matxinada
Irudia
Motamatxinada
Data818
HerrialdeaKordobako emirerria

AurrekariakAldatu

711n Toledoko Erresuma Bisigodoa konkistatzean, konkistatzaile musulmanek Kordoba islamera bihurtu zuten. Hiria bere hiriburu berri bilakatu zuten eta, honi esker, bere biztanleria handitu zen. Laster, hiriak erromatar garaiko harresitutako barrutia gainditu zuen. Hala, zenbait errebal hazi ziren, horien artean, Guadalquivir ibaiaren beste aldean, meskita eta alkazarraren aurrean, artisau eta merkatarien bizitokia zen Secunda nabarmendu zen.[4]

796an, Al-Hakam I.ak Kordobako Emirerri independentearen buruzagitzan Hixam I.a bere aitaren oinordeko bilakatu zen. Iturri batzuek, Al-Hakam I.a odolezko despota bat bezala irudikatzen dute: bere gobernuaren aurkako konspirazio batean inplikatutako guztiak gurutziltzatzea agindu zuen; Mérida eta Toledo bezalako hiri batzuetan omeiatar agintaritzaren aurkako matxinadak eragin zituen zergen igoera agindu zuen. Hiriburuan bertan bere kontrako adierazpenak ere izan ziren, zerga-ordainarazpenen gorakadak ez ezik, haren jokabideak ere eragin zituenak. Fedegabetasuna eta ardoaz otoitzaz baino kezkatuago egotea leporatzen zioten. Izan ere, istilu batzuk izan ziren, non hiriko prefeta hiltzear egon zen eta agitatzailetako bat buruz behera gurutziltzatu zuten.[5]

MatxinadaAldatu

Matxinadaren casus belli emirraren guardia baten eta artisau baten arteko liskar bat izan zen. Matxinatuak hiria eta errebala lotzen zituen Guadalquivir ibaiaren gaineko zubira joan ziren, alkazarra hartzeko asmoz. Zubia zeharkatzea lortu eta Zubiko Atean bildurik harresia eraso zuten. Emirraren soldaduak atea defendatzera joan ziren, baina laster hiriaren barrualdeko jendea eta matxinadarekin bat egin zuten beste errebalekoak iritsi zirenean atzera egin behar izan zuten. Emirraren zerbitzura zegoen kadi baten trikimailu trebe batek bakarrik egoera lasaitu zuen. Zaldizko talde bat hiriko beste ate batetik irten eta Secunda errebalera joan zen ibaian gora. Zaldizkoek topatu zuten guztiak hil zituzten, eta errebaletik zubira joan, zeharkatu eta atzeguardiatik matxinatuak harrapatu zituzten. Hauek, maniobraz konturatu zirenean, setioa utzi eta Secundara itzuli ziren. Egun batzuez, emirraren tropak arpilaketan eta matxinoak atxilotzen aritu ziren, Al-Hakam I.ak tregoa eman zuen arte. Eduardo Manzano Moreno historialariak adierazi duenez, «emirrak bazekien arrisku larria zuela. Idatzi zuen garaipen-agirian gogor egin zuen matxinatuen aurka, euren legezko autoritatearen aurka matxinatzen ausartu ziren ustel, zital eta esklabotzat joz».[6]

OndorioakAldatu

Al-Hakam I.ak agindutako errepresioa gogorra izan zen: errebala guztiz suntsitu zuten eta bertan berriro etxebizitzak eraikitzea debekatu zuen. Hil ez ziren edo preso hartu ez zituzten Secundako biztanleak Kordobatik alde egitera behartu zituzten. Batzuk Toledora joan ziren, beste batzuk Magrebera emigratu ziren, gehienak orduan sorberria zen Fez hirian auzo batean finkatuz.[7]

«Errebalgo matxinadaren emaitza erabateko garaipena izan zen Al-Hakamentzat. Emirrak zerga berriak ezarri zizkien hiriburuko eta probintzietako (kora) jendeari».[8]

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «La Revuelta del Arrabal» Artehistoria.com (Junta de Castilla y León).
  2. (Gaztelaniaz) «La Revuelta del Arrabal» Cronologiahistorica.com.
  3. Vallvé Bermejo 2003, 10 orr. .
  4. Manzano Moreno 2018, 144-145 orr. ”Secunda era un barrio de calles diáfanas, que desembocaban en plazas dotadas de pozos de agua y cuyos habitantes utilizaron los cantos rodados que arrastraba el río para construir de sus casas”
  5. Manzano Moreno 2018, 145 orr. .
  6. Manzano Moreno 2018, 145-146 orr. .
  7. Manzano Moreno 2018, 146-147 orr. .
  8. Manzano Moreno 2018, 147 orr. .

BibliografiaAldatu

  • Manzano Moreno, Eduardo. (2018). Épocas medievales. Vol. 2 de la Historia de España, dirigida por Josep Fontana y Ramón Villares. (2. argitaraldia) Bartzelona-Madril: Crítica/Marcial Pons ISBN 978-84-9892-808-2..
  • Vallvé Bermejo, Joaquín. (2003). Abderramán III: califa de España y Occidente. Bartzelona: Ariel ISBN 84-344-6682-1..

Kanpo estekakAldatu