Enbriologia

Enbriogenesia aztertzen duen biologiaren atala

Enbriologia enbrioiaren sorrera, eraketa eta hazkundea aztertzen dituen zientzia da. Enbriologiak animalien nahiz landareen obozelularen sorrera eta hazkundea aztertzen du, eratzen denetik izaki heldua erabat osatzen den arte.

Giza enbriogenesia

Biologia

aldatu

Izadiaren mirari ikusgarrienetako bat zelula soil batetik organismo konplexu bat sortzea da. Organismo hori, baina, ez da bat-batean sortzen. Denbora bitarte luzean gertatzen den aldaketa sail gero eta konplexuago baten ondorio da. Aldaketa saila organismo gazte-gazte batean gertatzen da: enbrioian, alegia. Enbrioiaren sorrera, eraketa eta hazkundearen azterketa biologiaren adar bat da, enbriologia deitua. Enbrioiaren garapenaren aldiak aztertzen dituen adarra, berriz, enbriogenesia da. Enbriogenesian zelulak behar beste aldiz zatitzen dira gorputzeko ehunak eta organoak eratu arte. Gizakia bera, adibidez, orratz zulo batean sartzen den zelula soil bat da hasieran. Jaiotzean, baina, bederatzi bat hilabete hartzen dituen garapen aldiaren ondoren, giza gorputzak 200 bat bilioi zelula ditu, bi bilioi aldiz handiagoa da eta bizitzeko behar diren atal guztiak ditu.

Enbrioiaren jatorria

aldatu

Zelula anitzeko organismo guztien jatorria obulu zelulabakarra edo arrautza da. Animalien munduan ehunka arrautza mota desberdin daude. Batzuek azala dute; beste batzuek ez. Batzuk handiak dira; beste batzuk txikiak. Produzitzen den arrautza kopuruan ere alde handiak daude animalia mota batzuetatik besteetara. Bakailaoak, esate baterako, sei milioi arrautza ere errun ditzake ugalketa aroan. Baleak, berriz, arrautza bakarra produzitzen du bi urtez behin. Neurriari dagokionez, arrautzak oso txikiak izan ohi dira, oro har. Gizakiarenak, esate baterako, 0,14 mm-ko diametroa du gutxi gorabehera, eta igel arrautzek 2,5 mm. Badira, hala ere, horien aldean arrautza handiak sortzen dituzten animaliak. Ostrukaren arrautzek, adibidez, 7,5 cm-ko diametroa hartzen dute. Arrautza handiek gorringo handia dute, elikagai biltegi handia alegia. Oskolak ingurune gogorretan bizitzeko aukera ematen dio. Gorringoa handiago edo txikiago eta era bateko edo besteko babesgarria izatea enbrioiaren elikadura premien eta ingurunearen arabera izaten da. Hegazti baten enbrioia, esaterako, oskolaren barruan garatzen da, eta gorringo ugariz elikatzen da. Igel arrautza uretan garatzen da, eta gorringo gutxi du, enbrioia txalburu bihurtu arte elikatzeko adina. Ugaztunen arrautzak ez du gorringorik; enbrioia guraso emearen barruan garatzen da eta harengandik hartzen du behar duen janari guztia. Gizakiaren arrautza zelulak emearen obulutegian, folikuluetan, sortzen eta heltzen dira. Hilean behin, folikulu horietako bat zabaltzen da eta hausten. Arrautza obiduktura erortzen da eta umetokirainoko bidea egiten hasten da. Esperma zelula batek arrautza ernaltzen badu, enbrioia umetokian garatzen hasten da. Ernaldu gabe geratzen bada, aldiz, desegin egiten da.

Ernalketa eta arrautzaren zatiketa

aldatu

Espermatozoidea (esperma zelula) obulua inguratzen duen geruzan zehar sartzean gertatzen de ernalketa. Hori gertatuz gero, gainerako espermatozoideek ez dute inolako eraginik ernaldutako arrautza edo zigotoan. Topo egin aurretik, arrautza eta esperma zatitzen hasten dira (meiosia) eta zelula bakoitza izaki horren motari dagokion kromosoma kopuruaren erdiarekin geratzen da. Ernalketa gertatu orduko, arrautzak eta esperma nukleoak bat egiten dute zigoto bat eratzeko, dagokion kromosoma kopuru egokiarekin. Aldi berean ondoz ondoko zelula zatiketa (mitosia) hasten da. Zatiketaren ondorioz, zigotoa baino zelula txikiago asko sortzen da. Zatitzeko erak desberdinak dira, gorringo kopuruarengatik eta banaketarengatik, neurri batean. Narrasti eta hegaztietan, adibidez, gorringo ugari dutenez arrautzan, zatiketak zelula geruza bat eratzen du gorringoaren gainean. Anfibio eta ugaztunetan, gorringo gutxiago baitute, zatiketak bola huts bat eratzen du, blastula izenekoa.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu